Medina, adibidez
Medina adibidez –
Asteburua luzea eta bakartia izaten baita, maratoi bat egin dut eta telesail bat, osorik, irentsi. Maratoi ttikia izan da, halere, kirolari txarra naiz eta. Espainia aldeko telesail estreinatu berri bat ikusi dut, bortz atalekoa, Jorge Ponce umoregileak zuzendua: Medina. Istorioa, hauxe: izenburuko Medina, Antonio Medina alegia, urte luzeetan ibili da Madrilgo famatuei ziria sartzen, asmaturiko tragedia bat kontatuz, azkenean dirua eskatzeko.
Telesaila ez zait aunitz gustatu, baina arruntean liluratu nau. Liluratu nau ikusteak berez hamar minutuan konta litekeen anekdota batetik tiraka ordu erdiko bortz atal egin dituztela; zur eta lur utzi nau ulertzeak telesail oso bat eraiki dutela ezerezaren gainean, huts metafisikoaren gainean kasik. Eta, segur aski, lau sosekin egin dutela. Alegia, telesail bat egiteko, euskaraz, adibidez, ez litzatekeela aurrekontu handirik beharko, baizik eta irudimena, gogoa eta erakunde baten babesa.
Agian, lehengaia dugu falta Euskal Herrian. Norbait euskaren aitzakian, adibidez, jendeari diru eskaka ibili izan balitz sikiera, orduan akaso izanen genuke zer kontatua…
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2024ko urriaren 23koa]