Mati Diop, Leos Carax, Arnaud Desplechin, Dea Kulumbegashvili, Elena López Riera, Nelson Carlo de los Santos Arias eta Jane Schoenbrun Zabaltegi-Tabakalera sailean
Zabaltegi-Tabakalera sailean –
Mati Diop, Leos Carax, Arnaud Desplechin, Dea Kulumbegashvili, Elena López Riera, Nelson Carlo de los Santos Arias eta Jane Schoenbrun zinemagileek hartuko dute parte Zabaltegi-Tabakalera sailean
- Donostia Zinemaldiko lehiazko sailen artean irekienak Nino Benashvili, Wu Lang, Yoyo Liu eta Maximiliano Schonfeld zinemagileek zuzendutako lan berrien mundu-estreinaldia hartuko du barne
- Gainerako lan gehienak Cannesen, Berlinen, Locarnon, Rotterdamen, Sundancen, Venezian eta beste zinema-jaialdi batzuetan saritutako edo programatutako film luzeak eta laburrak dira
Mati Diopek Zabaltegi-Tabakalera inauguratuko du bere Dahomey lanarekin, eta Dea Kulumbegashvilik Aprili / April filmarekin emango dio amaiera Donostia Zinemaldiaren 72. edizio honetan hauek (besteak beste) bilduko dituena sailari: Leos Carax, Arnaud Desplechin, Elena López Riera, Nelson Carlo de los Santos Arias eta Jane Schoenbrun. Nazioarteko zinema-jaialdietan (Cannes, Berlin, Locarno, Rotterdam, Sundance, Venezia, etab.) saritutako edo programatutako pelikulez gain, Nino Benashvili, Wu Lang, Yoyo Liu eta Maximiliano Schonfelden lanak emango dira mundu-estreinaldi gisa. Sailean Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazteko hautagai izango diren 23 film daude: hamahiru film luze (horietako bi Ikusmira Berria programako proiektuetatik atera ziren), bi film ertain eta zortzi film labur.
Dahomey, Mati Diopi (Paris, 1982) azken Berlinalen film onenaren Urrezko Hartza eman zion ez-fikzioa, 1892an Frantziako tropa kolonialek espoliatutako Dahomeyren Erresumako 26 altxor Afrikara itzultzeak eragindako eztabaidari buruzkoa da. Zabaltegi-Tabakalerari hasiera emango dion lanarekin, Atlantique / Atlantics (2019) filmarekin sailean parte hartu zuen zuzendariaren itzulera dakar, Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia beretu ondoren.
Amaiera Aprili / April filmak emango dio sailari, Dea Kulumbegashviliren (Georgia, 1986) bigarren film luzeak. Dasatskisi / Beginning georgiarraren lehen filmak (2020) lau sari irabazi zituen Donostian: film onenaren Urrezko Maskorra, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorrak eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria. Kulumbegashvilik ?egonaldi artistikoa egin zuenak 2021ean Tabakaleran, Epaimahai Ofizialeko epaimahaiburu izateaz gain? Veneziako hurrengo Mostran parte hartuko du praxi txarra leporatuko dioten obstetra bat protagonista duen film batekin. Errealizadore georgiarrak bere Captives instalazioan ?2022an Tabakalerako Vive le cinéma! erakusketa barne hartu zuen ikus-entzunezko piezetako batean? inspiratutako irudiak erabili ditu.
Moskutik datorren eta Parisen bizi den Ataka51 kolektiboa Dimitri Gorbaty, Philipp Ivanov, Alex Epikhov eta Sergei Medvedev zuzendariek osatzen dute, eta film laburrak, bideoak eta zuzeneko emanaldiak egiten dituzte. Kolektiboaren azken lana, Gimn chume / Hymn of the Plague, grabazio-estudio sobietar zahar batean igarotzen da, non musikari batzuk Puxkinen Oturuntza izurri-garaian obran oinarritutako konposizio bat grabatzen saiatuko dira. Filmak Zilarrezko Lehoinabarra saria eskuratu zuen Locarnoko jaialdiko film laburren nazioarteko lehiaketan.
Nino Benashvili (Tiflis, 1993) zuzendari eta gidoigile georgiarrak Sadac dro idga / Where Time Stood Still film laburraren mundu-estreinaldiarekin parte hartuko du. Bertan, alargun baten eta haren alabaren bizitza Kaukasoko mendietako herri isolatu batean eten egingo da atzerriko bidaiari bat aterpe bila iristean. Benashviliren aurreko lanak ?Children of Nikozi (2021) film labur dokumentalak?, Bronze Remi saria jaso zuen WorldFest-Houston International Film Festival jaialdian.
C’est pas moi / It’s Not Me film ertainean (Cannes Premiere sailean bildua), Leox Caraxek (Suresnes, 1960) autoerretratu bat egin eta bere ibilbide zinematografiko berezia modu askean aztertzen du. Lau hamarkadatik gorako ibilbidea izan du Caraxek, eta hainbat jaialditan parte hartu eta sariak beretu izan ditu bere lanekin: Boy Meets Girl (1984), Mauvais sang (1986), Les amants du Pont-Neuf (1991), Holy Motors (2012) eta Annette (2021). Bere beste film bat, Pola X (1999), Donostia Zinemaldiak 2009an antolatutako Kontrauhina: Frantziako Zinema Berriena atzerabegirako tematikoaren parte izan zen.
Bi neska gaztek beste neska gazte bat duela gutxi modu misteriotsuan desagertu izanari buruz hitz egiten dute Leela film labur indiarrean. Tanmay Chowdharyk (Kalkuta, 1990) zuzendutako filma Rotterdamgo nazioarteko jaialdiaren aurreko edizioan hautatu zen, eta egileak nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu izan du bere aurreko lanekin (Madhu / Honey, 2022), hala nola New Yorkeko Arte Modernoko Museoko hautaketa batean.
Donostia Zinemaldiko Kontrauhina zikloan programatu zen, halaber, Rois et reine (2004) filma, eta film horrekin parte hartu zuen, hain justu, Arnaud Desplechinek (Roubaix, 1960) Veneziako Mostran. Izan ere, Cannesko lehiaketan ohikoa da Desplechin, besteak beste, La sentinelle (1992), Esther Kahn (2000) eta Frère et soeur (Asuntos familiares, 2022) lanak aurkeztu baititu bertan, eta oraingo honetan, egileak –Quinzaine des Cinéastes atalean egon ondoren, Trois souvenirs de ma jeunesse filmarekin (2015) Perlak sailean egon zenak– Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko digu Spectateurs! / Filmlovers!, zinemaren magiaren ospakizun bat, Cannesko jaialdiaren azken edizioan lehiaz kanpo erakutsia.
Mahdi Fleifel zinemagile palestinar-daniarrak (Dubai, 1979) Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean parte hartu zuen To a Land Unknown, fikziozko bere lehen film luzearekin; pasaporte faltsuak lortu eta Atenastik ihes egiteko plan erradikal bat asmatuko duten bi errefuxiaturi buruzkoa da Fleifelen obra. Egilearen film laburrek Cannesen, Berlinen, Amsterdamgo IDFAn eta beste hainbat jaialditan parte hartu dute, eta bere aurreko lan A World Not Ours (2012) dokumentalak Berlinaleko Panorama sailean parte hartu zuen (Peace Film Saria) Toronton estreinatu ondoren.
Soundtrack to a Coup d’Etat filmean, Johan Grimonprez belgikarrak (Roeselare, 1962) jazzaz eta deskolonizazioaz hitz egiten digu, eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundance jaialdiko dokumentalen nazioarteko sailean, gauzaturiko berrikuntza zinematografikoagatik. Artista multimedia eta zinemagilea, Grimonprezek Double Take (2009), Shadow World (2016) eta beste hainbat film luze eta labur zuzendu ditu.
Kohei Igarashi (Shizuoka, 1983) Zabaltegi-Tabakalerara itzuliko da; ez da japoniarrak Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko duen lehen aldia, Damien Manivelekin batera zuzendutako La nuit où j’ai nagé / Oyogisugita Yoru / The Night I Swam (2017) film luzearekin eta Suigyo no majiwari / Two of Us (2023) film laburrarekin jada izan baitzen, eta film labur hori izango da abiapuntu, hain zuzen ere, aurten Veneziako Giornate degli Autori atalean aurkeztutako Super Happy Forever pelikularako, bi lagun berberak bost urte lehenago horietako bat maitemindu zeneko bainuetxera itzuliko baitira.
Mundu-estreinaldi batekin itzuliko da Wu Lang (Yiyang, 1991) zuzendari txinatarra Zabaltegi-Tabakalera sailera, aurreko edizioan Berlinaleko Encounters sailean estreinatutako film luze batekin ?Xue yun / Absence (2023)? eta Duan pian gu shí / Short Story (2023) film laburrarekin parte hartu ondoren aurreko edizioan. Aurten film labur berri bat aurkeztuko digu, Yao yuan de xia wu / Here Comes the Sun, suziri-base batek arrantzale-herri baten lasaitasuna suntsitzen duenean hasten dena.
Viv Lik (Beijing, 1990) aipamen berezia jaso zuen IDFA Amsterdamgo dokumentalen jaialdiko ikasleen filmen sailean, I Don’t Feel at Home Anywhere Anymore (2020) film laburrarekin, eta aurten Cannesko film laburren lehiaketan parte hartu du meatzaritza-herri urrun batean girotutako Across the Waters lanarekin.
Zabaltegi-Tabakalerak, halaber, Nai niu / Milky White film labur txinatarraren mundu-estreinaldia ere hartuko du. Yoyo Liu (Hangzhou, 2002) Ikus-entzunezko Komunikazioko (Media Arts) ikasleak (Estatu Batuetako Emerson College) zuzendutako lehen lana da, urrutiko landa-eremu batean kokatua, eta behi bat familia oso baten itxaropen bihurtuko dela kontatzen digu egileak bertan.
Federico Luisek (Buenos Aires, 1990) Cómo ser Pehuén Pedre / How to be Pehuén Pedre filmarekin parte hartuko du. Visions du Réel lehiaketan sartutako film laburraren protagonistak bi aktore entrenatuko ditu desgaitasun-ziurtagiria lortzeko, eta zuzenean lotuta dago filma egilearen lehen film luze Simón de la montaña / Simon of the Mountain lanarekin; egilearen debuta, Cannesko Semaine de la Critique Grand Prix saria irabazi zuena, Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ageri da aurten.
Hiroshi Okuyamak (Tokio, 1995) Donostiako Kutxabank New Directors saria irabazi zuen Boku wa Iesu-sama ga kirai / Jesus filmarekin (2018), eta bere bigarren film luzearekin itzuli da aurten Zinemaldira, Cannesko Un Certain Regard sailean sartutako Boku no Ohisama / My Sunshine deritzonarekin, hain justu; zeharo izaera desberdina duten bi patinatzaile gazteren arteko lotura kontatzen digu egileak bere lan berrian.
Nelson Carlo de los Santos Ariasek Pepe erakutsiko digu, aurtengo zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza irabazi duena Berlinalen eta hipopotamo bitxi bat duena protagonista. Zuzendari dominikarrak Georges de Beauregard saria beretu zuen FID Marseillen Santa Teresa y otras historias (2015) bere graduazio-filmarekin, eta Cocote (Horizontes Latinos, 2017) esparru akademikotik kanpoko bere lehen film luzearekin, film onenaren saria lortu zuen Locarnoko Signs of Life sailean.
We’re All Going to the World’s Fair (2021) zuzendu ondoren, Jane Schoenbrunek (New York, 1987) I Saw the TV Glow aurkeztuko digu, Sundanceko Midnight sailean estreinatua eta Berlinaleko Panorama atalean programatua, besteak beste. Zuzendari estatubatuarraren lan berri honen protagonista nerabe bat da, errealitatea hasten hasiko zaiona gaueko telebista-saio misteriotsu bat ezagutzen duenean.
Maximiliano Schonfelden (Crespo, 1982) Sombra grande / Big Shadow Entre Ríos probintzian chana hizkuntza berreskuratzeari buruzko ez-fikzioa da (WIP Latam sailean parte hartu zuen iaz), eta Zabaltegi-Tabakaleran izango du mundu-estreinaldia. Zuzendari argentinarrak Horizontes Latinos sailari hasiera eman zion Jesús López (2021) obrarekin, Proyectatik eta WIP Latametik igaro ondoren, eta bere lanak Berlinen, BAFICIn, DocLisboan eta Mar del Platan erakutsi ditu, besteak beste. Schonfeldek Zinemaldiko parte-hartzea aprobetxatu eta Tabakaleran Sombra grande bideo-instalazioa aurkeztuko du.
Hikaru Uwagawa (Hiroshima, 1996) ?Elías Querejeta Zine Eskolan Sorkuntza graduondokoa egin zuen zinemagile japoniarra? Ulysses bere lehen film luzearekin izango da Zabaltegi-Tabakaleran. 2023ko Ikusmira Berriak egonaldi-programan garatua eta FIDMarseille jaialdiko First Film Competition sailean estreinatua, munduko hainbat lekutako eguneroko bizimoduen hiru istorio zatikatu ?etxea gogora ekartzen digutenak? planteatzen dizkigu filmak.
Hautaketak aurretik iragarritako hainbat film ere biltzen ditu: Elena López Rieraren (Orihuela, 1982) film ertaina, Las novias del sur / Southern Brides, Cannesko Semaine de la Critique sailean estreinatua; Michael Fetter Nathanskyren (Kolonia, 1993) bigarren film luzea, Alle die Du Bist / Every You Every Me, WIP Europako bi sariak irabazi eta Berlinaleko Panorama sailean estreinatua; Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes) / Está por venir (y tendrá tus ojos), Annencyn estreinatua; eta Monólogo colectivo / Collective Monologue film luzea, Jessica Sarah Rinlandek berriki Locarnon aurkeztua; proiektu honekin Ikusmira Berriak ekimenean parte hartu zuen egileak, eta irailaren 17an erakusketa bat aurkeztuko du Tabakaleran.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatutako Zabaltegi-Tabakalera saileko film guztiak Zabaltegi-Tabakalera Saria –horretarako eratutako epaimahai batek emana– irabazteko hautagaiak dira. Saria 20.000 eurokoa da: 6.000 euro zuzendariarentzat eta beste 14.000 euro filma Espainian banatzen duenarentzat.