Martxoaren 8ko estreinaldiak
Martxoaren 8ko estreinaldiak –
Estreinaldiak: Martxoak 8
Las herederas
Asunción, Paraguai. Chela eta Chiquitaren arteko bikote-harremana hondatzen ari da. Batez ere, haien egoera ekonomiko zailari aurre egiteko oinordekotzan jasotako ondasunak saltzen hasi zirenetik.
Chiquita, bien artean dinamikoena, iruzurra leporaturik espetxeratzen dutenean, Chelak bertan behera utzi beharko du burges txikiaren bizitza erosoa eta, bere automobila erabilita, andre zahar batzuentzako taxi-zerbitzu bat jarriko du martxan. Ustekabean Angy ezagutuko du, bere bezero baten alaba, bera baino emakume gazteagoa eta oso irekia. Bat-bateko lanarekin batera, harreman berri horrek eragin sakona izango du Chelaren bizitzan eta barne-iraultza piztuko dio.
Marcelo Martinessi zuzendari argentinarraren lehen film luzea da. Aurretik, ordea, bere film laburrak Berlinen eta Venezian aurkeztu ditu urte askotan. Arrakasta handia izan du nazioartean, eta 2018ko Latinoamerikako LGTBI film onenaren VI. Sebastian Latino saria jaso zuen 66. Donostia Zinemaldian.
The Mule
80 urteko agure zahar baten rola jokatuko du oraingoan, kudeaketa txarra dela eta, ondasun guztiak galtzear dagoen gizonarena. Haren beharraz jabeturik, lan eskaintza ‘erraza’ egingo dio ezezagun batek: gidari izatea. Jakin gabe, kartel mexikar oso arriskutsu baten gamelu bilakatuko da protagonista.
Ohitu gintezke Clint Eastwood handia pantailan ikustera. Aktore lanetan, edota zuzendari gisara ere bai. Kasu honetan, bi lanen baturaz gozatu ahalko dugu. Zorioneko gu.
Woman at War
50 urte bete berritan, bere herrialdea kutsatzen ari den altzairu industria lokalaren aurkako borroka abiatuko du Halla protagonistak. Kantu irakaslea da, eta bere ikasleengan ikusten ditu kutsaduraren ondorio zuzenak. Emakumeak orotariko neurriak hartuko ditu Islandiako ingurugiroa babesteko.
70 binladens
Raquel (Emma Suárez) egoera pertsonal zailean dagoen eta premiaz, 24 ordutan, 35.000 euro, 70 binladen izenez ezagutzen direnak, lortu behar dituen emakumea da. Bere azken itxaropena bankuko mailegua da. Transakzioa ixtera doanean bi lapur (Nathalie Poza eta Hugo Silva) bankuan sartuko dira, eta horrek are gehiago zailduko du bere egoera. Baina Raquelek badaki bere aukera bakarra bertatik diruarekin irtetea dela, modu batean edo bestean.
Un homme pressé
Ibilbide nabarmeneko enpresa gizona da Alain protagonista, profesional ona eta hizlari hobea. Egun batetik bestera, arrakasta guzti hori eten egingo duten buruko isuria pairatuko du. Familia edo bestelako gertuko loturarik gabe, Jeanne logopeda profesionalaren laguntza besterik ez du izango zerotik hasi eta bere bizitza berreraikitzeko.
Captain Marvel
Estralurtar arraza biren arteko gudan kokatuko da filma, eta Carol Danvers lurtarra izango da protagonista. Izan ere, Captain Marvel berriaren azalean, lurra defendatzeko aukeratutako pertsona izango da Danvers. Marvel erraldoiaren superheroi berria.