Martxan da Tolosandblues jaialdiaren aurtengo edizioa

Beste urte batez, martxan da aurten ere Tolosandblues Tolosako blues jaialdi udatiarra. Bi egunetan banaturiko bost kontzertuk osatzen dute aurtengo egitaraua, bertako taldeen zein mundu mailako sona duten bakarlari eta taldeen parte hartzearekin.

Atzo gaueko 22:30ean eman zitzaion hasiera jaialdiari Red House taldeak Lou Marini saxofoi jolearekin elkarlanean eskainitako kontzertuarekin, eta Frontón kafetegian jarraitu zuen jaialdiak The Romanticos bertako taldearen emanaldiarekin.

Bestalde, McJeara’s Band euskal taldea izango da gaurko saioari hasiera emateaz arduratuko dena. Bluesa jazz ukituekin nahastuaz sortzen duten giro bereziaz gozatzeko aukera izango dute arratsaldeko zortzietatik aurrera Amarotz auzoan eskainiko duten emanaldira hurbiltzen direnek.

Sherman Robertsonen txanda izango da ondoren Plaza Berrian, 22:30etik aurrera. Louisianan jaio eta Texasen hazitako musikari honek Texas electric blues, zydeco, rhythm & blues eta Louisiana blues estiloak landu izan ditu azken 50 urteotan. Berak dioenez, “Erritmoa eta sentimendua da batez ere” egiten duenaren funtsa.

Barcelona Blues Connection taldearen emanaldiak emango dio amaiera aurtengo Tolosandblues jaialdiari, gaueko hamabietan Frontón kafetegian eskainiko duten emanaldiarekin. Joan Pau Cumellas eta Victor Puertas kataluniarren armonika diatonikoek eta Karlos Aranzegi tolosarraren bateriak gauzatuko dute blues konexio hau.

Mjc1Nw==