Markos Zapiain: Txillardegi hizkuntzalari (2024)

Txillardegi hizkuntzalari –

Oroz lehen, gustura aitortzen dut atsegin handiz irakurri dudala. Sarri samar magia sentitu dut liburu hau irakurtzean, idazle trebe batek izkiriatua dagoen seinale, eta artikulu honen bidez, nahi badut ere, ezin transmiti dezaket sentitu dudan xarma hori.

Txillardegi hizkuntzalari
Arg: Eitb

Ez naiz liburua argitara orduko korrika erostera joan; Txillardegi autore maitatua izanagatik, ez neritzon Txillardegiren alderdi linguistikoari bereziki interesgarria. Txillardegiren honako liburu hauek zetozkidan gogora: Euskara batua zertan den (1974), Oinarri bila (1977), Euskal gramatika (1978), Euskal Fonologia (1980)…

Baina ez da hori inondik inora ere liburu hau. Txillardegi intelektual handiaren aurkezpen jakintsua dela esango nuke laburbildurik; halaber, hizkuntzaren filosofiari buruzkoa dela, erabat harturik. Markos Zapiainek berak ere zertxobait baino gehiago badaki hemen aipatzen dituen giza zientziez eta halaber, liburu hau idazten ari zela ikasi eta berrikasi beharko zituen estrukturalismo, antropologia eta biologiari buruzko printzipioak, liburua harildu duen bezala hariltzeko.

Lagin batzuk aldatzera mugatuko naiz, eta jakina, irakurketa gomendatzera. 200 orrialde pasatxo ditu eta lehen 150ak dira Txillardegik landutako hainbat giza zientziei eskainiak. Handik aurrerakoak, Txillardegi euskaltzale, soziolinguista eta politikoari opa dizkio. Azkenak errazagoak dira irakurtzeko eta ezagunagoak ere bai, baina xarmagarriagoak aurreneko 150ak.

Estrukturalismoari eskainitako atalean. Txilladegik dioenez, poetak poema sortzeko darabilen antzeko askatasunez taxutzen du herriak errealitatea eta sortzen hizkuntza:

Askatasun horri esker ezar daiteke soinuen eta zentzuen arteko harreman berez arbitrarioa: edozein soinu-segidak balio du edozein esanahi adierazteko. Itsasoari ez dagokio hobeto “sea” “mer” baino. […]

Arbitrariotasun linguistikoa eta herriaren nortasuna lotuta daude, eta lotura horri dagokio nazio-hizkuntza edo talde linguistiko bakoitzaren estruktura diferentziala. Horixe izaki, hain zuzen, Txillardegiren obra osoko giltzarrietako bat: arbitrarioak dira, fonemak sortzeko, gizakiak soinu-kate infinituan egiten dituen aukerak; baita koloreak taxutzeko aukerak ere, edota egitura gramatikalak, aditza eta denbora, etab. Hala ere, behian hautuak eginik, bereizgarria izango da nazio-hizkuntza horren estruktura, eta herriaren funtsaren osagai. (22-24).

Benjamin Lee Whorf eta erlatibismo linguistikoaren gaineko atalean:

Hizkuntza bakoitzak barnebiltzen eta adierazten du unibertso osoa; alegia, hizkuntza hori darabilen herriaren unibertsoa. Whorfek kultur erlatibismoa aldezten du, eta ustezko kultur gailentasunak oro gaitzesten. Txillardegiren iritziz, kultur erlatibismoaren teorizazio sendoa da Whorfen ekarpen nagusia.

Einsteinen erlatibitatea hartu zuen Whorfek argibidetzat. Einstenek esan zuenez, gertaera bakar baten behatzaileek gertaerari buruzko ikuskera propioak izan arren, <<maila bereko kideak dira denak egiari buruz>>, ez dago besteen gainetik legokeen ikuspunturik. Bide beretik Whorfek: desberdina da hizkuntza-estruktura desberdinak darabiltzaten gizakien mundu-ikuskera, eta ez dago besteen gainetik legokeen hizkuntzarik (33-34).

Matematikaren unibertsaltasuna, auzitan:

Pena eta amorrua eragiten zioten Txillardegiri gizakiaren animaltasunaren ukatzaileek; orobat, Mendebaldeko zibilizazioa harro goraipatu eta kultura agrafoak gutxiesten dituztenek, kolonialismorik basatiena zuritzera iritsirik. Txillardegi gusturago zebilen Edward Sapir, Benjamin Lee Whorf edo Claude Lévi-Strauss bezalakoen konpainia noblean, zeinek europar gizon zuriaren nagusitasuna zalantzan jarri eta kultur desberdintasunak aberasgarritzat baitzituzten.

Noski, unibertsalistek diote zientzia, logika eta matematika edozein gizakik onartzeko modukoak direla, egia objektiboak baitira, hizkuntza eta kultura gorabera. […] (40)

Txillardegik maisu gorentzat zuen Bertrand Russelek Principia Mathematica argitaratzean (1910-1913), ziurtzat jo zuen matematikaren eta logikaren unibertsaltasuna. Alabaina, Txinan 1920-1921 urteak igaro zituelarik, eta Txinako hizkuntzak ezagutzen hasi orduko, aitortu zuen izututa zegoela, konturatu zela indoeuroparra zela Principia Mathematicako logika.

Eta Zapiainek: “Ezinbestez ote dago indoeuroparrari lotua logika matematiko ustez unibertsala? Halaxe uste dute hainbat filosofok, hala nola Nietzschek, Wittgensteinek, Heideggerrek edo Gianni Vattimok. Benjamin Lee Whorfek ere bai (41)”.

Liburu honen egilearen arabera, Txillardegik espresuki inspirazio-iturri gisa B. Russell, J.P. Sartre eta E. Morin aipatu bazituen ere, haren obra guztia kontuan, Claude Lévi-Strauss eta Sartre ageri dira nagusi.

Eta Lévi-Straussi buruz dio, hark izango zuela antiguatarraren sentiberatasun antzekoena:

biek gaitzetsi zuten errotik Mendebaldeko zibilizazioa; biei piztu zizkieten bihotza eta luma desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzek eta herriek, animaliek, budismoak; biei iruditzen zitzaien zuzena ez ezik beharrezkoa estatuek mehatxaturiko identitate nazionalak babesteko ahalegina: Ipar eta Hego Katalunia eta Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzea aldeztu zuten (61-62).

Horrenbestez, orrialde asko samar eskaintzen dizkio Zapiainek Lévi-Straussi. Txunditu nauen ideia honekintxe amaituko dut artikulu hau:

Lévi-Straussek onartzen du fonemaren eta intzestuaren debekuaren nozioak arras bestelakoak direla; hala ere, hizkuntzalariek fonemari asignaturiko eginkizuna izan zuen intzestuaren debekuaz pentsatzeko inspirazio-iturri. Fonemak ez du esanahirik, baina esnahiak sortzeko bitartekoa da. Intzestuaren debekua ere eremu biren arteko gontz edo artikulazio gisa agertu zitzaion Lévi-Straussi […]

Fonema, forma gisa, hizkuntza orotan ageri da, hizkuntz harremana ezartzeko bitarteko unibertsala da. Era berean, intzestuaren debekua ere –orobat unibertsala– forma hutsa da baina ezinbestekoa, talde biologikoen edo etnien arteko artikulazioa gauzatuko bada, harremanetan jarriko dituen truke-sare batean (70-71).

Gorago adierazi bezala, maiz txunditu nau liburu honek. Zorionak egileari!

Txillardegi hizkuntzalari  Txillardegi hizkuntzalari  Txillardegi hizkuntzalari  Txillardegi hizkuntzalari
Nola zaude?

Saiakera-idazlea

2 pentsamendu “Markos Zapiain: Txillardegi hizkuntzalari (2024)”-ri buruz

  • Markos Zapiain 2025-04-08 20:17

    Mila esker, Pako!

    Egia diozu: Txillardegiren idazkietan ikertu ahala, ezusteko ugari izan nuen. Eskura ditugu orain Jakin Aldizkariaren Digitalizazioa webgunean Txillardegiren testu guztiak, bilatzaile indartsu batekin, eta orain arte ilunpean egondako hainbat artikulu garrantzitsu erabil ditzakegu.

    Deigarria da nola aurkitzen duen Txillardegik hizkuntzatasuna ohiko hizkeran eta giza sorkuntzan ez ezik (musika, programazio informatikoa, mitoak…), baita bizitzan bertan ere, geneen bihotzean, molekuletan. Harrituta gelditu zen egiaztatu zuelarik artikulazio bikoitza ez dela soilik giza hizkuntzaren berezitasuna, genomak berak ere bikoitza duela nukleotidoen eta kodoien arteko artikulazioa.

    Ez nekien Jacques Monoden “Zoria eta beharrizana” hain sakonki irakurri zuenik. Lévi-Straussi dagokionez, liburua idatzi arte ez nekien hain modu esplizituan aldeztu zuela Ipar eta Hego Kataluniaren eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren biltzea, eta zein harreman estua zuten bere gurasoek Baionarekin, amaren aldeko aitatxi Baionako errabino Nagusia izan zela, etab.

    Euskaltzale, euskalari, literato, saiogile eta politikari gisa zaigu oroz gain ezagun Txillardegi, baina harreman sakona izan zuen zientziarekin halaber. Jakin-mina pizten zioten zientziek; baina, gainera, buru zientifikoa zuen (politikoaz eta artistikoaz gain). Alegia, bere pultsio garrantzitsuetako bat zen ageriko konplikazio sakabanatua ekuazio matematiko ikusezinetara ekartzea. Ohikoa izaten dute bultzada hori zientzialariek. Horrek deitzen zion atentzioa Einstein, Jakobson, Lévi-Strauss edo François Jacobenean; eta horixe bera EGIN zuen Txillardegik berak, Soziolinguistika matematikoa asmatu zuelarik.

    Oso gizon konpletoa izan zen.

    Ohartuko zinen, Pako: “Txillardegi hizkuntzalari” idazteko ezin hobeki etorri zitzaidan zeure “Txillardegiren borroka abertzalea”; baita “Immigrazioa eta abertzaletasuna” ere, merezi bezala aprobetxatu ahal izateko beranduegi eskuratu nuen arren.

  • Bai, Markos, estimatua!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude