Marie Darrieussecq-en liburu berriaren aitzinean

MTAxMg==

Ospea du Mariek: inork gutxik erabiltzen du hizkuntza berak bezain zorrotz. Artista da frantsesari ezagutzen ez zitzaizkion ahalmenak esku-eskura jartzen, hizkuntzari, oro har, espresabideak aurkitzen. Hartuko dizu gai bat, eta jira eta buelta erabiliko dizu zuku guztia atera arte. Eta guztia diogunean, guztia izaten delako da.

2007an  Tom est mort argitaratu zuenetik, kezkatuta zebilen oso, bere lagun izandako Camille Laurensek plagioa egin izanaz akusatu baitzuen. Eta ez zen lehenengoa: 1998. urtean, beste idazle batek Marie NDayek ere, horrexetaz akusatu baitzuen.

Eztabaida publiko interesgarriak izan dira gaiaren gainean, plagioa eta sorkuntzaren inguruko eztabaida mamitsu-mamitsuak. Idazleen arteko harremana etenda dago eta lagunarte zena, gorroto bilakatuta dabil.

Ordea, Marieri hondokoa zaio interesatzen gehiago, eta denbora egin du plagioaren esanahia aztertzen, literaturaren historian ukan duen garrantzia ikusten. Eta badator, Rapport de police honekin. Eta esan bezala, udan ikusi genizkion begiak bazter batean galduta, “ia amaituta daukat”, esanez batera. “Indar guztiak erabili ditut, dakidan guztia egin dut, dezakedan guztia sartu dut”.

Eta bai, iritsi da. Amitiés dio eskaintzak, baina izoztu egiten du lehen lerroetako ezpataren zorrotzak. Azken liburutik hona, gainera, Marie psikoanalista ere bada. Eta lehen sakona zena, orain jada ez dakigu zer den, ez bada, hondoan bertan oinak jarrita idaztea. Hara, sarrerako lerro batzuk, zertaz ari garen jabe zaitezen:

“Hitz berri bat topatu behar litzateke, “plagiomania” edo, plagiatua izateko desira deskribatzeko balioko lukeena… Idazleek irakurriak izan daitezen desiratzea, zilegia da. Idazleek maitatuak izan daitezen desiratzea ere, zergatik ez. Baina plagiatuak izan daitezela desiratzea, hara hor literaturaren ikuspegi aparteko bat erakusten digun zerbait”.

Eta hasi egiten da berari gertatu zaiona kontatzen eta literaturari gertatu zaiona kontatzen. Ovidiotik hasita. 

Oh Mon Dieu! Hau plazeraren handia Gabon hauetarako etorri zaiguna!

 

(Marie Darrieussecq-en  zenbait lana euskaraturik daude Alberdania Etxean)

Irudia | Rapport de police, Marie Darrieussecq | ZuZeuphoto | Creative Commons By SA

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

12 pentsamendu “Marie Darrieussecq-en liburu berriaren aitzinean”-ri buruz

  • Aritz Galarraga 2010-01-10 11:01

    Gilles Leroy 2007ko Goncourt saridunak zera esan zuen elkarrizketa batean, plagio aferaren gaineko iritzia eskatu ziotelarik (Mugalari, 09/02/20):

    Una de las obras seleccionadas para el Goncourt, “Tom est mort” de Marie Darrieussecq, fue acusada de “plagio psíquico” por otra colega, Camille Laurens. ¿Qué opina sobre esta polémica?

    Marie Darriuessecq, en una novela de ficción, habla de una madre que pierde a su hijo, y Camille Laurens, completamente fuera de sus casillas, dice que la ha plagiado. ¡Es absurdo! No hay una sola línea del libro de Laurens en el de Marie. ¿Plagio psíquico? ¿Qué demonios significa eso? Un plagio es un plagio, es copiar algo que ya está impreso. ¿Ninguna persona tiene derecho a trabajar el tema, universal, de la pérdida de un hijo? Tampoco entendí como la prensa parisiense perdió un solo segundo con ese tema, hubo páginas y más páginas. Marie Darrieussecq sufrió enormemente, y es una persona que aprecio mucho. Leí, un día antes del Goncourt, una crónica sobre Alabama song en Le Nouvel Observateur, que al final decía que mi libro era el plagio psíquico más acertado. ¡Eso sí que fue gracioso!

    (Leroyk idatzitako Alabama song, 07ko Goncourt saria, fizkziozko autobiografia (!) moduko bat da, Scott Fitzgerald-en emazte Zelda Sayre-k ustez idatzia. Horrexegatik Le Nouvel Observateurreko kazetariaren aipamena)

  • Bale, bale, bale… Ados nago… Ez dago arrazoirik Darrieussecq-i plagioa leporatzeko, ezta “plagio psikikoa” ere; Camille Laurens-en adierazpenak gehiegikeria nabarmenak dira; Darrieussecq idazle bikaina da (eta gainera “gure” laguna), eta bla, bla eta bla…

    Baina:

    1) Camille Laurens-i aitortu beharko genioke, gutxienez, minduta sentitzeko eskubidea; ez Darrieussecq-en erruz, baina bai beharbada (eta soilik beharbada diot, ezin baitut halakorik ziurtatu liburuak irakurri gabe) sistema literarioaren eta literaturaren tratamendu mediatikoaren erruz.

    2) Eztabaidak debate sakon bat planteatzen du: gai baten inguruko eskarmentua pertsonal sakonak ez du gai horren inguruko idazketaren bikaintasuna ziurtatzen, eta idazleak eskubide osoa du, jakina, bizi izan ez dituen esperientziez nahi bezain “barrutik” idazteko; baina ez al da kasu askotan (ez derrigor oraingo honetan, ez dakit) horixe izaten kakazahar literario (eta zinematografiko) jasangaitz askoren iturburua?

    3) Inork ikusi al dio balio zinez goraipagarri bakar bat ere Darrieussecq-en “Herria”-ri? Liburu hori bai, hori irakurri dut, eta badakizue zer iruditu zaidan: idazten trebea dela baliatuta, burura etorri zaion lehena idatziz nobelatxoa osatu duen bere ustetako idazle baten lan ganorarik gabea. Hasi fite nire iritzi honi ostikoak ematen; irekita nago, eta iritziz aldatzeko ere prest naukazue, benetan. Animo!

  • Interesgarria, zinez, hemen aipatu dena. Goazen zatika:
    – HERRIAri buruz, hortxe dut zain irakurtzeko eta ezin esan ezer liburuari buruz, baina bai Mariek idatzi zueneko garaiaz. Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko bera izan zen eta asko idazten genion elkarri. Gainera, tenore hartan, euskal idazle andanarekin “nahastu” genuen Marie eta benetako Euskal Herri bat izan bazela ikusteak harritu egin zuen, hain baitzegoen postalekora ohiturik. “InoIz edo behin baten batek esaten badu proselitismoak ez duela funtzionatzen, esan hori gezurra dela: nirekin funtzionatu du”. Ez dakit zer izango den HERRIA, baina Marirentzat bere sustraiekin bat egiteko ahalegin literarioa dela esango nuke. Ikusiko.
    – RAPPORT DE POLICE hau, niri gogoangarria egiten ari zait, erdia baizik irakurri ez badut ere. Iruditzen zait literaturaren sakoneko auzi bati heldu diola Mariek, eta, gainera, ohi duen esijentziaz. (Helbide honetan dago lehen orrien pdfa jaisteko aukera: http://www.pol-editeur.com/index.php?spec=livre&ISBN=978-2-84682-331-9). Ez naiz luzatuko liburu horretan aurkitzen ari naizen altxorraz, esaterako Danilo Kis idazlearen kasuaz eta abar, baina funtsean, zuk ondo esan duzun bezala, Julen, Mariek fikzioarako eskubidea aldarrikatu baizik ez du egiten eta, batez ere, literatura eta idaztea benetan zer den definitzen du. Lehengo batean berari esan nion bezala, bilduma eta entresaka bat egin beharko litzateke zenbat aldiz kontatzen duen bertan zer den idaztea, zer den literatura, zer fikzioa eta zer psikoanalisia. Niri aparta iruditzen zait, benetan.
    – Marieren gainerako lanetan denetarik aurkitu dut: niretzako modukoak ez diren lanak ere bai, jakina, baina edonork daki idazle handitarakoa dela Marie, letrekiko bere konpromisoa ez dela sarri ikusten besterengan. Ovidiorekin itsututa ere badabil, latinetik itzuli et argitaratzen. Orain antzerkian dabil jo eta fuego, Frantziako antzezle eta zuzendari handienekin eta oso pozik. Niri ez dit horrek graziarik egiten, batez ere, azken denboretan idazten ziharduen eleberri bat zakarretara bota duen honetan: “Ez dut asmatu, kaka zen”. Baina hurrena egingo du, hori segur.

  • Aritz Galarraga 2010-01-10 19:56

    Minduta sentitzeko eskubidea, nik dakidala, ez dio inork ukatu eta ukatzen Camille Laurensi. Beste gauza bat da min hori kanporatzeko aukeratu duen bidea. Eta hor, zintzoki, iruditzen zait ez zuela asmatu: ez nator bat Marie Darrieussecqi egindako “plagio psikiko”aren akusazioarekin. Plagioa bada, plagioa da, hots, beste inoren obraren funtsezko osagaiak kopiatu eta norberarenak balira bezala aurkeztea. Eta horren aztarnarik, nik dakidala, ez du inork aurkitu aipatu bi lanen artean. Neronek ez behintzat. Eta beste gauzatxo bat, Laurensen “mina” ez zen sortua izan, Julen, zuk aipatzen duzun “sistema literarioaren eta literaturaren tratamendu mediatikoaren erruz”. Min hori aurretikoa da, Marie Darrieussecqen “Tom est mort” eleberriaren irakurketak eragindakoa. Eta, beraz, esan daiteke Laurensek egindako plagio salaketak berak sortu zuela “sistema literarioaren eta literaturaren tratamendu mediatikoa”.
    Bestalde, gai interesgarria izan daiteke aipatzen duzun bigarrena, “gai baten inguruko eskarmentua pertsonal sakona” laguntza edo traba den lan literario bat osatzerako orduan. Gai interesgarria, baina ebazpen zailekoa. Hemen dantzan dabiltzan bi liburuok horren adibide: sujet berdintsua izanda, esperientzia pertsonalean oinarritutako bata (“Philippe”) eta fikziotik (akaso ez erabatekotik) sortua bestea (“Tom est mort”), askoz ere kitzikagarriagoa, osoagoa, sakonagoa iruditu zitzaidan bigarrena, lehenaren aldean (gauzak argitze aldera: Darrieussecq ez da nire laguna, ez eta ni berea ere).
    “Herria”z oraindik ezin ezer esan, oraintxe ari bainaiz harekin, aitortuko dut, borrokan.

  • Esan dizuet lehen ere polemika honetan ez natorrela bat Laurensekin, Darrieussecqi ematen diodala nik ere bete-betean arrazoia, arrazoi arrazionala bederen. Eta ez dut zalantzan jartzen “Tom est mort” “askoz ere kitzikagarriagoa, osoagoa eta sakonagoa” izan daitekeela “Philippe” baino, eta hala bada eskertu egin beharko zaio Darrieussecqi “Tom est mort” idatzi izana. Baina zenbat eta komentario gehiago entzun polemika horren inguruan, orduan eta bizkorrago joaten zait gogoa Laurensen ondora. Sakonean ulertu egiten dudala iruditzen zait, eta bere arrenkurak baduela zentzurik, kasu zehatz honetatik haratago, ikuspegi orokor batetik: idazle apalak bere eskarmentu oinazetsuan oinarrituta sortu zuen obra guztiz ahaztuta, eta gai bera azken orduko enkargu gisa hartu duen idazle mediatikoa laudorioetan itoa. Antza denez, kasu honetan mereziak ditu laudorioak Darrieussecqek, eta bejondeiola! Baina beste kasu askotan idazle mediatikoaren liburua kakazahar famatua izaten da, eta dokumentazio iturri nagusitzat bere oinazea izan duen idazle apalarena altxor ezkutu eta injustuki menostua.

  • Julen, badirudi bere biografiarekin justifikatzen badu obra idazleak, lana hobea dela edo “zintzoagoa”, bederen. Horixe ulertu dizut aurreko iruzkinean: Laurensek umea galdu zuen “benetan”, asko sufrituz idatzi zuen bere liburua, baina arrakasta, “semerik hil ez zaion” Darrieussecqek dauka. Injustizia modukoa iruditzen zaizula ematen du, Marieri ume bat hil bazitzaion, ez zela horrelakorik izango, eta abar. Bizimodu intimoko gertaerak aitortzeraino eraman dute Marie plagio akusazio horiekin, eta laguna dudalako dakit bere amak, Marieren amak, zenbat ume galdu izan dituen eta Marieren etxean zernolako presentzia ukan duan neba hilaren gertaerak, alaba bakarraren izaerak, anaia-arreba gehiagoren ausentziak. Orain hobeto? Orain eskubide gehiago du “Tom est mort” bezalako fikzio bat idazteko?
    Ez dut uste ezer aldatzen denik.

  • Aritz Galarraga 2010-01-11 10:03

    Literaturan, aztertu, baloratu, juzkatu beharko litzatekeena da emaitza, narrazio lana, liburua edo dena delakoa, eta ez hainbeste berau idaztera motibatu duten arrazoiak. Egia da, Primo Levi-ren kasuan adibidez, nekez idatzi ahal izango zuela Se questo é un uomo Auschwitz-en 10 hilabete pasa izan ez balitu. Baina, era berean, gerta daiteke gehiegizko inplikazioak, gertuegiko ikuspegi batek obra ez oso borobila idaztera eramatea. Bi “muturretan” aurki ditzakegu adibideak.
    Eta, bai, nik ere uler dezaket Laurensek senti dezakeen mina, baina, berriz diot, ez min hori kanalizatzeko hartutako bidea.

  • Baietz ba, lagunok, baietz ba!!! Esan ez dizuet ba arrazoia duzuela eta arrazoia duela Darrieussecq-ek. Baina hain argi egonik arrazoirik ez duela, zerk eraman du Laurens egin duen salaketa zentzugabe hori egitera? Ez du arrazoirik, baina bere salaketaren atzean arrazoi sakon bat ezkutatzen da (Darrieussecqekin zerikusi zuzenik gabekoa). ETAren desarrazoi gero eta nabarmenagoaren atzean arrazoi sakon bat ezkutatzen den gisa berean: herri zapaldu baten oihua. ETAk ez du arrazoirik (eta nahiago nuke gaur bertan desegingo balitz betiko), baina ETAk arrazoi handi bat uzten du agerian. Laurensek ez du arrazoirik (eta hobe zukeen isilik gelditu balitz), baina arrazoi handi bat uzten du agerian (Darrieussecqekin zerikusirik ez duena, berriz diot). Egia da ez dela derrigorrezkoa eskarmentu zuzena gai baten inguruan ondo idazteko, ezta hurrik eman ere. Baina egia da, baita ere, inpostura literario arrakastatsu askoren hazkurri dela egungo sistema literario-mediatikoa (nahiz eta, berriro ere esan beharko dut badaezpada ere, ez izan hori “Tom est mort”en kasua).

    hain da kontu garbia eta nabarmena arrazoia duela, horrexek berak

    erakusten du bestaldean ere indar handi bat egon behar duela. (Gauza bera gertatzen da ETArekin: hain da kontu garbia eta nabarmena ETAk desegin egin behar duela, ETA ez desagertzeak berak erakusten du bestaldean, ETAren aldean, indar handi bat dagoela; guk ondo ezagutzen dugu alde hori, ezta?).

  • Poz handiaz hartu nuen Marie Darrieussecq-ek idatzi duen gutuna Egunkariari buruz. Baina gero debate hau kasualitatez aurkitu dut eta irakurri dudanak harritu nau (Hasier Etxeberria, 2010/01/10)

    Hasierek aurkezten digun historia sinetsezina iduritzen zait. Ongi konprenitzen badut, Marie-k duela bost urte arte Euskal Herria ez zuen ezagutzen (postalezkoa baizik). Baina batzuek « egiazko EH bazela » konturarazi zioten…

    Errebelazio handia izan da Marie-rentzat. Mementu hortik, hasi da euskara ikasten, alabei euskal izenak ezarri zien, Egunkariaren aldeko artikulua idatzi du eta euskal idazle bezala aurkezten dute batzuek (« comme un escargot est un escargot », Hasier-en formula « Herria » liburuan agertzen dena). Errebelaziotik goiti gertatu dena frogatua da, baina lehengoa oso susmagarria iduritzen zait : ez dut uste Marie-k EH ez zuela ezagutzen eta ez dut uste deskubritu duena « egiazko EH » dela, zati bat baizik.

    Baionan bizi naiz orduan badakit posible dela Iparraldean bizitzea ezer jakin gabe EH-ri buruz. Baina ziur naiz Marie ez zela batere hala bizi. Basusarikoa da, eta aitamak euskaldunak (euskal hiztunak noski, tripen kontua ez zait interesatzen) ditu (nahiz eta berari maleruski ez transmititu, Iparraldean arrunta den bezala). Eta Iparraldeko giro euskalduna ere ezagutu du. Baina iduriz, mundu hori ez zitzaion gustatzen. Nahiago zuen kokaina hartu Miarritzen, Pariseko famatuekin, Baionan ibiltzea baino (Baiona herrikoiegia zen berarentzat… baina zezenketak ikusteko agertzen zen, Iparraldeko burgesiarekin.. hemen « hegoaldeko kultura » da zezenketa… Frantziako hegoaldea noski). Duela urte zonbait, Lucien Etxezaharretaren mikroan salatzen zuen Iparraldean nagusiak ziren probintzialismoa eta hetsikeria. « Herria » liburuan argi adierazten du euskal rock kontzertuen giroa ezagutu zuela, eta nola mespretxatzen zuela (neskak gizonak bezala jantzitak, mendiko botak, sufrimenduaren aipamenak, giro astuna etab). Bere eskubidea da noski, eta gainera uler daiteke neska gazte bat intelektuala eta refinatua nahiago izatea rustikoa herrikoia eta pisua baino. Baina esatea postaleko EH-a baizik ez zuela ezagutzen ez dator bat errealitatearekin.

    « Egiazko EH » Hasierentzat zer den ez dut biziki argi. Donostiako pintxo zoragarriak edo jatetxe bangoardistak ? EAEko euskalgintza ofiziala ? ETBko estudioak ? Baina tira, emaitza hor dugu : paristar idazle bat konbentzitu berria euskalduna izatea « chic » izaten ahal dela. Eta ez dut uste emaitza txarra dela (serioski ari naiz) : euskararen normalizaziorako garantzitsua da frogatzea gure hizkuntza edozertarako balio duela. Baina erratea egiazko EH-a deskubritu zuela urrunegia doa dudarik gabe !

    PS : Badakit iturriak ez ditudala eman; Sud-Ouest-en, Libération-en, Le JPBn Marie-ren prosa irakurtzen dugu batzutan… bera oroituko dela uste dut. Galdegiten diozu, Hasier ?

  • barkatu… ene mezua desagertua da ?

  • Bai, Zuzeuko erredakzioak, kentzea erabaki zuen ez baitzituen erabilera baldintzak betetzen. Zeure postan ere baduzu horren abisu. Sentitzen dugu, baina ezin dugu onartu irain edo informazio arriskugarririk jaurtitzea norbaiti buruz, anonimatoan babesturik. Bestenaz, guztiz interesgarria egin zitzigun zure ekarria.

  • Saiatu irainik eta informazio arriskutsurik gabe idazten, fred. Eskertuko dizugu.