[Kafe Aleak] Mariasun Requerok The Waterboys

[Kafe Aleak] Mariasun Requerok The Waterboys –

[Kafe Aleak] Mariasun Requerok The Waterboys

.

The Waterboys

“The Best of the Waterboys ´81-´90” (Chrysalis Records, 1991)

.

Azken urteotan modan dago 70 zein 80ko hamarkadan egin zen musika entzutea. Ulertzekoa da, garai aberatsak ziren eremu honetan eta hainbat lan interesante aurki genezake. Horietariko bat hemen aukeratu dudan Mike Scotten taldearena dugu. The Waterboysek ia hamarkada batean osoturiko abesti sorta hau. Scott, taldearen alma mater-a, 1981ean Edinburgh jaioterritik Londonera jaitsi zenean hasi zen bandaren ibilbidea. Lehenik bakarka, baina laster Anthony Thistlethwaiteren saxoaren laguntzarekin Scottek konposaturiko abestiak entzuten hasi ziren. Disko honetan 1991. urtean saxo joleak taldea utzi arte sorturiko kantak batzen dira. Beraz, The Waterboysek 80ko hamarkadan egindako lanen aukeraketa dugu.

Banda lehen aldiz izen horrekin 1983an hasi bazen ere, eta hasierako lanek kritika onak jaso, ez zitzaien heldu publikoaren erantzuna hamarkadaren erdialdean multzo honetan ageri den The Whole of the Moon abestia atera zuten arte. Izan ere, diskoko laugarren abesti honek duen indarra ikaragarria da.

Ezin alde egin haren eraginkortasunetik. Erritmoak lehen konpasetatik aurrera erakartzen gaitu, bateriaren lehen kolpetik. “I picture a rainbow” hasi eta berehala harrapatuta zaude. Musikaren bizitasuna hitzekin bat eginda. Ba al dago entzulerik erritmo hau entzun ondoren oraindik giharren bat ere mugitu barik gera dakiokeenik? Ziurrenik ez, bestela frogatzea besterik ez dago jakiteko.

Horrela Musika Handiaren (The Big Music-aren) jainkotiartasun scottiarra sentituko duzu tronpeta sartzean, koro ahotsak lagundurik, eta Anthonyren saxo apartaren bermearekin.

Musikaz aparte, hitzak ere aipagarriak ditugu; poetikoak izenda daitezke nolabait bilduma honetako hainbat abestitakoak. Bat aukeratzearren, Spirit# abestia hartuko nuke. Gizakiak nekatu, amore ematen du, edo lau oinetan ibili, izpiritua ordea, hegaz doa. Gizakia irudikerietan erortzen da, izpiritua, aldiz, bada; gizakiak ametsak ditu, amarratuta/lotuta dago eta izpiritua bizirik eta aske dago. Alabaina, izpiritua dena gizakia ere bihur daiteke, aske alegia. Ez da lelo makala! Aurrean aipaturiko The Whole of the Moon-en ere eskailera igoz ilargirako goranzko bidaia horretan egin daitekeen bezala.

Folka eta rock‘n’rolla nahasten dituen banda honen kantuetan denetarik daukagu: bestelakotasunaren ereserkia kontsidera daitekeen A Girl Called Johnny musika alai eta bizi poz eragiletik Steve Wickhamen biolina sartu ondoren folkago bihurtutako soinura. Hari-instrumentu horren soinuak areagotzen du Irlandako tradizioan oinarrituriko musika zeltikoen kutsua. Esaterako, Don’t Bang the Drum-eko hasierako Lorimeren tronpetaren melodiak Irlandatik urrun dauden lurraldeetara garamatza une batez, gero bertako musikara bueltatzeko, bidaiaren ondoren aberasturik. Eta bertako soinuekin bukatzen dugu, Fisherman’s Blues zoragarritik aurrera irla berdearen musika gogoan. Taldearen logoa diren olatuen artean, modan egon ala ez, beti oroitzean.

.

.

Mariasun Requero Zabala (Deustu, 1965), Musikazalea

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Mariasun Requerok The Waterboys Mariasun Requerok The Waterboys Mariasun Requerok The Waterboys
Kafe Aleak, Mariasun Requero, musika, proposamena, The Waterboys

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude