Margaritaren matrizea
Margaritaren matrizea –
Hezurberritan dagoen ama haurdunaren umetokia da matrizea baina, halaber, eredua edo trokela adierazteko erabiltzen dugu. Ildo beretik, irakurri dugun testu baten mezu nagusia ere bada baita jatorrizko dena ere matrizea dela ez da ahaztu behar. Aipatu esanahi horiek guztiak biltzen dira Nafarroako Margaritak Berpizkunde garaian izkiriatutako “Heptamerona” testuan. Horregatik ari gara, pixkanaka, haren zazpi liburukiak, beren 72 istorioak euskarara ekartzen herri ekimenaren bidez zeinean, itzultzaileez gain (Xabier Artola eta Itziar Diaz de Ulzurrun) Nafarroako Ateneoa, Booktegi literatura plataforma digitala eta beste askoren laguntzaz, urtero itzulitako azken liburukia ozenki irakurtzeko elkartzen garen.
Aurten Zangozan (non Enrike II. Margaritaren senarra izan zena jaio zen) bilduko gara urriaren bostean 2024 urteari dagokion irakurraldia burutzeko, dagoeneko Booktegik argitaratua.
Egun hartan David Marurik eta Aitor Antuñanok (Enrike II Albretekoa Talde Kulturalerakoak) aurkezpena egingo dute eta, bide batez, ibilaldia egingo Zangozan zehar Enrike IIren etxea ezagutzeko. Irakurraldia amaitu ondoren Pilar del Valle historialariak hitzaldia (“Nafarroako Margarita: erregina humanista eta idazle feminista”) izeneko hitzaldia emango du eta, bukatzeko, Heptameron abesbatzak azken ginga jarriko dio ekitaldiari.
Baten batek galde dezake: «eta zergatik hau dena?». 1558an argitaratutako testu zahar batek merezi al du horrelakorik?
Nire ustez, “Heptamerona” euskaraz irakurri ahal izateak balio du, noski, eta nahiz «gure» erakundeek ahalegin honi ez diote batere jaramonik egin, itzulpena egiteak eta urtero haren karira biltzeak ere izugarrizko balio daukalakoan nago.
Gure kulturak oinarri klasikoak behar dituelako, ereduak, alegia eta, jakina, hura euskaraz ere irakurri ahal izatea onuragarria da, Shakespeare bezain beste gutxienez… Alde batetik ironiaz eta, bestetik, kultura handiz azaldurik daude liburuan kontatzen dizkiguten gai denak. Testuaren funtsa maitasuna da baina, horrekin batera, erromantzeak, desleialtasunak, engainuak edo isekak, lizunkeria, eta apaiz eta fraideen haragikeriari egindako kritika gogorrak agertzen dira bertan, hizkuntza literario modernoaren hastapena izanik.
Gure Errenaisantza, protestante erreformatzaileen eta katolikoen arteko Nafarroan kokatua, orduko frantsesez idatzi zuen Margaritak, baina, erabilitako hizkuntza frantsesa bada ere, ezin esan hizkuntza horren sehaskatzat jo izan ohi den Tourseko eta Angulemako frantsesa denik; aitzitik, Pirinio ondoan erabili ohi zen hizkera erabili zuen, okzitanieraren eragin handia zuena (“L’Heptaméron” jatorrizkoenean nabaria da oso), eta amodiozko literatura arloan askoz aberatsagoa da (literatura proventzalari esker) garai hartako testuak baino.
Horregatik, besteak beste, garrantzia dauka Berpizkundeko emakumeek idatzitako literatura. Alde batetik orduko gizarte eta hezkuntza oztopoak gainditzen eredugarriak izan zirelako:
Errenaisantza garaian, emakumeek hezkuntza formalerako sarbide oso mugatua zuten. Alfabetatzea eta filosofia, politika edo teologia bezalako alorretan ezagutza eskuratzea ia esklusiboki gizonei zuzenduta zeuden. Garai hartako emakumeek idazle bihurtzea, beraz, gizartearen itxaropen eta arau sozialei aurre eginez gauzatu zuten. Orduan idaztea ez zen soilik aparteko gaitasun intelektuala izatea, baizik eta gizarte patriarkalak ezarritako muga guztiei aurre egiteko ausardia ere eskatzen zuela.
Horrezaz gain, orduko emakumeen esperientzia ikusarazi zuten eta, literaturaren bidez, Berpizkundeko emakumeek beren ikuspegiak, esperientziak eta kezka sozialak adierazteko aukera izan zuten, beste espazio batzuetan posible ez zena. Haien idazlanetan, gizartean emakumeen posizioa, ezkontza, amatasuna, maitasuna eta erlijioa bezalako gaiak jorratu zituzten, gai hauen inguruko ikuspegi paregabeak eskainiz, gizonek idatzitako lanetan askotan alde batera uzten zirenak.
Ez da ahantzi behar, bide hartatik filosofiari eta humanismoari egindako ekarpenak. Berpizkundeko idazle emakume batzuek ez zuten soilik poesia edo narrazioan jardun, baita saiakeran eta pentsamendu filosofikoan ere, gai moral, erlijioso eta politikoen inguruko eztabaida aberastuz. Adibidez, Margaritak bere kontakizunetan moralari buruzko gogoetak egin zituen eta Elizako ustelkeriaren eta nobleziaren moralitatearen kritika egin zuen.
Bere idazketaren bidez, garaiko humanismoaren eztabaidetan parte hartu zuen (Erasmo eta Calvinorekin batera), emakumeek beren garaiko pentsamendu korronteetan ekarpen garrantzitsuak egin zitzaketela erakutsiz.
Horrela sortu zen lehen feminismoaren inguruko eztabaidarako espazio bat. Emakumeek Errenaisantzan idatzitako literatura, neurri batean, feminismoaren aitzindaria izan zitekeen. Gaur egun ulertzen dugun moduan feminismoaren kontzeptua oraindik existitzen ez bazen ere, idazle hauek arau patriarkalak zalantzan jarri zituzten eta emakumeen eskubideak eta gaitasunak defendatu zituzten. Haien idazkietan, hezkuntzari, jakintzarako eskubideari, emakumeen autonomiari eta gizonekin berdintasunez jarduteko gaitasunari buruzko galderak planteatu zituzten eta, horrela, ahots literarioen aniztasuna zabaltzea erdietsi zuten.
Emakumeek Berpizkundeko literaturan egindako ekarpenak funtsezkoak dira orduko gizartearen ikuspegi osoagoa eta anitzagoa eskaintzeko. Emakumeek idatzitakoak kultur panorama aberastu zuen, garaiko nagusitasun ikuspegiekin bat ez zetozen bizitza-esperientziak eta ikuspegiak islatzen baitzituen. Emakume idazleek istorio, poema eta saiakerak eskaini zituzten, emakumeen zailtasunak, desioak eta emozioak esploratuz, garaiko ikuspegi maskulinoari kontrapuntua emanez.
Haien idazkiak zirela medio etorkizuneko idazleen belaunaldientzako inspirazio iturri izatea ere lortu zuten.
Errenaisantzan emakume idazleen presentziak oinarriak ezarri zituen, mende batzuen ondoren beste emakume batzuek beren talentu literarioa garatzen jarrai zezaten. Nahiz eta emakumeek idatzitako literatura oztopoak izaten jarraitu XIX. Mendearen amaierara arte, Berpizkundeko Margarita, Christine Pizan (“La Cité des dames”) edo Isabella Morra bezalako irudiak beste emakume batzuk idaztera bultzatu zituen, emakumeentzat literatura sorkuntzan parte hartzea posible zela erakutsiz.
Beraz, Berpizkundeko emakumeek idatzitako literatura funtsezkoa da hainbat arrazoirengatik.
Lehenik eta behin, garai horretako panorama literarioa zabaltzen du, bestela ikusezinak izango liratekeen ikuspegi eta esperientziak eskainiz. Bigarrenik, emakumeek jakintzarako eta hezkuntzarako sarbidea izateko borroka nabarmentzen du, gizonen esparrua zen testuinguru batean.
Azkenik, feminismoaren aitzindaritzat hartu daiteke, garaiko arau patriarkalak zalantzan jarri zituzten idazleekin, eta etorkizuneko emakume idazleentzako bideak ireki zituen.
Hori dugu, bada, “Heptamerona”, feminismoa mezu nagusitzat duen euskal literaturarako matrizea baita eredua ere. Ongi etorri gurera.
Harriduraz irakurri nuen liburu batean zer eta (Marguerite de Navarre) oinean zeraman aipamena. Ludwig von Bertalanffyren “Perspectivas en la teoría general de sistemas” da liburua (Alianza Editorial).
Honela dio aipamenak:
“Du sercle rond sans la circumference…
Le poinct ou tout retourne et se mainctient
Je suys qui suys triangle tres parfaict”.
(Marguerite de Navarre)
Ezin jakin von Bertalanffyk nondik eratorri zuen aipamena. Ulertu ere, geometria kontua eta triangeluarena… misterioa niretzat, baina horrek erakusten du Erreginak buruan kontzeptuak eta ideiak bazerabiltzala.
Bestalde, bitxia eta guretzat ohoretxo bat von Bertalanffyk horri erreparatzea, zeinahi zelarik aipamena jartzearen zioa.
Eta, nola ez, zuei zorionak ekimenagatik eta esker mila Heptamerona (Contes de la Reine de Navarre) Euskarara ekartzeagatik.
1883an Parisen argitara emandako edizioa eskutan daukat, eta sarrera gisa Margaritaren bizitzaren berri ematen duen idazkia heldu da, interesekoa balitz ere.