Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak irabazi dute Etxepare Saria, “Mamuki” albumarekin

Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak –

Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileek irabazi dute 2024ko Etxepare Saria, “Mamuki” albumarekin.

Etxepare sarira 31 lan aurkeztu dira aurten, eta “Mamuki” albumak eskuratu du 5.000 euroko saria, Miren Asiainek (ilustratzailea), Idoia Sobrinok (liburuzaina) eta Patxi Zubizarretak (idazlea) osatutako epaimahaiak erabaki duenez. Saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2024ko udazkenean. Maite Rosende Gutierrez ilustratzaile donostiarra eta Nerea Ariznabarreta Izkue idazle eibartarra dira albumaren autoreak.

Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak irabazi dute Etxepare saria, "Mamuki" albumarekin

Beldurrari buruzko albuma

Beldurrari buruzko album umoretsua dugu “Mamuki”. Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatzen edo sendatzen: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau Beltza ospatu ezinik…?

Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez

da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai… Apaindura gutxiko etxean osagai bakoitzak sinbolismo handia erakusten du, erlojuak eta ilargiak batik bat, txakurrarekin batera betiere. Baina istorio-misterioa arras aldatuko da, erlojuak argi adierazi bezala, bi orduren buruan munstroek eta piztiek elkar hartzen dutenean…

Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errima erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa eginen zaie; barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean. Testua, finean, beldurrari buruzko gogoeta jostagarria bilakatuko da, gertukoa eta goxoa. Bitxia da, baina erritmoa eta errima horiexek ere dira ilustrazioen ezaugarriak, benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak. Horregatik da bikaina Mamuki albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako, biek ere soilak eta sotilak diruditen arren. Irakurlearengan irribarrea eta konplizitatea pizten dute, eta orrialdeetan atzera egiteko gogoa, lehen begiratuan ikusi ez ditugun xehetasunak bilatzeko, ludikotasuna eta adiskidetasuna aldarrikatzeko.

.

Etxepare Saria

Etxepare saria Nafarroako 23 toki entitatek antolatzen dute, haien euskara zerbitzuen bidez; Nafarroako Gobernua (Euskarabidea) du babesle, eta Pamiela argitaletxea laguntzaile.

Sari honen hazia —album ilustratuak euskaraz sortzeko eta argitaratzeko xedearekin— 2004an erein bazen ere, esan genezake egungo egoera zertxobait aldatu dela. Izan ere, garai hartan ikusitako beharra, hutsunea, ez da hain nabarmena. Zer esanik ez Pamiela argitaletxetik, Kalandraka argitaletxearekin batera arituta, jasotzen dugun uztari dagokionez.

Aurtengoarekin dagoeneko 17 izango baitira album ilustratu sarituak eta argitaratuak euskaraz, sari hau dela medio. Guztiak ere kalitate handikoak. Horrekin guztiarekin batera, Iruñeko Udalak, urtero, ilustratzaile eta idazleekin BikoTeka topaketak antolatzen ditu, eta bertan ere album ilustratu ederrak sortu dituzte, saria jaso dutenak edo argitaratu direnak. Hain zuzen ere, aurtengo edizioko irabazleek topaketa horietan parte hartu dute. Izan ere, Etxepare saria, urte luzez, sortzaileen hauspoa izan da. Haiei esker, istorio eta irudi zoragarriak loratu dira ikusgarritasunaren eta prestigioaren landan.

Literatura lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin jaio bazen ere Etxepare saria, hemendik aurrera —aurrekoaz gain—, hertsiki lotuta dagoen beste lan bati helduko dio: kulturak duen funtzio linguistikoan sakondu. Kultura iruditeriek bide asko zabaltzen dizkigute, eta baita lagundu ere munduan leku bat egiten, komunitate bat egituratzen, barne-mundua elikatzen, trukea sustatzen, jolaserako espazioa sortzen, arakatzera gonbidatzen, etab. Bide horiek guztiak euskal kulturatik egiteak badakar mundu-ikuskera jakin batzuetatik aritzea, komunitate jakin batzuekin lotzea, jolaserako baliabide konkretu batzuetan trebatzea, etab.

Ez dugu ahazten ere, bestalde, euskarak —bere eremuan— kalitatezko eta erakargarri izan behar duela, ikusgarritasuna eta prestigioa lortu nahi baditu. Garrantzi handia du ikusgarri izateak, inguruko beste kulturen pare agertzeak, eta horretan dugu erronka, ikusgarri eta eskuragarria izatea. Euskal kultura bizi eta gozatzea lor daiteke, eta zenbat eta gehiagok bere egin, orduan eta prestigio handiagoa izango du.

.

Aurreko edizioetako saridunak (urtea/ lana/ egileak)

2023 Saria eman gabe

2022 Kiratsa Iban Illarramendi & Eider Perez Adeletx

2021 Dorotea Amaia Egidazu

2020 Lorerik gorriena Sandra Garayoa & Itziar Otegi

2019 Etxe honetan Aintzane Usandizaga & Asier Iturralde “Gaston”

2018 Cosimoren katiuskak Dani Mariarena & Ana Ibáñez

2017 Arraroa Ainara Azpiazu “Axpi” & Paula Estévez

2016 Zerua gris dago Liébana Goñi & Isaak Martínez

2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean Pello Añorga & Jokin Mitxelena

2014 Hiltzaileak Leire Salaberria

2013 Gerrak ez du izenik Leire Bilbao & Maite Mutuberria

2011 Hara! Miren Asiain

2010 Euria ari duenean Leire Salaberria

2009 Alex, nire laguna Mikel Gurrutxaga & Maite Gurrutxaga

2008 Katalina kontalari Iñaki Zubeldia & Estibalitz Jalón

2007 Zirkua amets Joxan Ormazabal & Iraia Okina

2006 Gerlari Handia Pello Añorga & Jokin Mitxelena

Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude