Maite Larburu Kantagiltzan
Maite Larburu Kantagiltzan –
Oiartzungo Kantagiltza zikloko laugarren denboraldiko hirugarren solasaldi musikatuan Maite Larburu izan genuen gonbidatua. Ohi bezala Gotzon Barandiaran idazleak egin zituen galderak, eta elkarrizketa formatua utzi gabe hainbat kanta tartekatu zituen Maitek, biolina, gitarra eta ahotsa erabiliaz.
Aurkezpena egin eta segidan kantatu zigun Maitek “Hezurren azpian” kantua, hain zuzen ere bere bakarkako lehen diskoari izena eman ziona. Bere interpretatzeko era guztiz pertsonala eta kantuen bereizgarritasuna agerian geratu ziren bai kantu honetan zein besteetan ere. Gainera, solasaldi aberatsa eta entretenigarria eduki zuen Gotzonekin, bere nortasunaren panoramika osatua eskaini zuen eta lehenago ez genekizkien hainbat auziren inguruan argia jarri zuen. Elkarrizketen erdian interpretatu zituen kantuak aipatu ditugu, eta gorri kolorearekin azalduko ditugu kronika honen pasarteetan. Zuekin… Maite Larburu.
Arratsaldeon. Guk zortea eduki dugu Kanterrin egon zelako Maite; pista asko eman zizkigun sortze prozesuari buruz, eta uste dut gauza batzuk errepikatzea interesgarria izango dela. 2013. urtean ezagutu zintugun guk Neighbor-en “Ura patrikan” diskoarekin. Hamar urte pasa dira. Azkar, luze?
Batzutan luze dirudi, besteetan azkar. Ez dakit, denboraren pertzepzioa egoera animikoarekin bat mugitzen da. Pozik zaudenean azkar, hain pozik ez zaudenean berriz, poliki.
Noiz erabaki zenuen aldaketa egitea? Amsterdamen zeunden; ez zintugun ezagutzen, musika klasikoa egiten zenuen, eta gero disko bat argitaratu zenuen hango lagun batekin. Zergatik?
Bada, horrela suertatu zen. Hobby bat zen, eta pixka bat horrela da orain ere. Nire lanbidea musika klasikoa zen, biolina jotzea, eta bizilagun bat neukan baita ere lanbide horretan zebilena, biola de gamba (biolontxeloaren antza duen instrumentu bat) jotzen zuena. Baina berak gitarra ere jotzen zuen eta batzuetan elkartzen ginen, eta hasi ginen ni kantuan eta bera jotzen. Eta kantuak idazten. Asmoa grabatzea izan zen, oroitzeko zerbait edukitzeko, demo bat alegia. Eta Euskal Herrian grabatzea herbereetan baino merkeagoa zenez, egun batzuk pasatzera etorri ginen. Gaztelupeko Hotsak-eko Xarrari gustatu zitzaion, disko bat atera zen eta hor hasi zen nire kantugintzaren beste alderdi horren garapena.
Orduan esan zenigun gauza bat dela interpretea izatea eta beste bat sortzailea izatea.
Norbaitek konposatu duen partitura bat hartu eta irakurriz jotzen dudanean interpretea naiz. Interpretatzen dut, baina esate baterako Bach-ek idatzi zuen pieza hori jotzen dut. Sortzaileak egiten duena da musika sortu, edo asmatu, edo idatzi. Bach-ek egin zuena sortzaile lana da, baina hala ere beti daude biak lotuta, zeren eta interpreteak ere, musika egiten duen momentuan, sortzailetasun bat badauka.
Zuretzat sortzaile izateak jolasetik zenbat dauka?
Nahiko nuke esan asko daukala. Batzuetan ez hainbeste, zerbait zure lana bihurtzen denean, beste osagai batzuk sartzen dira. Egiten ari zaren lan hori entregatu egin behar duzunez, horrek jolasa mugatu egiten du, baina jolasik ez dagoenean sormena ere kamustu egiten da. Beraz, jolasetik asko daukala nahiko nuke esan.
Kantherrin esan genuen moduan, interpreteak partitura bat irakurri behar du. Hortaz, zentzu horretan lan mugatua dela esan dezakegu. Zure sorkuntzan hitz joko asko erabiltzen dituzula ikusi genuen, hoskidetasun asko, errima asko, esango nuke iruditeria ere oso lotua dagoela fantasiara batzuetan. Ipuinetan ikus daitezkeen figura batzuk erabiltzen dituzu. Horregatik aipatzen genuen jolasarena. Ez dela hain mugatua, ez hain estua, partiturak edo musika klasikoak eskatzen duen bezain estua.
Bai… musika klasikoak fama txarra du. Esaten da gauza estu bat dela, jolasetik ez daukana, baina ez da egia, jolas asko dauzka. Idatzitako musika horrek jolasetik pila bat dauka, hori sortu zuena sortzailea zen, eta jolastu egiten zuen. Agian ezagutu egin behar da jolas horretatik ulertzeko. Nik, nire sormenean dauzkadan elementuekin jolasten dut. Horietako batzuk dira hizkuntza eta hotsak. Eta euskara oso hizkuntza onomatopeikoa dela uste dut. Horrekin asko jolastea gustatzen zait, nahi dudalako sinestu hizkuntza hasiera batean hotsetatik sortu zela. Agian ez da horrela, baina hori pentsatzea gustatzen zait, hizkuntzak hasieran berez musika zeukala oinarri. Agian jende asko ez da ados egongo. Justu atzo entzuten egon nintzen podcast bat eta hori zioen: badirudi munduan edozein lurraldetako jaioberri bat hartu eta edozein amak bere hizkuntzan esaten dizkion lehendabiziko gauzek doinu berdina edo antzekoa dutela. Adibidez, haurra lasaitu nahi baduzu, doinua beti da “hmmm hhhmmm” eta berdina da italieraz edo portugesez. Edo zerbaiti arreta eman nahi badiozu ere antzekoa omen da edozein hizkuntzatan. Hor badago melodia bat denok ulertzen duguna hizkuntza bera baino lehenagokoa, antza.
Jo duzun lehenengo kanta bakarkako lehenengo diskokoa da, 2019koa. Neighborretik zure bakarkako ibilbidera zein salto egin zenuen?
Halabeharrezko salto bat izan zen, 2018an Euskal Herrira bueltatu bainintzen. “Hezurren azpian” 2019an atera zen eta 2018an grabatu nuela uste dut. Neighbor hitzak ingelesez bizilaguna esan nahi du, eta nire proiektu horretan nirekin parte hartzen zuena nire bizilaguna zen, horregatik Neighbor. Hona itzultzean, bera urrun geratu zen. Bera Amsterdamen eta ni Euskal Herrian. Elkartzea gero eta zailagoa zenez, erabaki nuen Neighborren hirugarren diskoa izatera zihoan hori beste gauza bat izango zela. Eta hor hasi zen nire bakarkako ibilbidea.
Hurrengo kanta “Gona” da, bideo bat ere egin zenuten, dezente zabaldu zena. Zuk disko horretan zein gai hartu zenituen kanturako?
Jakin nahi nuen hainbesteko zeresana ematen duen gonak azpian zer daukan gordeta, hainbeste gauza edo hainbestek nahi izateko gonaren azpian begiratze hori. Gona altxatzea, bestearen gonaren azpian… zer dago? Gona, gona, gona. Gona behera. Bortxatutako andre askok esaten dute bortxaketaren ondoren gona janztea pila bat kostatzen zaiela, ez dutela gona jantzi nahi. Eta nik nahi nuen aztertu… zer dago? Zer du ba gonak, zer dauka gonak azpian gordeta? Eta hori deskubritzeko hasi nintzen “Gona” kantua idazten.
Behin, sagardotegi batean ginela, gizon bat gerturatu zitzaigun eta etengabe esaten zigun amari eta niri gonazalea zela: “ni oso gonazalea izan naiz beti. Gonazalea, gonazalea…”, eta guk baietz, baietz, baietz gizona, gonazalea izan zarela. Gure ama oso pertsona isila da, inoiz gauza handirik esaten ez duena, eta gizona joan zenean esan zidan “gonazalea omen da, jantzi dezala ba!”. Hortik atera zen kontua.
Maite, eta zer da, nola egiten da biolina jo eta kantatu batera?
Bada… ahal den bezala. Ez da batere gauza ohikoa, eta ez da oso erosoa. Hemen goian daukazu biolina, arkua hemen, mikroa… ez da erosoa, ez da askotan egiten. Medizinetan jartzen du: “kontuz, alkoholarekin medizina hau ez hartu”. Bolinaren atzean jarri beharko luke: “kontuz, biolina jo eta batera ez kantatu”. Pixkat aldrebesa baita. Eta gero, badauka zerbait oso ederra, zeren eta bestela ez nuke egingo (argi dago), baina oso mugatuta… sormenerako pixka bat mugatua da. Oso gordina da eta badauka zerbait oso folklorikoa, hori gustatzen zait, baina harmonikoki mugatuagoa da gitarra bat edo piano bat baino.
“Igualak igual” kanta joko duzu orain. Ez dakit horri buruz izango den, baina badaukazu beste kantu bat, “Txakur berde” errepikatzen duena behin eta berriro. Baita lehen aipatu dugun “Hau” ere, gero joko duzun Neighbor-en kanta bat, eta letrak esaten du “hau entzuten baduzu, ez nago bakarrik”.
Bai.
Nik nire lotura, nire irakurketa egin dut, baina bai ikusten dut hari bat gaiaren aldetik hiru kanta horien artean, eta da gauzak ezberdin egiteko gogoa, normatibitate horretan, musikan ere, normatibitate estandarizazio batean ez egoteko gogoa. Ez egiteko mundu guztiak egiten duena mundu guztiak egiten duen bezala.
Ba agian, baina kontua da mundu guztiak egiten duena mundu guztiak bezala egiteko ere balio behar dela (barreak).
Zuk balio duzu.
Mundu guztiak egiten duena mundu guztiak bezala egiteko balio dut? Ez dakit. Nire aitarekin daukadan hika-mika hori da. “Zergatik ez dituzu egiten jendeari gustatzen zaizkion kantuak?”. Nik ateratzen zaidana egiten dut eta ez jendeak egiten ez duena egiteagatik, baizik horrela datorkidalako, eta gainera ez dakit jendeari zer gustatzen zaion.
Baina zu kapaza zara A, B, C errepika, A, B, C, errepika egiteko, baina ez duzu egiten.
Baii, batzuetan baiiii!
Oso gutxitan.
“Gona”-k errepika dauka! “Hezurren azpian”-ek errepika dauka, Gotzon! (barreak).
Bai, baina A, B, C, A, B, C…
A, B, C, A, B, C…
Simetrikoak direnak ez dauzkazu…
Simetrikoak? Bai, batzuk baaaiii. Batzuk bai. Egia da orain joko dudana, “Igualak igual”, hitza etorri zen Harkaitz Canok bidali zidalako, eta hitza pixka bat aldrebesa bidali izana bere kulpa da, ez nirea (barreak). Zergatik ez zuen esan “Igual igualak”? Eta aldiz “Igualak igual”? Gainera, gero ikusiko duzue, ez da kantu bat. Hasteko. Erritu xamaniko bat da. Eta beti jotzen dut kontzertuetan, ez badituzu gauza arraroak jotzen, oraindik arraroagoak gertatzen dira, errepika gabeko kantuak eta horrelakoak. Harkaitzek kantu hau bidali zidan, esan beharra daukat beste normalago batzuk ere bidali zizkidala, baina hau gustatu zitzaidan, eta berak esaten du bizitzan nahikoa dela hamar hitzekin. Eta idazlea da. Gotzon, zu ados zaude berarekin?
Bai.
Beno, ba bizitzan hamar hitz nahikoak omen dira: Jaio, hazi, etorri, triste, pozik, joan, bidea. Maitasuna kontatzen du bi aldiz, eta hamargarren bat dago ez duguna aipatuko, ez duguna aipatu nahi. Uxatu nahi dugu, horregatik errito xamaniko hau. Baina berak hartzen du hitz hori, deskuajeringatzen du, eta hitz horren letrekin sortzen ditu beste ez dakit zenbat hitz, baina zein hitz den asmatzen baduzue, ez esan, bale?
Zuzeneko emanaldi baterako sortu zuen berak, “Fruitu arraroak” izeneko emanaldi horretarako?
Bai, baina uste dut fruitu lehorrei alergia dielako jarri zuela “arraroak” izena. (barreak)… ez egin kasu! Bada bai, “Fruitu arraroak” deitzen zen elkarrekin egiten genuen emanaldi hura, eta kontatzen genituen gauza bitxien inguruko istorioak. Adibidez, momiei momifikatzeko eta hiltzen zirenean sudurra bere formarekin geratzeko piper beltz bolak sartzen zizkietela, eta horrelako gauzak kontatzen genituen, eta horien artean zegoen kantu hau. Erotuko zarete gaur hemendik ateratzen zaretenean.
Ez da kantatu duzun Harkaitzen letra bakarra. Nola egiten duzu lan Harkaitzekin? Batzutan berak bidaltzen dizkizu hitzak, elkarrekin lanegiten duzue…? Beste batzuetan zuk eskatzen dizkiozu?
Bai, batzuetan etortzen zaizkion gauzak bidaltzen ditu. Beste batzuetan… egia esan gutxitan eskatu diot gai zehatz bati buruzko zerbait. Esaten diot; “zer etortzen zaizu burura?” eta bidaltzen dizkit letra batzuk. Eta noiz edo noiz elkarrekin ere egiten ditugu, baina agian berak bidalitako zerbaiten gainean, gero nik moldatzeko garaian beste zati batzuk erantsi dizkiodalako. Elkar ondo hartzen dugu. Egia esan, Harkaitzekin ondo konpontzea oso erraza da.
Beste idazleren batekin ere lan egin duzu, ez bere letrak musikatuta, baina Katixa Agirrerekin ere ibili zara. Berarekin ibiltzen zara oraindik?
Bai, ekainean egon ginen azkenekoz, zuzeneko bat egin genuen elkarrekin. Enkargu bat izan zen: Literaturia-k enkargatutako ateen inguruko emanalditxo bat izan zen.
Eta zure letragintzan literaturak ze eragin dauka? Asko, gutxi…? Irakurtzen duzu idazten hasi aurretik, idazteko prozesuetan literaturara jotzen duzu…?
Beti gustatu izan zait irakurtzea, idaztea… baita olerkigintza ere. Bai, uste dut iturri horietatik edaten dudala.
Hurrengo kantak, ostera, aurkitutako bertso batzuk dauzka, ez? Baserri batean kutxa batean agertu ziren. Nola heldu ziren zure eskuetara?
Istorio guzti hori neronek asmatuta da (barreak). Gezurra da, ez nituen aurkitu. Euskadi Irratiko “Arratsean” saioan kontatu nuen. Kontua da nire amonari gertatutako istorio baten inguruan kantu bat idatzi nahi nuela, eta pentsatu nuen: nire amonak nola idatziko luke kantu bat? Edo nire amonaren garaiko emakume batek nola idatziko luke kantu bat? Eta orduan pentsatu nuen: seguru aski zortziko txikian. Zuk esan duzun estrofa-errepika hori, horrela idazteko agian hemen dago zure aurreko galderaren erantzuna. Agian estrofa-errepika formatuan idazteko beste pertsona baten barruan sartu behar dut, eta istorio bat asmatu behar dut: “aurkitu nituen baserri batean, kutxa batean gordeta bertso batzuk zortziko txikian, emakume batek kontatzen zuen gertatu zitzaiona…”, eta horrela kontatu nuen nire amonaren istorioa, baino klaro, gertatu zen, lehendabiziko kontzertuak eman genituenean, ohartu nintzela ikuslegoari gehiago interesatu zitzaiola bertso horiek non zeuden, eta nola agertu ziren, kantua bera baino! “Baina non zeuden? Baserriko… bai, uste det emakume hori badakidala nor den. Larralden egon zen neskame? Ba uste det ezagutzen dudala…”. Eta orduan esan nuen: hemen jendeari ez zaio batere inporta kantua, hitz horiek nork idatzi zituen jakin nahi du. Eta irratira, Arantxa Iturberen “Arratsean” saiora elkarrizketa egitera joan nintzenean, hasi aurretik hori kontatu nion eta esan zidan: “Maite, hori esan egin behar duzu eh, zuk asmatu duzula”. Eta orduan publiko egin nuen eta irratian esan nuen nik asmatu nituela.
Oso ondo, hilabete berean enteratu naiz “Matalaz” Jean-Louis Davantek idatzi zuela eta hau zurea dela. Oso ondo dago ikasteko. Zure amonaren istorioa da, beraz?
Bai, berari gertatutakoa. Berak horrela kontatzen zigun, nola etorri zitzaion lehendabiziko aldiz hilekoa. Berak ez zekiela ezer, inork ez ziolako azaldu. Belaunaldi hartako emakumeek, edo pertsonek, kontatzen zituzten gauzak badakizkizu nolakoak ziren ez? “Bai, Joxe Juan gerrara jun zan ta etzan gehio etorri” (barreak), horrela, bazkaltzen ari zarela. Ez zeukaten beste erremediorik, gauza gogorrak bizitu zituzten eta orduan ez zegoen drama egiteko aukera handirik, eta horrela sortu zen kantu hau.
Eta gero, “hura izan nuen ama”?
Bai, hori da errepika. Nire kantu honetan kontatzen da nola hilekoa etorrita pertsona horrek, bakarrik egonda, jakin gabe hilekoa zer zen, bera sendatzeko, bera maitatzeko, garbitzeko, bere ama izateko errekako ura aukeratu zuela, ze urak ura du maite. Berdin zaio gorri edo zurbila.
Zuek, ni bezala gaur enteratu baldin bazarete, liburuxkan jartzen du “letra aurkitutako bertso bat da eta bestea da Maitek horren inguruan egindako gogoeta”. Engainu oso ona eta erabatekoa (barreak). Eta urarena, gogoratzen dut Kanterrin esan zenuela: “ni uraren jonkia naiz”.
Bai, egia da. Orain dela gutxi konturatu naiz, beraz desintoxikazio prozesuan nago, baina uraren jonkia naiz. Erreka ondoan bizi naiz, errekan ikasi nuen igerian, nire beste aldeko aiton amonak eta beraien gurasoak errekaren inguruan jaio ziren, zentral elektrikoetan lan egin zuten. Nire birraitonak amurrainak eskuarekin harrapatzen zituen. Ura eta errekaren hotsarekin txoratuta gelditzen naiz. Ura beti eraldatzen, mugitzen ari den zerbait da; aldatzen du bere burua, bihurtzen du solido, lurrun, likido, higatzen ditu harriak, mendiak… bai, uraren jonkia naiz.
Hurrengo kanta, “Amu (r)”, antzezlan bateko gidoitik ateratako letra bat da. Gidoi osotik, nola hautatu zenituen hitz hauek? Zerk bultzatu zintuen zati hau kantatzera?
Ez da zati bat; ez dakit antzerkia egin dezuen, edo pelikula bat askotan ikusi dezuen. Gidoi bat buruz ikasten duzunean esaldiak geratzen zaizkizu iltzatuta, bapatean etortzen zaizkizu. Kalean esaldi bat entzuten duzu: “ze ordu da?”, eta zuk, zure antzezlaneko pertsonai batek esaten badu hori, pertsonaia hori etortzen zaizu burura, eta orduan esaldiek sekulako garrantzia eta neurria hartzen dute. Gidoia hartu nuen eta gustatzen zitzaizkidan esaldiak hartzen joan nintzen, batak bestearekin zer ikusirik izan gabe, corta-pega bat bestearen atzetik, horrela sortu zen kantu hau.
Konta iezaguzu zelakoa izan zen zure lehenengo antzerki esperientzia, beste bi aktorerekin batera.
Alde batetik oso erraza izan zen. Bi aktore zeuden. Eskerrak, zeren eta ez naiz aktorea eta lehenengo aldia zen oholtza gainean antzezle bezala agertzen nintzena. Beraiek horrelako antzezle puskak izanda, beraiekin eraman egiten ninduten, bazihoan trena, eta ni gainean jarrita neramaten. Bestalde, aktore izatea oso arraroa da.
Zergatik?
Bada… beste ofizio bat delako. Ni musikaria naiz eta hotsarekin lan egiten dut, eta aktoreek sentimenduekin lan egiten dute eta existitzen ez diren pertsonaiak sortzen dituzte. Beraz, zuk antzeztu behar duzun pertsona hori ez da existitzen. Nolakoa da? Ez dakizu. Forma eman behar diozu. Zugan beste pertsona bat aurkitu behar duzu, baina ez da beste pertsona bat, zu zeu ere bazara, baina ez zara zu, beste bat da. Eta oso arraroa da. Niretzat.
Bigarren antzezlan batean ere parte hartu duzu, “Hondamendia”-n. Orain, jada ez da hain arraroa, edo arraro izaten jarraitzen du?
Oraindik arraroagoa da niretzat zeren antzezlan honetan pertsonaia bat ez, bi egin behar baititut. Eta bat beti haserre dago eta bestea beti deprimituta. Badituzte arrazoiak horrela egoteko, baina gogorra da, zuk ere pixka bat horrela egon behar baituzu: orain haserre, orain deprimituta.
“Amua” antzezlanean, oinarrian maitasuna dago, ez? Hiru pertsona horien arteko harremana dago.
“Amua” maitasun triangelu baten istorioa da. Anak, nire pertsonaiak, hogei urte kartzelan egon eta gero, bere bi maitale ohi Iratiko txabola batera gonbidatzen ditu asteburu pasa. Batek pentsatzen du: “Nirekin bueltatu nahi du”. Besteak ere berdina pentsatzen du. Baina azkenean nahi duena bietako baten hazia da, berdin zaio norena.
Errepikak dio: “hi, ni, bi laranja erdi eta hiru bihotz”. Askotan horrela delako: laranja erdi bila ibiltzen gara eta gero limoi erdia aurkitzen duzu, edo laranja erdi bat aurkitu nahi duzu eta bi laranja etortzen zaizkizu. Zer egin horrekin? Eta jende askok galdetzen dit zergatik esaten dudan “liranja” laranja esan beharrean, baina beste bi aktoreak iparraldekoak dira eta liranja esaten zuten. Lehen esan dizuet antzerkiko gauzak itsatsita geratzen zaizkizula, eta orduan “liranja” esan behar dut, ezin dut laranja esan.
Eta gitarrarekin konposatzera nondik iritsi zinen, zerk xaxatuta?
Neighbor-eko beste partaideak gitarra jotzen zuen. Pentsatu genuen zzenekoetan ondo egongo litzatekeela nik ere zertxobait gitarra jotzen ikasiko banu, eta orduan hasi nintzen nire kabuz gitarra jotzen ikasten, eta poliki poliki pixka bat ikasi dut.
Afinazioarena kontatuko duzu hemen? Nola afinatzen dituzu gitarrak eta horrek zein erraztasun ekarri dizu?
Bai, gitarrak… hemen bi gitarra daude eta bakoitzak afinazio bat dauka. Horrek esan nahi du hemen sokak direla Mi La Re Sol Si Mi eta hor Re Sol Re Sol Do. Beste afinazio bat dauka, beste sonoritate bat. Tranpa egiteko modu bat izan zen, gitarra jotzen ez nekienez sokak modu arraroan afinatzen bainituen eta horrela behatz batekin bakarrik jota kantu bat egiteko aukera ematen baitzidan. Gero konturatu nintzen “Hezurren azpian” diskoan lau afinazio desberdin daudela eta zuzenekoetan ezingo nituela lau gitarra eraman, eta tranpan erori nintzen.
“Maletadun maitalea” da hurrengo kanta. Aipatu dugu “Amua”-n hiru pertsonen arteko maitasuna dela gaietako bat, eta gero kantatuko duzu beste kanta bat maitasunari erreferentzia egiten diona. Badaukazu 2021eko “Krak” diskoan kantu bat esaten duena “Maitasuna da… hmmm”.
Bai, hori ere “Amua” antzezlanetik sortutako kantu bat zen. Maitasunaren inguruko antzezlan horretan, Amua-ren gidoia idazten hasi ginenean hasten ginen: “Bai maitasuna da… hau!”. “Bai zera!” besteak, “hori ez da maitasuna”. “Maitasuna da… erromantizismoa”. “Ez, maitasuna da lantzen den zerbait”, eta azkenean: “Maitasuna da… maitasuna da… maitasuna da… hmmm”. Eta orduan kantua hasten zen: “hmmm… maitasuna da… hmmm”.
Harkaitzen letra honela hasten da: “Maletadun maitalea zara, maletarekin maiteminduta”.
Bai, hau da idatzi zidan lehendabiziko letra. Esan nion: “nahi duzuna idatzi”. Eta hori idatzi zidan. Garai hartan maleta bat zen nire etxea. Hilabete bakoitzean etxean hiru egun pasatzen nituen, maleta batetan bizi nintzen, denbora guztian bidaiatzen, eta horregatik idatzi zidan “Maletadun maitalea zara, maletarekin maiteminduta”. Uste dut kantu hau zuzenean bi aldiz bakarrik jo dudala.
Letrarekin guztiz identifikatu zinen, zure orduko bizimodua ondo deskribatu zuen Harkaitzek?
Bai.
Eta gaur egin izango balu, aldaketa asko egin beharko lituzke?
Kantu hau berriro idatzi beharko balu?
Zure gaur eguneko bizitzeko moduari buruz idatzi beharko balu.
Bai, pandemia etorri zenetik askoz gutxiago bidaiatzen dut. Nire lana musika klasikoa zen. Orain oso gutxi irteten naiz, urtean lau bat aldiz joaten naiz Europara antzinako musika egitera. Euskal Herrian ari naiz lanean. Nire hobbya zena, kantugintza, nire ofizioa bihurtu da. Orain bidaiatzen dut Ereñotzutik Hernanira, Hernanitik Oiartzunera… baina ez Budapestetik Berlinera, Berlinetik Amsterdamera… aldatu da.
Eta hor badago, deigarria egin zait, eta egin zitzaidan bere sasoian ere, “bakardadea eskala daitekeen mendi bat da” esaldia. Orduan zure etengabeko bidaia horietan bakardade handia sentitzen zenuen?
Bai, sentitzen da noski. Ohitu ere egiten zara, eta bere alde onak ere baditu, baina hamasei urte pasatu nituen familiatik urrun. Beti dituzu lagunak, azkenean familia bat sortzen duzu inguruan, baina bai, bakarrik zaude aireportuetan, hoteletan. Lanera zoazenean lankideekin zaude baina gero bai, bakarrik zaude. Baina tira, bere alde onekin baita ere, libre. Gero bueltatu behar da beti norabaitera. Bueltatu egin behar da, baina askatasun horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Bat bakardadea izan liteke, baina… ez dakit zergatik jarri zuen esaldi hori. Nik esango nion agian. Niri gehien gustatzen zaidana da ohe guztietan zerbait galtzen dela, askotan gauero hotel ezberdinean eta ohe ezberdinean egiten duzulako lo, eta ohe guztietan zerbait galtzen da, ohe guztietan zerbait ahanzten da. Zenbat pijama ez ote ditut nik utzi ahaztuta maindire artean! Eta horrelako gauzak. Beste gauza batzuk ere ahazten dira.
Hurrengo kanta “Berdin bihurtu ginen” da. Lehen aipatu du “txakur berde” kontzeptu hori. Gazteleraz despektiboki esaten da, zentzu guztietan ezberdinak direnak dira txakur berdeak. Uste dut Harkaitzekin batera idatzi zenuela, ezta?
Bai.
Horren aldarria egin zenuten: “gero eta gehiago gara txakur berde” esaten duzu testu horretan.
Hori da, txakur berdearen himnoa da. Nik esan nion txakur berdeari kantu bat idatzi nahi niola eta berak esan zuen “gero eta gehiago gara”, orduan pentsatu nuen bera ere txakur berdea izango dela agian. Eta gero hasten zara begiratzen eta azkenean denak dira txakur berdeak, uste dut. Eduki genuen bolada bat kontzertuetan txaketa berde bat ateratzen genuena, eta ikusleren bati ematen genion, eta “ah begira!, hemen badago bat!” (publikoko bat seinalatu zuen Maitek). Ba zuri eskainiko dizut, eta beste txakur berde guztiei. Zer egingo zaio ba? Aitak esaten dit: “idatzi jendeari gustatzen zaion kantu bat”, eta nik “orduan eduki txakur berdea ez den alaba bat”.
Joko duzun hurrengoa “Hau” da. Beste letra guztiekin konparatuta, askoz laburragoa da. Zuk nola hautatzen duzu luzeera? Hau adibidez zergatikda hain laburra? Normalean beste guztiak nahiko luzeak dira.
Gitarrarekin sortu nuen lehenengo kantua izan zen. Eta ezin zuen luzea izan, ez bainekien gitarra jotzen. Orduan, jolas bat egin nuen nire buruarekin, eta bi esaldi dira: “entzuten al dezu hau?” eta hau errepikatzen nuen bitartean harmonia aldatzen nuen eta “Hau” bihurtzen zen kolore desberdinetako hitz bat. Eta orduan entzuten dezu “hau eta hau eta hau” (oharra: tonu desberdinak erabiltzen ditu), eta “entzuten dezu eta ez zaude bakarrik”, hori esaten du.
Ez nago bakarrik. Hau Neighborren sasoiko kanta bat da. Honek badauka zer ikusirik txakur berde sentitzearekin ere? Edo ez?
Uhhmm.. ez dakit. Zer sentitzen da txakur berdea izatean? Niretzako naturala da, eguneroko gauza bat da, orduan ez dakit.
Zure aitak esaten badizu behin eta berriro “egizu jendeari gustatuko zaizkion kantak”.
Baina nire aita arraunlaria da, pilota gustatzen zaio (barreak). Niretzako txakur berdea bera da, eta gainera arraroena da, beti kamiseta berdea jantzita ibiltzen dela, Hernaniko Klubaren kolorekoa… Hor badago agian psikoanalistari esan beharko niokeen zerbait.
Musikari eta sortzaile askok esaten du, “nire liburua edo nire kanta pertsona batek entzuten baldin badu, niretzat nahikoa da”.
Nork esaten du hori?
Askok esaten dute. Batek irakurtzen badu.. izango da gezurra, zure bertsoak bezala, autoretzak bezala, baina hori jendeak esaten du.
Bai, izen abizenekin?
Esan behar ditut izen abizenak?
Gero esango dizkidazu?
Bai. “Nire liburua baten batek irakurtzen badu, pozik nago”.
Jo, ba… ez dakit, ez dakit ze esan. Bai… bai, noski. Bat asko da, baina..
Ahal dela gehitxoago, ez?
Beno, ahal dela bai. Ezin bada, ba… bat orduan. Bale. Bueno, eta inor ez baldin bada ere, batzuetan… egia esan, berdin du. Berdin beharko luke, baino klaro, egoa badaukagu. Lokala daukadan lekuan askotan atea zabalik egoten naiz eta txantxangorriak sartzen dira barrura, ni goian nago ofizina flotante batzuetan eta hor behean txantxangorriak sartzen dira, eta kantuan hasten dira ni ere kantuan ari naizelarik. Txantxangorriak entzuten badu zure kantua… inork baino lehenago entzuten du. Hau da, kaleratu baino lehenago.
Letra bat egin behar duzu horrekin.
Bai, ez nuen inoiz pentsatu baina agian bai. Etortzen da arroza jatera. Historia luzea da baina nik estudioa daukadan lekua paella katering bat da, orduan paellerak garbitzen dituztenean arroz aleak erortzen dira eta etortzen dira arroz haiek jatera, hau da, ez da etortzen bakarrik ni entzutera, baina…
Egin dezakezu letra bat, guk ja badakigu, esan istoria hau dela, baina benetan joaten direla zu entzutera.
Bai, eta orain konturatu naiz, egia esan, hurrengo diskoa egiten badut, inork entzuten ez badu ere, pertsona hori baino haratago joango naiz… inork entzuten ez badu ere berdin zait, txantxangorri batek entzun baitu. Ondo geratzen da hori esatea… baina ez da egia. Nor engainatuko duzu?
Egia da ez dugula batere prestatu hau, berez kantu hau bisa izateko pentsatu nuen, baina tira, berdin dio. Bai, kantu pixkat bitxia da kontzertua bukatzeko. Oso minimalista da.
Baina oraindik geratzen zaigu beste bat, ezta?
Baina hori zen bigarren bisa, egongo balitz! (jendearen barreak)
Ba bigarren bisa orain. Eta honekin amaituko dugu. “Maitatzea nondik balitz”, hau ere Amua antzezlaneko testuetatik hartutakoa da, eta amaieran dio: “Maitatzea nor omen da. Nor-nori-nork eta noren, eta nondik balitz?”.
Kantu honen funtsa edo ideia, edo nik sinestu nahiko nukeena, maitasuna leku bat dela da, ez hainbeste nor nork nori, nork nor, nork nori nork, nork maite duen nor, nork maite zaituen… Eta maitasuna leku bat balitz? Orduan eta gehiago maitatu, orduan eta handiagoa bihurtzen dena? Eta inoiz amaitzen ez den leku bat, zeinetan dena kabitzen den, eta ez zure baitan dagoena baizik eta zu bere baitan? Eta ikusten ditut galaxiak eta unibertsoak eta… hippy bat naiz funtsean.
Amaitutakoan, txalo zartadak luzeak izan ziren eta “beste bat” eskatu zuen publikoak. Maitek azken kanta bat egin zuen, hain zuzen ere Mikel Laboaren “Txoria txori” mitikoaren bertso gogoangarri eta bitxi bat. Ordu eta erdiko saioa izan zen, elkarrizketa eta kantu tartekatuak batzen baditugu. “Txoria txori”-ren bertsio honi buruz, eta bere balioagatik, Maitek lehen baino lehen grabatu egin beharko lukeela uste dugu.
Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan Maite Larburu Kantagiltzan