Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon zuzendariak Sail Ofizialean
zuzendariak Sail Ofizialean –
Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon zuzendariak Sail Ofizialean lehian ariko dira Laura Carreira eta Xin Huo hasiberriekin batera
Haien filmekin batera, Audrey Diwanen lanak –Sail Ofiziala hasiko duenak– ere lehiaketan hartuko du parte, baita Iciar Bollain, Pedro Martín-Calero, Pilar Palomero eta Albert Serra zinemagileek zuzendutako filmek ere bai (Espainiako ekoizpenak lau horiek)
Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozonen film luze berriak Urrezko Maskorra beretzeko lehian ariko dira, Laura Carreira eta Xin Huoren lehen lanekin batera, horiek ere Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialaren barne egonik.
Maite Alberdik (Santiago, 1983) lehendabizikoz hartuko du parte Urrezko Maskorra lortzeko lehian fikziozko bere lehen film luzearekin; zehazki, El lugar de la otra Alia Trabucco Zeránen Las homicidas entseguan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatzen digu Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean, eta Perlak Sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu, hala nola El agente topo / The Mole Agent (2020) –Zinemaldiko Koprodukzio Foroan hautatua, geroago Sundance Zinema-jaialdian estreinatua, Europako Film Onenaren Publikoaren Sariaren irabazlea eta Oscar sarietarako izendatua–, eta La memoria infinita / The Eternal Memory (2023) –dokumentalen nazioarteko lehiaketan Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuena Sundancen, Oscar sarietarako izendapena jasotzeaz gainera–.
Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen digu Laura Carreirak (Porto, 1994) On Falling bere lehen film luzean. Zinemagile portugaldarrak –Edinburgon bizi denak– zuzendutako lanen artean, honako film labur hauek dira nabarmentzekoak: Red Hill (2018), Edinburgoko zinema-jaialdiko New Visions Sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA Sarietan izendatua; eta The Shift (2020), Veneziako zinema-jaialdian estreinatua eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Elkargoko Sarietarako izendatua.
Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan berriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste bi lan, Veneziako Mostran emanak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.
Donostia Sariarekin omendua 2019an (urte horretan proiektatu zen, hain justu, Adults in the Room), Costa-Gavras errealizadore frantziar-greziarra (Loutra-Iraias, 1933) Sail Ofizialera itzuliko da; Sail Ofizialean aurkeztu zuen, halaber, Le capital (2012). Le dernier souffle / Last Breath da zuzendariaren lan berria, eta zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak biltzen dira bertan; Denis Podalydès, Kad Merad, Ángela Molina, Charlotte Rampling, Hiam Abbass, Karin Viard eta Marilyne Canto dira protagonista nagusiak. Egilearen obra zabal eta konprometituan Z (1969) –ingelesez besteko film onenaren eta Muntaketa onenaren Oscar sariak eta Cannesko Epaimahaiaren Sari Berezia–, Missing (1981) –gidoi egokitu onenaren Oscar saria eta Cannesko Urrezko Palma– eta Music Box (1989) –Berlinaleko Urrezko Hartza– dira nabarmentzekoak.
Edward Berger (Wolfsburg, 1970) Conclave filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean aurten; alemaniarraren aurreko filma, Im Westen nichts Neues (2022), hainbat Oscar sariren irabazle izan zen (nazioarteko film onenaren Oscar saria, besteak beste). Film berrian, Ralph Fiennesek kardinal baten rola antzezten du. Aita Santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak. Stanley Tucci, John Lithgow eta Isabella Rossellini ere zuzendu dituen zinemagile alemaniarrak Jack (2014) eta All My Loving (2019) aurkeztu ditu Berlinaleko lehia ofizialean eta Panorama atalean, hurrenez hurren.
Shower (1999), Kung Fu Hustle (2004), Curiosity Kills The Cat (2006) eta The Monkey King (2014) filmetan gidoigile izan ondoren, Xin Huo txinatarrak (Beijing, 1980) Bound in Heaven pelikularekin egin du debuta zuzendari gisa. Gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako neska baten gorabeherak kontatzen dizkigu oraingoan zinemagileak; erlojupeko ihesaldia hasiko dute bi protagonistok hainbat hiritan zehar.
Hebi no michi / Serpent’s Path filma ere emango da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak (Kobe, 1955) zuzendua, alabaren heriotza basatia mendekatzeko plan bat antolatzen duen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmatua, Ko Shibasaki, Damien Bonnard eta Mathieu Amalric ditu protagonista filmak. Kurosawak berak 1998an zuzendutako izen bereko filmaren –hamar urte geroago Donostiako Zinemaldiko Japonia beltzean atzerabegirako tematikoan programatutakoaren– bertsio berria da. Honako lan hauek dira egile japoniar emankorraren ibilbideko lan esanguratsuenak: Akarui mirai / Bright Future (2003), 2015ean Japoniako zinema independente berria zikloan sartua; Tokyo Sonata (Zabaltegi-Perlak, 2008), Cannesen Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria jaso zuena; Shokuzai / Penance minitelesaila (Zabaltegi-Bereziak, 2012); eta Wife of a Spy (Perlak, 2020), Veneziako Mostran zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia irabazi zuena.
Halaber, Mike Leigh britainiarra (Salford, 1943) ere Sail Ofizialean izango da lehendabizikoz, film hauek zuzendu ondoren: Secrets and Lies (1996; Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Perlak Sailean aurkeztua); Naked (1993, zuzendari onenaren saria eskuratu zuena Cannesen); All or Nothing (2002), Vera Drake (2004, Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazlea), eta Happy-Go-Lucky (2008). Hard Truths ekoizpen ingeles-espainiarraren protagonistak Marianne Jean-Baptiste eta Michele Austin dira; Leighek Londresko familia baten eguneroko bizitza deskribatzen digu bere lan berrian, bai eta familia-harremanak, dolua eta osasun mentala ere, besteak beste.
Diego Lerman (Buenos Aires, 1976) hirugarrenez lehiatuko da Zinemaldian El hombre que amaba los platos voladores obrarekin; Argentinako telebistan estralurtar-presentziaren ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena kontatzen digu zuzendariak bere lan berrian. Leonardo Sbaraglia, Sergio Prina, Osmar Núñez eta Renata Lerman nabarmentzen dira aktore-zerrendan. Renata Lermanek taldeko antzezpen onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen El suplente / The Substitute (2022) filmarekin eta Diego Lermanek Sail Ofizialean aurkeztutako beste film luzeak (Una especie de familia / A Sort of Family, 2017) Gidoi onenaren Epaimahaiaren saria eskuratu zuen. Egilearen aurreko lanak –hala nola La mirada invisible / The Invisible Eye (2010) eta Refugiado (2014)– Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatu izan dira, Horizontes Latinos sailean programatu aurretik.
Sail Ofizialak The End ere hartuko du, Joshua Oppenheimerrek (Austin, Texas, 1974) zuzendutako lehen fikziozko pelikula, hain zuzen ere. Tilda Swinton, Michael Shannon, George MacKay, Bronagh Gallagher eta Tim McInnerny nabarmentzen dira, antzezle-zerrendan, mundua amaitu eta bi hamarkada geroago bunker batean bizirik dirauen familia aberats bati buruzko musikal distopiko honetan. Oppenheimerren aurreko lanei dagokienez, hauek gailentzen dira: Indonesiako genozidioari buruzko The Act of Killing (2012), Berlinaleko Panorama sailean estreinatu eta dokumental onenaren Bafta saria irabazi zuena; eta The Look of Silence (2014), Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI Saria eskuratu zituena. Bi filmak dokumental onenaren Oscar sarirako hautagai izan ziren; halaber, Zinemaldiak, hain justu ere, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala deitutako atzerabegirako tematikoan bildu ziren.
François Ozonen (París, 1967) Quand vient l’automne / When Fall Is Coming filmeko protagonistak Hélène Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier eta Pierre Lottin dira, eta emakume erretiratu baten istorioa kontatzen digu frantziarrak bertan (gizon bat –lagun baten semea, espetxetik atera berria– ezagutu eta bizitza aldatu egingo zaio protagonistari). Film berriarekin seigarren aldiz parte hartuko du errealizadore frantziarrak Zinemaldiko Sail Ofizialean. Izan ere, Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison / In The House (2012) filmarekin eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Le refuge (2009) pelikularekin, Sous le sable / Under the Sand (2000), Une nouvelle amie / The New Girlfriend (2014) eta Été 85 / Summer of 85 (2020) aurkezteaz gainera. Gainera, Ozonen zenbait filmek Perlak sailean parte hartu izan dute, hala nola hauek: 8 femmes (2002), Jeune et jolie (2013), Frantz (2016) eta Peter von Kant (2022).
Audrey Diwanen Emmanuelle filmak ere parte hartuko du Sail Ofizialean (zehazki, lehiaketa inauguratuko du), bai eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren ekoizpen espainiar hauek ere (duela gutxi iragarri dira): Soy Nevenka / I am Nevenka, Iciar Bollainena; El llanto / The Wailing, Pedro Martín-Calerorena; Los destellos / Glimmers, Pilar Palomerorena, eta Tardes de soledad, Albert Serrarena.
Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioan
zuzendariak Sail Ofizialean
Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozon zuzendariak Sail Ofizialean