Maialen Beloki (Zinemaldiko hautespen batzordekoa): “Euskaraz ere aukera zabala heldu zaigu”
Ikusle soil izatetik Donostiako Zinemaldian proiektatuko diren filmen hautatzaile izatera igaro da Maialen Beloki (Donostia, 1983). Gaztea da, baina errodajerik, behintzat, ez du falta.
Donostiako Zinemaldiak 60. urteurrena beteko du aurten. Nola dator?
Data berezia da, eta Zinemaldi osoa jai giroan murgil dadin saiatzen ari gara. Oraindik erabat iragarri ez ditugun arren, hainbat ekitaldi berezi prestatuko ditugu.
Nabarmentzekorik?
Sail Ofiziala oso pelikula ezberdinek osatuko dute, aniztasuna izango da nagusi, eta ikusleei eta kritikari ere gustatuko zaizkiela uste dugu. Esaterako, Blancanieves izeneko film espainiar oso berezi bat proiektatuko dugu, 20ko hamarkadako zezenketen munduan kokaturiko lan mutua. Egia da, baita ere, film askok familiaren inguruko gogoeta egiten dutela. Beraz, denetarik egongo da.
Azken hilabeteotan lanez lepo zabiltzaten arren, film aukeraketa urte osoko lana da.
Jose Luis Rebordinosek dioen bezala, Zinemaldia amaitu eta hurrengo egunean bertan hasten gara datorren urteko filmetan pentsatzen! Noski, azken hilabeteetan denak abiadura hartzen du eta pelikula gehienak ere orduan iristen zaizkigu. Baina Hautespen Batzordeko kide asko beste zinemaldietan ere izaten dira, eta bertan ikusitako filmak ekartzen dituzte.
Ze irizpide erabiltzen duzue filmak aukeratzeko?
Zortzi lagunek osatzen dugu batzordea, eta film guztiak ikusten saiatzen gara. Batzuetan ezinezkoa da, horrenbeste izaten ditugu! Beraz, banatu egiten ditugu. Filma hautatua den ala ez akordio bidez ebazten dugu gehienetan, nork bere arrazoiak emanaz, bozketarik egin gabe; baina lortzen ez badugu, eztabaidaz hartzen dugu erabakia. Irizpideei dagokienez, nagusiena eta ezinbestekoa kalitatea da; hortik aurrera, herrialdeen ordezkaritza parekidea eta halako auzi teknikoagoak aintzat hartzen ahalegintzen gara.
Orotara zenbat film ikusten dituzue behin betikoak hautatu aurretik?
Sail guztiak kontutan harturik, 2.000 inguru. Ikaragarri dira, bai, baina sailak ere asko direlako!
Nola iritsi zara zu Hautespen Batzordera?
Donostiarra izanik, txikitatik gustatu izan zait Zinemaldia. Sekula hutsik egiten ez nuen horietakoa nintzen, sarrerak lortzeko ilara luzeak egiten dituztenetakoa. Nire ibilbidea ikusle moduan hasi zen, eta gerora Ikus Entzunezko Komunikazioa ikasi nuen. Garai hartan Zinemaldiko prentsa bulegoan egin nituen praktikak, barruko antolaketa ezagutzeko asmoz, eta doktoretza-tesia amaitutakoan –Zinema teoria, analisia eta dokumentazioan doktorea da–, Zinemaldiaren baitan antolatzen diren Zine Ikasleen Nazioarteko Topaketen antolakuntzan hasi nintzen lanean. Hurrengo urtean Zinemiran eta Made In Spain sailetan ere aritu nintzen, eta aurten azkenik Hautespen Batzordean sartu naiz.
Ongi prestatuta iritsi zara, beraz.
Ikasleen Nazioarteko Topaketetan film laburrak ikusi eta horien balorazioa egiten nuen, eta horrek asko lagundu dit. Dena den, aurtengoa beste kideengandik ikasteko urtea izan da niretzako.
Eta nola egiten duzue euskal filmen hautaketa?
Prozesua berbera da sail guzietan. Egia da euskal filmak urriagoak direla, baina ez pentsa horrenbesteko aldea dagoenik; aurten aukera zabala iritsi zaigu! Gainera, filmak euskaraz diren arren, azpitituluak izan ohi dituzte hizkuntza menderatzen ez duten batzordekideentzat, eta denon artean aukera ditzakegu.
Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en
Zinemaldiak gazteen presentzia gehiago jorratu beharko luke, beti pentsatu dut adin batetik aurrerako jendeentzat zela. Emakumea izatea ere primeran!
Ea hurrengo urtean 5 sari nagusiak emakumeei ematen dizkieten…