Made in Spain sailak 21 film luze bilduko ditu
Made in Spain sailak 21 film luze bilduko ditu –
Made in Spain sailak 21 film luze bilduko ditu, besteak beste, Antonio Chavarrías, Andrea Jaurrieta, Isaki Lacuesta eta Pol Rodríguez, Álex Montoya, Celia Rico, María Trénor, David Trueba eta Jonás Truebaren lanak.
‘Tiempo de silencio y destrucción’ eta ‘Mucha mierda’ filmen mundu-estreinaldiek emango diote hasiera eta amaiera, hurrenez hurren, sailari.
Guztira, hogeita bat film luzez osatuta egongo da Made in Spain saila, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiakorra, urteko film espainiarren lagin bat biltzen duena. Zinemaldiaren 72. edizioan (Irailaren 20tik 28ra), programari hasiera eta amaiera emango dioten filmak mundu-estreinaldiak izango dira; gainerako filmak, berriz, lehenago beste jaialdi batzuetatik igaro ziren edo jada estreinatu dira Espainian. Made in Spain sailak Hispanitasen eta SGAE Fundazioaren laguntza du.
Joan López Lloreten (Bartzelona, 1969) Tiempo de silencio y destrucción pelikulak hasiera emango dio Made in Spain sailari, mundu-estreinaldi gisa. Filmak Luis Martín-Santos idazle eta psikiatraren ?duela mende bat jaio eta orain dela 60 urte zirkulazio-istripu batean hil zenaren? figura berritzeko bidaia bat proposatzen digu. López Lloret lan dokumental ugariren egilea da, besteak beste, hauena: Hermanos Oligor (2004), Málagako jaialdian Publikoaren Zilarrezko Biznaga Saria jaso zuena; Sunday at Five (2007); eta La cigüeña metálica / The Metal Stork (2012).
Bestalde, Alba Sotorrak (Reus, 1980) Mucha mierda / Break a Leg lanaren mundu-estreinaldiarekin emango dio amaiera sailari. 1975eko aktoreen grebari buruzko dokumentala da, Marisa Paredes, Rocio Dúrcal, Ana Belén, Tina Sainz, Juan Diego, José Sacristán eta beste hainbat aktorek lehen eskutik kontatua. Sotorrak Game Over (2015) eta El retorno. La vida después del ISIS / The Return (2021) zuzendu ditu (besteak beste), biak dokumental onenaren Gaudí Sariaren irabazleak.
Antonio Chavarrías zinemagileak (L’Hospitalet de Llobregat, 1956) La abadesa / Holy Mother filmarekin hartuko du parte Made in Spain sailean. Málagako zinema-jaialdian lehiatu zen filma, eta Daniela Brownek etsaitasunezko ingurune bati aurre egin beharko dion IX. mendeko abadesa gazte baten rola antzezten du bertan. Zuzendari gisa, Chavarríasenak dira Las vidas de Celia / Celia’s Lives (2006; Donostian lehiatua) eta Dictado (2012; Berlinen lehiatua) filmak. Ekoizle gisa Agustí Villaronga, Claudia Llosa, Jaime Rosales eta Belén Funes errealizadoreekin lan egin du.
Justicia artificial zinema beltzaren kutsua duen thriller politikoa da, Verónica Echegui, Alberto Ammann, Tamar Novas eta Alba Galocha dituena protagonista. Simón Casalek (A Coruña, 1984) ?filmaren zuzendariak? Worldfest Houstoneko telefilm onenaren Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Eduardo Barreiros (2012) lanarekin, eta Mill Valley Film Festivalen estreinatu zuen bere lehen film luzea zuzendari gisa, Lobos Sucios / Dirty Wolves (2016), AEBetako, Europako eta Asiako hainbat lehiaketatan hautatua.
Norberta komediako protagonistak Luis Bermejo eta Adriana Ozores dira. Bikote bati bizia ematen diote, eta gizonak bere bizitza aldatu eta Norberto izatetik Norberta izatera igarotzeko premia sentitzen du. Zuzendariak Sonia Escolano (Alacant, 1980) eta Belén López Albert (Bartzelona, 1975) dira. Escolanok Sadrac González-Perellón zuzendariarekin batera zuzendu zuen Myna se va (2009) film luzea, bakarkako debuta Casa de sudor y lágrimas (2018) izan zen eta Norberta filmaren gidoilari ere bada; López Albertek, berriz, dokumentalak eta bideoklipak zuzendu ditu, script eta muntatzaile gisa hainbat ekoizpenetan lan egiteaz gainera.
D’A Film Festivalen izan ondoren, Marc Ferrerek (Sabadell, 1984) Reír, cantar, tal vez llorar / To Laugh, To Sing, Perhaps To Cry aurkeztuko du Made in Spainen. Protagonista adin ertaineko emakume trans bat da eta Bartzelonara iritsi berri den etorkin marokoar batekin harreman bati ekingo dio. Ferrerek ¡Corten! / Cut! (2021), Nos parecía importante (2016) eta Puta y amada (2018) zuzendu ditu, La amiga de mi amiga / Girlfriends and Girlfriends (Zaida Carmona, Made in Spain, 2022) eta Mamántula (Ion de Sosa, Zabaltegi-Tabakalera, 2023) obren gidoiak idazteaz gain.
Málagan Kritika Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Berezia irabazi zuen Nina da Andrea Jaurrietaren (Iruñea, 1986) bigarren filma, eta Patricia López Arnaizek bere haurtzaroko herrira mendeku bila itzultzen den emakume baten rola egiten du. Zuzendari nafarrak Ana de día / Ana by Day (2018; Málagan lehiatua eta zuzendari berri onenaren Goya sarirako izendatua) filmarekin debutatu zuen film luzeen zuzendaritzan.
Segundo premio / Saturn Return, Isaki Lacuestak (Girona, 1975) eta Pol Rodríguezek (Bartzelona, 1977) zuzendua, Los Planetas rock-talde granadarrari buruzko “ez-filma” da eta Málagako jaialdian Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga lortu zuen, zuzendari onenaren eta muntaketa onenaren golardoez gain. Donostia Zinemaldiko hainbat sailetan ohikoa da Lacuesta eta, are gehiago, Urrezko Maskor bana beretu du Los pasos dobles / The Double Steps (2011) eta Entre dos aguas / Between Two Waters (2018) lanekin; Rodríguez, bestalde, Quatretondeta (2016) film luzearen egilea da (argazki onenaren Zilarrezko Biznaga Málagan), besteak beste.
Hainbat film labur eta A poeta analfabeta (2020) dokumentala zuzendu ondoren, Sonia Méndez (Vigo, 1980) zuzendari eta aktorea Málagan lehiatu zen As Neves fikziozko bere lehen film luzearekin. As Neves Galiziako mendi-herri batean girotua dago, eta nerabe bat inauterietako festa batean desagertzen dela kontatzen digu.
Paco Rocaren izen bereko komikian oinarritua, Álex Montoyaren (Valentzia, 1973) film luze berria da La casa, Málagan gidoi onenaren eta musika onenaren Zilarrezko Biznagak eta Publikoaren Saria eskuratu zituena. Montoyaren hirugarren filma da, Asamblea / Assembly (2019) eta Lucas (2021) pelikulen ostean, eta aita hil ondoren familiaren etxearekin zer egin erabaki beharko duten hiru anai-arreben arteko topaketa kontatzen digu egileak bertan.
Sueños y pan / Dreams and Crumbs, Luis (Soto) Muñozen (Baena, 2000) lehen film luzea, Atlàntida Mallorca Film Festen estreinatu eta film nazional onenaren DAMA Agustí Villaronga saria irabazi zuen hor. Lapurtu duten koadro bat saltzeko plan bat martxan jarriko duten bi gazteri buruzkoa da filma.
Emma Vilarasau, Enric Auquer, Maria Rodríguez Soto, Alberto San Juan, Clara Segura, Jose Pérez-Ocaña eta Macarena García dira Casa en flames / A House on Fire filmaren protagonistak. Dani de la Ordenen (Bartzelona, 1989) komedia dramatiko honetan, familia-topaketa bat ustekabean jazoko da. De la Ordenek BCN Film Festen estreinatu zuen bere film berria, baina horren aurretik El pregón (2016), El mejor verano de mi vida / The Best Summer of My Life (2018) eta Litus (2019) filmak zuzendu zituen. Azken horrek gizonezko antzeztaldeko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga jaso zuen Málagan (Quim Gutiérrez).
Flores del cemento / Concrete Flowers, indarkeria eta gainbehera nagusi diren mundu batean bizirik dirauten gazte batzuen erretratua, Luismi Pantigaren (Gijón, 1999) lehen film luzea da. Gijóngo zinema-jaialdiko Esbilla Premiere sailean estreinatu eta BAFICIko lehen lanen sailean parte hartu zuen filmak.
Celia Rico Clavellinoren (Sevilla, 1982) bigarren filma da Los pequeños amores / Little Loves eta Zilarrezko Biznaga Epaimahaiaren Sari Berezia eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga (Adriana Ozores) irabazi zituen Málagan. Viaje al cuarto de una madre / Journey to a Mother’s Room (2018) filmaren zuzendariak Donostiako Kutxabank-New Directors Sariaren aipamen berezia jaso zuen eta, oraingo honetan, bi ama-alaben istorioa kontatzen du. Elkarrekin igaroko dute uda biek, baina sekula ez daude ados, ezta gauzarik hutsalenetan ere.
Chema Rodríguezek (Sevilla, 1967) Publikoaren Saria lortu zuen Málagako jaialdiko Zonazine sailean Orgullo vieja filmarekin. Bakarrizketari izateko ametsa dute filmeko protagonistek, emakume talde batek. Zinemagile andaluziarrak 2006an egin zuen debuta Berlinalen Estrellas de la Línea / The Railroad All-Stars dokumentalarekin (Made in Spain; Publikoaren Saria Panorama sailean) eta La gran final izan zen fikziozko bere lehen filma, Berlinale Special sailean parte hartu eta Málagan lehiatu zena. El abrazo de los peces / The Embrace of The Fishes (Made in Spain, 2011), Oscurece en la India (2014) eta Los gigantes no existen (2017) ere zuzendu ditu.
Salvador Simók (Bartzelona, 1975) eta Li Jianpingek (Beijing, 1963) elkarrekin zuzendu dute Dragonkeeper, Málagako azken jaialdia inauguratu zuen animaziozko filma, bizirik geratzen den azken dragoiari ziegetatik irteten lagunduko dion neskato baten abenturei buruzkoa. Buñuel en el laberinto de las tortugas / Buñuel in the Labyrinth of the Turtles (Made in Spain, 2019) filmarekin animaziozko film luze onenaren Goya saria eskuratu zuen Simók eta Oscar sarietarako hautatua izan zen; Jianpingek, berriz, Journey to the West (1997) eta Zui ke ai de ren (2020) filmak zuzendu ditu.
Saturno, Daniel Torneroren (Alacant, 1989) lehen lana, Málagako zinema-jaialdiko Dokumentalen Sail Ofizialean parte hartu eta Publikoaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zuen. Lehen pertsonako kontakizun honetan, zuzendariak aurre egin behar die bere aitonaren –adingabeen abusuagatik kondenatua izan zenaren– oroimenei.
Liliana Torres (Vic, 1980) Family Tour (Zabaltegi, 2013) eta ¿Qué hicimos mal?/ What Went Wrong? (2021) obren egileak Mamífera filmarekin hartuko du parte sailean, Austingo South by Southwest jaialdian (SXSW) mundu-estreinaldia izan ondoren. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen bertan, María Rodríguez Sotok egindako rolagatik (ama izan nahi ez duen emakume bat).
Rock Bottom, María Trénorren (Valentzia, 1977) lehen film luzea, Robert Wyatt konpositorearen bizitzan eta musikan inspiratutako animaziozko lana da. Iaz WIP Europan parte hartu ondoren, filma Annecyko azken jaialdiko lehiaketa ofizialean sartu zen.
Jorge Sanz, Macarena Sanz eta Vito Sanz El hombre bueno pelikularen aktore-zerrendan agertzen dira; protagonistak banandu nahi duen bikote bat eta horien lagun zahar bat dira, eta bitartekari-lanak egiteko eskatuko diote haiek lagun horri. David Trueba (Madril, 1969) Málagan lehiatu zen bere film berriarekin, Soldados de Salamina / Soldiers of Salamina (Made in Spain, 2003), La silla de Fernando / Fernando’s Chair (Zabaltegi, 2006), Madrid, 1987 (Zabaltegi, 2011) eta Vivir es fácil con los ojos cerrados / Living Is Easy With Eyes Closed (2013) eta beste hainbat pelikula zuzendu ondoren. Saben aquell (2023) bere aurreko fikziozko filmak Goya sarietarako 11 izendapen eta Gaudi sarietarako 13 izendapen batu zituen.
Jonás Truebaren (Madril, 1981) Volveréis / The Other Way Around film berriak Europa Cinemas Label saria irabazi zuen Cannesko Quinzaine des cinéastes sailean. Bere film berri horretan banandu egin direla ospatzeko festa bat antolatu duen bikote baten istorioa kontatzen digun errealizadorea beste lan batzuekin ere lehiatu izan da Zinemaldian: La reconquista / The Reconquest (2016), Quién lo impide / Who’s Stopping Us (2021; antzeztalde onenaren Zilarrezko Maskorra eta FIPRESCI saria Donostian eta dokumental onenaren Goya), Todas las canciones hablan de mí / Every Song Is About Me (2010), Los ilusos / The Wishful Thinkers (2013) eta La virgen de agosto / The August Virgin (2019); azken hiru horiek ere Made in Spain sailean erakutsi ziren.
Mugaritzi buruzko dokumental bat eta Galder Gaztelu-Urrutiaren ‘El hoyo 2’ Culinary Zineman
Made in Spain sailak 21 film luze bilduko ditu Made in Spain sailak 21 film luze bilduko ditu