[Kafe Aleak] Lutxo Egiak Peiremans

[Kafe Aleak] Lutxo Egiak Peiremans –

[Kafe Aleak] Ibon Egañak Nick Cave & the Bad Seeds.

Peiremans

“Peiremans”
(Bonberenea Ekintzak, 2005
)

.

2005eko udaberriaren hasieran Pasavento doktorea aurkeztu nuen Donostian. Maria Cristina hotelean tokiko egunkariei bistadizoa botatzen ari nintzaiela, albiste batek jo zidan arreta: hiru musikarik futbolari baten deitura jarria zioten beren musika-proiektuari. Deitura ez zen Zamora edo Bakero —Juan Villoro laguna izen gehiago emateko gai izango zatekeen; ni, ez—, baizik eta Peiremans.

Nor ote zen Peiremans? Horren gutxi nekien futbolaz?

[Kafe Aleak] Lutxo Egiak PeiremansIrakurtzen jarraitu nuen izen misteriotsuak akuilatuta. Hala jakin nuen Errealak 2000ko udan fitxatu zuela Frederic Peiremans aurrelari belgikarra. 600 milioi ordaindu zuen —artean pezetak nituen erreferentzia—. Zoritxarrez, Peiremansek ez zuen sekula partida ofizial bateko segundo bat jokatu. Tortilla baten lez zituen gihar iskiotibialak. 2001eko amaieran, depresioak jota zegoela, konfiantzazko mediku batengana jo zuen. Peiremansek sindrome piriformea zeukan, hots, pelbisa zeharo hondatuta. Ezingo zen berriro futbol-zelai batera irten. Jokalariak ezintasun iraunkorra eskatu zuen. Baita epaile batek eman ere.

Dirudienez, musikariek —Imanol Peiremans, Gorka Peiremans eta Txiki Peiremans, egunkariak zioenaren arabera— galtzailearen figurari erreparatu nahi izan zioten, eta burlaizez begiratu bizitza aldatuko ez zien mundu bati.

Bat etorri nintzen Peiremans familiaren asmoarekin —Trapp familia austriar hartakoak bezain higuingarriak ez izatea ere desio nuen—. Belgika, azken batean, jokalariaren metafora baino ez zen, estatu lesionatua —eta ez bakarrik iskiotibialetan—, herria ez zen luxuzko fitxaketa, forma anitzeko sindromeak jota.

Irakurri ahala proiektuaren sakoneko garrantziaz eta zentzuaz jabetu nintzen: Peiremans desagertzeko munduratua zen. Iraungitze data zuen, horrenbeste gustatzen zitzaizkidan txokolatezko jogurtak bezalaxe. Ezin zen kasualitatea izan. Berriro erreparatu nion fitxaketaren datari: 2000ko ekaina, Bartleby eta enparauak argitaratu eta hiru hilabetera.

Liburu hartara eta egun haietara joan zitzaidan gogoa. Obra, beren bizitzaren une jakin batean sortzen jarraitzeko ukoan tematzen diren autoreei eskainia zegoen; arrazoi bat edo beste —eta ez da ziorik eza baino zio hoberik izaten—, Ez ilunera murgiltzera erabakitzen dutenei; Rulfo, Salinger eta Rimbaud legezko heroiei.

Leihotik kanpora begiratu nuen une batez gertatzen ari zen guztia hobeto ulertzeko. Peiremans, beste ezertaz baino areago, ukazioaz ari zitzaigun. Proiektu kamusianoa begitandu zitzaidan, bazekien bertute bihurtzen ezetza. Orok gero eta iraupen laburragoa zuen mundu batean, iraute-grinak bizi gintuen. Peiremansek, ordea, betikotzeari uko egiten zion. Berehala, ezinbestean, Nathaniel Hawthorneren Wakefield eta Herman Melvilleren Bartleby pertsonaiak etorri zitzaizkidan akordura, biak ala biak ukoaren enbaxadoreak.

Ez zen luze joan, bestetik, Peiremansi eta sortzen jarraitzeko uko setatiari esker, ezagutzen nuen idazle belgikar bakarraz ere gogoratu arte: Georges Simenon. Anti-Peiremans hutsa, 192 eleberri eta 1.000 ipuin zituen argitaraturik —Non eros dezaket Peiremans? —galdetu nien harrerako langileei.

Egunkariko berbek zekarten ukazioaren musikak sorgindurik nindukan ordurako. Harreragileek ez zekiten deusik taldeari buruz. Ez bat ez bi hirian galtzera egin nuen. Diskoa behin bakarrik entzutera deliberaturik nengoen.

Gaur Donostiara bueltatu naiz Dublinesca azken eleberria aurkeztera. Eguerdian itsasertzean ibili naiz. Kantauriko haize jelatuak hotelera itzultzera behartu nau berehala. Zeregin hoberik ezean, tokiko prentsa irakurtzeari ekin diot. Ohitura dut. Eta bost urte lehenago bezala, beste albiste batek goiti-beheiti astindu nau: Colemans taldea kontzertu batzuk ematen ari da Peiremans zenaren uberan.

Atzera ere irakurri dut albiste profetikoa. Izena Chris Coleman entrenatzailearen omenez jarri dute. Peiremans bezala, Errealera etorria. Eta hura bezala, zoritxarrean ez ezik laburrean ere aditua. Antiheroi petoa. Egunkariaren arabera, Coleman galestarra da, Swansean sortua. Eta orduantxe argi ikusi dut galestarrak ukazioaren artistak direla.

.

Azaleko argazkia: Batiste Ezeiza

.

.

Lutxo Egia (Santander, 1969)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

[Kafe Aleak] Lutxo Egiak Peiremans [Kafe Aleak] Lutxo Egiak Peiremans