Lurraren herritmoa
Lurraren herritmoa –
Iaz, Arberatzen instalatu zen EHZ. Amikuze eskualdera joan zen festibala euskal kulturaren eta herri dinamikentzat emankorrak diren lurretan haziak ereitera. Lurra bezala, EHZ aberasten da eta etengabeko kimu hazkuntzan denez, Irisarritik Arberatzera joan zen festibalaren eta herri baten erritmoak uztartzera.
Kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazio nehoiz baino bortitzagoa den garaiotan, EHZ-k landuriko lurrak emankor izaten segitzen du, landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz, Amikuze eskualdeko biztanleekin batera.
Ziklo desberdinez osatu da EHZ. Funtsean, urte anitzez loratuz joan, eta lekuz aldatu behar izan du barnebiltzen dituen antolaketa talde eta laguntzaileen belaunaldien joan-jinen erritmora. Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan zehar, salgai izan gabe.
Makrofestibaletatik haratago, hemengo (h)erritmotik eraikitzen da EHZ. Lurra denen ondasuna den heinean, EHZk ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo.
Arrosatik Arberatzera, belaunaldiz belaunaldi milaka laguntzailek landatu dute EHZ, elkar trukea, auzolana eta autogestioa oinarri harturik. Lurraren (h)erritmoari esker ereinen dugu Euskal Herria Zuzenean!
LEHEN BAIEZTAPENAK
Egitarauaren aldetik, orotariko musika estiloak oholtzara eramanen ditugu, doinu eta adierazpen mota ezberdinak taularatuz eta sorkuntza berriei plaza bat eskainiz. Besteak beste, aurten, talde hauek izanen ditugu EHZ-n:
Auhen, Marte Lasarte, W!zard, Radio byzance eta Maskak.
Horrez gain, eguneko programazioari doakionez, Oona Doherty eta Queer Falafel artistak izanen ditugu.
LEHEN AURRESALMENTAK
Gaurtik goiti hiru eguneko sarrerak 43€ euroan salgai dira apirilaren 1a arte, ehz.eus webgunean.
Bigarren eta hirugarren aurresalmentekin batera eta taldeak iragarri arau, informazio eta xehetasun gehiago igorriko dizkizuegu.
Azpimarratu nahi genuke EHZ ez dela sold-out kulturan sartuko eta ondorioz denentzat lekua izanen dela iragartzen dizuegu. Kapitalismoak eragindako inflazio garai honetan, gure ahalegin guziak egiten ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin.