LUMAfest! lehiaketak bere parte-hartze marka hautsi du

LUMAfest! lehiaketak bere parte-hartze marka hautsi – 

LUMAfest! Kultura Sailak antolatzen duen gazte literaturako jaialdiaren mikrokontakizunen lehiaketak bere parte-hartze marka hautsi du

  • Laugarren edizioan 111 idatzi aurkeztu dira, eta horietatik 70 euskarazko kategoriakoak dira. Kategoria horretan orain arteko zifrarik onena 2022an aurkeztutako 29 lanak ziren.
  • Gainera, Joana Marcús idazle ospetsuak eskainiko duen hitzaldira joateko 75 gonbidapenak hemezortzi minututan agortu ziren.
  • Gogoratu behar da jaialdia apirilaren 3tik 5era bitartean egingo dela Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Santa Teresa Komentuan.

Iris G. Parente eta Selene M. Pascual, LUMAfest! jaialdiaren hirugarren edizioanLUMAfest! Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatzen duen gazte literaturako jaialdiaren mikrokontakizunen lehiaketak parte-hartze errekorra hautsi du aurten. Laugarren edizioan, lehiaketak 111 idatzi jaso ditu, horietatik 70 euskaraz eta 41 gaztelaniaz. Horrek esan nahi du parte-hartzeak nabarmen egin duela gora; izan ere, kopururik onena 2022an lortu zen, 102 mikrokontakizun aurkeztu zirenean, baina horietatik 29 baino ez zeuden euskaraz idatzita. Gainera, Joana Marcús idazle ospetsuarekin egingo den hitzaldira joateko 75 gonbidapenak hemezortzi minutuan agortu ziren.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuak positiboki baloratu ditu datuok, eta adierazi du “gazteek literaturarekiko duten gero eta interes handiagoaren isla” direla. “Lehiaketako parte-hartze errekorrak erakusten du, gainera, idazle belaunaldi berrientzako erreferentziazko espazio gisa ezarri dela LUMAfest!, eta euskarak lekua irabazten jarraitzen duela literatur sorkuntzan. Kultura sailetik irakurketa, idazketa eta sormenezko adierazpena sustatzen duten jarduerak babesten eta sustatzen jarraituko dugu”, esan du.

Parte-hartzearen igoera

Mikrokontakizunen lehiaketan parte-hartzearen igoeran eragin duen beste faktore bat idatziak jasotzeko bide pribatu bat irekitzea izan da. Oraingoan posta elektronikoz bidal zitezkeen, eta orain arte sare sozialen bidez eta modu publikoan baino ezin ziren bidali.

Aldi berean, institutuen inplikazio handiagoa antzeman da. Urtero gutun bat bidaltzen zaie jaialdiaren programa eta mikrokontakizunen lehiaketa ikasleen artean zabaltzea eskatzeko. Zentzu horretan, euskarazko kategorian aurkeztutako kontakizunen gorakada Orereta Ikastola eta Haztegi Ikastolako (Legazpi) ikasleen parte-hartze masiboari zor zaio nagusiki.

Azkenik, jaialdia nori dagoen zuzenduta kontuan hartuta, hau da, 14 eta 21 urte bitarteko gazteei, haien ohiko komunikazio-kanalen bidez, hau da, sare sozialen bidez, jaialdia ezagutzera emateko ahalegina egin da. Hala, sare sozialetan jarraitzaile asko dituzten gazte-literaturako edukien dibulgatzaileen lankidetza bilatu da, Raquel Brunerena, adibidez, jaialdiaren programa eta lehiaketa hedatzeko.

Gazteentzat punta-puntakoak diren idazleen parte-hartzea

Gogoratu behar da LUMAfest-en laugarren edizioa apirilaren 3, 4 eta 5ean egingo dela Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostiako Santa Teresa Komentuan, eta publiko gaztearentzat punta-puntako idazleak bilduko dituela.

Nabarmentzekoa da Allison Saft idazle estatubatuarrak Estatura egingo duen lehen bisita hartuko duela jaialdiak. Gainera, Joana Marcús eta Alice Kellen idazle nazional ospetsu eta ezagunek parte hartuko dute. Aipagarria da, halaber, Lur Gallastegi ‘Go!azen’ EITBko telesail ezaguneko liburuen egileak LUMAfest-en! ‘Zurriola beach hostel’ nobela berria aurkeztuko duela. Gallastegik protagonismoa partekatuko du mahai-inguru batean Nerea Ibarzabal idazle eta bertsolariarekin, ‘Bar Gloria’ bere lehen eleberriagatik literaturaren arloan ezaguna dena.

Egitarauarekin jarraituz, ohiko formatuetatik aldendutako saioa antolatu da aurten, Formol Laborategia kolektiboaren eskutik. Beraien ‘Album’ argitalpenetik abiatuta, hitzaldi baten eta irakurketa dramatizatu baten arteko hibridazioa eskainiko dute.

Azkenik, Bruno Puelles antzerki irakaslea eta Lidia Ciprés sare sozialetan literatur dibulgatzaileak hitzaldi bat emango dute, eta, argitaratu dituzten azken liburuetatik abiatuta, girotzeak eta pertsonaiak sortzeko teknikei buruz hitz egingo dute.

Kolaborazioak LUMAfest-ekin!

Horrez gain, LUMAfest! inguruko eragile eta espazio literario ezberdinen arteko sareak josi nahi ditu. Horretarako, Elkar bezalako argitaletxeak inplikatzen ditu, eta sektoreko enpresen lankidetza bilatzen du, hala nola FNACena, zeinak Donostian duen egoitzan txoko bat eskaini baitio jaialdiari, gonbidatutako egileei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Horrez gain, Gipuzkoako Liburu-saltzaileen Gremioak mikrokontakizunen lehiaketako sariak ematen ditu, eta liburu-denda independenteek ere parte hartzen dute; esaterako, Ebla liburu-dendak saltoki bat jarriko du jaialdian.

Aldi berean, Urdaneta kaleko egoitza itxita dagoen bitartean Reyes Católicos kaleko mailegu zerbitzua mantentzen duen KMK liburutegiak interesgune bat ezarri du non gaztelaniazko eta euskarazko gazte generoko literatur berrikuntzak, eta, zehazkiago, jaialdira gonbidatutako egileen berrikuntzak, eskaintzen diren.

LUMAfest!eko egitarau osoa www.lumafestibala.com web orrian aurki daiteke.

LUMAfest! lehiaketak bere parte-hartze marka hautsi du

Gipuzkoako Foru Aldundia - Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude