Kritika Zinematografikoa: “Los reyes del mundo”

Kritika Zinematografikoa: “Los reyes del mundo” –
Kritika Zinematografikoa: "Los reyes del mundo"

Zuzendaria: Laura Mora
Urtea: 2022
Herrialdea: Kolonbia

-Itzulerarik gabeko ihesaldia-

Kritika Zinematografikoa: "Los reyes del mundo"Iazko Zinemaldian, urrezko maskorra besapean, garaile handiena izan zen Laura Mora kolonbiarra, publiko zein kritikak bat egin baitzuten gizarte bortitzeko coming of age basati eta aldi berean liriko honekin. Bere inguruari eta momentuari erabat hertsia, Kolonbiako bake hitzarmenen ondorengo urteak dira, bere oinarriak birdefinitzen ari den komunitatea dugu, baina erdibideko belaunaldi horiek pairaturiko oinazea ezin daiteke irauli. Linbo horretan ezarriko dira pelikula honetako nerabeak, munduan bakarrik dauden bost gazte galdu. Bat-batean anabasa eta biolentziaren gotorleku den hiritik ateratzeko aukera ikusiko dute, haietako batek, Rák, eskutitza jasotzen duenean. Bere garaian amonari paramilitarrek kenduriko lurren jabe denaren jakinarazpena da. Pelikula Medellin-etik 400 kilometrora dagoen galdutako paradisu horren bidaiaren kronika izango da.

Gauza interesgarri asko daude pelikula honen baitan. Lehenik eta behin testuinguru basatian hazten den gazteriaren argazki aberatsaren eratzea, nolabait munduan zintzilik dauden subjektuak balira bezala, familia dutenaren inguruko aipamenik ere egin gabe, errealitate desberdin batekin amets egitera kondenaturik. Erretratu korala egiten da (Rak protagonismo gehiago izango duen arren), itxuraz psikologismotik apartekoa, nahiz eta badiren hainbat pasarte haurtzaro gabeko gazteak direla iradokitzen dutenak (guztiak travelling ederrez gauzaturikoak), hala nola prostituta batzuek maitekiro, amak balira bezala besarkatzen dituztenean; edo inozentzia betean lotan erakutsiko zaizkigun uneetan. Testuinguruaren inguruko marraztean hainbat aspektu mamitsu ukituko dira, tokian tokiko tratamendu desberdindua izango baitute bidean aurkituko dituzten eszenatokiek, hala nola, pasarte urbano edo landa eremu urrunduek, nolabait askatasun pertsonalarekiko bi espazio aurkako balira bezala.

Eta denaren zentzua kameraren bitartez gauzatuko da era zoragarrian. Pelikularen hastapenetik bertatik somatuko dugu errealitate gordinaren marrazkia ukitu lirikoarekin erkatuko dela, eta uztartze hau izango da hain zuzen ere pelikularen bihotza. Berez kontatzen dena soila izango da (road movie xehea da bere ekintzetan, eta bidaian izango dituzten ezbehar eta abenturek ere ez dute misterio gehiegirik izango), baina konplexutasuna irudiaren bitartez iritsiko da. Elementu sinbolikoekin jolas eginez (zaldi zuria, esperantzaren paperak, ikusten utziko ez duen lainoa), ametsaren eta delirioaren eremuetan sartuko gara era zirraragarrian. Aipatu ditugu loaren inguruko eszenak badirela, eta aipamenak ugariak dira ametsaren munduari erreferentzia egiten diotenak (“egun batean gizon denak lo geratu ziren eta lurraren ertzak kiskali ziren”). Kutsu oniriko honen bitartez sartuko gara lurralde arrotzetan, horren kolonbiar den errealismo magikoaren uretan (kasualitatea ote Laura Mora Gabriel García Márquez idazlearen Cien años de soledad liburuan oinarritutako telesaila zuzentzeko hautatu izana?). Errealitate eta irudimen dena banatzea ez da erraza suertatzen. Badira logika apurtzen duten uneak eta mugak, irudietan bertan, esaterako, oso neurtuak daudenaren sentsazioa sor dezakete. Adibide garbiena da bukaera parteko suzko barrikadaren prestatzea, amesgaiztoa balitz bezala diseinaturikoa (argazkilaritzak eta soinuaren tratamenduak goia jotzen dute eszena honetan).

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Los reyes del mundo"

Kritika Zinematografikoa: “Los reyes del mundo”

Euskal pantailaren gunea