Loreak asmatzen: Naturzale europarrak Euskal Herrian
Erakusketa honek, XIX. mende erdialdean, Euskal Herriko landareak bildu eta marraztu zituzten bi naturzale elkartzen ditu. Pietro Bubani eta Didier Petit de Meurville.
Bubanik bere bizitza Piriniotako landareak jaso eta aztertzen eman zuen eta gurean 1841 eta 1879 artean zenbait ibilbide egin zituen, beti ere bere herbarioarentzat landareak jasotzeko helburuz. Didier Petit de Meurville aldiz, 1857.etik aurrera Frantziako kontsula izan zen Donostian eta pintura eta landareekiko maitasuna elkartuz Gipuzkoako florari eskainitako hiru bilduma osatu zituen.
Bi pertsonaiak denbora eta espazioan batera egokitzeak eta bien landareekiko maitasuna uztartzeak erakusketa hau antolatzeko bidea eman digu. Bertan gure XIX. mendeko flora, zientzia eta artearen aldetik aztertzeko beta izan dugu, eta bide batez garai hartako gure herriaren egoeraz mintzatzeko aukera. Garai hartan, ikertzeko zein gozatzeko Pirinioen inguruan sortutako interesa ere aipatzen dugu.
Erakusketak bi naturzale hauek landutako materiala hiru modutan aurkezten du. Landare bakarraren fitxa osatua eskainiz batzutan, bere erabilera ardatz hartuta besteetan (sukaldaritzan, kosmetikan, mitologian edo sendabelar gisa) eta agertzen diren tokien arabera azkenik. Landareen izenek ere informazio ugari eskaintzen digute eta batzutan aldaketa klimatikoaren garapena aztertzeko ere balio dezakete.
Erakusgai dauden materialen artean, azpimarratzekoak dira 4.000 landare baino gehiagori buruzko informazioa biltzen duen Bubaniren lan ospetsua, bera hil ostean argitaratua, Gipuzkoako florari buruzko Didier Petit de Meurvillen albumak, baita argazkiak, eskuizkribuak, pirineoei buruzko argitalpenak eta mapak ere.
Erakusketaren eta piezen ikerlana Zumalakarregi Museoaren eta Bolognako Museo del Risorgimientoren arteko lankidetzaren emaitza da.