Literaturia azokan egun batez
Larrabetzura bidean nindoan Martin Etxeberriarekin. Berak eta Xabier anaiak idatzitako azken liburuaren (Arrain abisalak) aurkezpenaren aitzakiarekin, taxi merkea lortu nuen Literaturiara joateko. Banuen gogoa Etxeberriatarrekin egoteko aspaldiko partez, eta noski baita Larrabetzuko zenbait lagun berriz ikusteko ere.
Ez da zaila herri bizkaitar hau aurkitzea. Durango pasa eta txorierrirantz autopista hartu orduko, “LARRABETZU” ipintzen duen kartel handia dago-eta. Handik abiatu eta zenbait baserri eder ikusi eta gero, urrunean begiztatu genuen herriko eliza. Alboan, garai batean udaletxe izandako, Hori bai gaztetxea. Segituan oroitu nuen, ederki oroitu ere, Garabirekin jotako lehenengo kontzertua baino lehen berton sentitu genituen sentsazioak. Eta bertoko jendearen harrera beroa. Baina tira ez du garrantziarik horrek. Beste istorio bat da.
Iritsi bezain laster azoka bilatzeari ekin genion; Hori bai ingururantz joan ginen eta ezkerrera hartu genuen kale nagusian zehar. Bertan Gazteleku taberna, Herrikoa… eta amaieran udaletxeko plaza. Txosna bat muntatuta zegoen arren ez zen jende gehiegirik han. “Hi, nun ote ziok pa azoka Oier”, ez nuen erantzuten jakin. Erantzun ordez Oier Gillani edo Gotzon Barandiarani (antolatzaileak haiek) deitzeko aholkatu nion. Halaxe egin eta herriko eskolan zela jakinda, Batzokiaren atzeruntz habiatu eta azoka aurkitu genuen. Martin harrituta zegoen, ez zuen espero halako herririk. Nik uste sorpresa polita eraman zuela. Zer esan bada… herri lasaia izateaz gain ederra da.
Azokak zortzi stan zituen eta argitaletxe guztiek zuten presentzia. Eskolako patioaren alde bakoitzean lau postu zeuden kokatuta. Erdian aldiz aulkiak eta mahai bat, aurkezpenak egiteko. Mikel Peruarena zebilen “Ez obeditu inori” liburua aurkezten eta entzule dexente zuen aurrean portzierto. Han ziren irakurle papera hartuta entzuten; Koldo Izagirre, Jurgi Kintana, Edorta Jimenez, IƱaki Irasizabal, Anjel Alkain… besteak beste. Bakoitzak bere liburua aurkeztu behar zuen. Literatur aurkezpenen aurre-iritzi oro zapuztuta geratu zitzaidan. Literatur aurkezpenak aspergarriak omen dira! Bada, Literaturiagatik ikasi nuen bazegoela modurik hala izan ez zedin. Hitzalditxo motz bat -elkarrizketa modura egina- eta ondoren jendearen galderak. Irriren bat edo beste; batez ere, Edorta Jimenezen mihi bihurriagatik, eta hurrengo idazlearen txanda. Kazetaritzako lehenengo urtean baino gehiago ikasi nuen bada!
Martinen txanda ere pasa zen eta zintzo-zintzo geratu ginen gainontzekoen aurkezpenak entzutera, nahiz eta esan beharra dagoen, plazatik zetorren talo usainaren erruz, nire buruak pentsatu zituela hainbat plan handik ihes egiteko. “Hara ze pixagure!!!”, edo “Plazako stan hartan ikusi diat liburu eder bat, txorizo eder batekin barrenean… Martin baniak ikustea.” Baina ez, goseari eutsi genion, ziklista onenen gisan.
Amaitu orduko irten ginen eskolatik, eta han joan ginen txorizo liburuak irakurtzera plazara. Solasean, apurtxo bat edaten janaria jaisteko aitzakian. Beno, eta apurtxoka-apurtxoka bazkalordua. Martinek itzuli beharra zuen Zarautzera. Ni aldiz, Larrabetzun geratzen nintzen konpainia onean. Endika biologiako lagunarekin, Gotzonekin, Gorka herri-kidearekin… Endikak gonbidatu ninduen Herriko tabernan bazkaltzera, eta bertan ere zenbait jende jator ezagutu nuen. Larrabetzun ohi den legez, ondo zaindu ninduten. Bazkalostean hizketan aritu ginen, Literaturiak eklipsatutako europako hauteskundeen inguruan. Hala aritu ginen bostak arte, ordu hortantxe hasten baitziren aurkezpen eta emanaldiak.
Berriz hurbildu nintzen azokara, oraingoan bakarrik. Diru apur bat aterea nuen goizean, bada ez bada ere. Nork daki, agian libururen bat erosiko nuen. Banekien erosiko nuela. Beti jausten naiz konsumismoaren hatzaparretan, batez ere horrelako azoketan. Eskolako gaztetxoek, musikaz lagunduta, zenbait poema irakurri eta horren ostean, mahai ingurua egon zen Anjel Alkainekin eta ikasleekin beraiekin. Galderak, irriak, lotsa, lotsagabekeria, irri gehiago… polita izan zen. Hori amaiturik, gaztetxerantz joan ginen gehienok. Han Mikelazulo elkarteko kideek (tartean Oier Gillan) “Ate hautsiak” poesia errezitaldia egin behar baitzuten. Sartu eta lurra zimurtutako paperez mukuru topatu genuen. Kitarra bat eta bibolina prest akziorako. Mikroak ahotsaren zain… Pantailatxo bat eszenatokiaren atzean lona beltz baten erdian, bideoak proiektatzeko.
Eta hasi zen, nire iritzi apalean, eguneko onena izan zena. Oier Gillanen ahots irrati-foniko gozoa eta bere lagunaren ahots hautsia. Sentimenduz beteriko poemak, dramatismoa irabazten zutenak bibolinaren ikutu erritmikoekin. Soinu banda noizean behin, kitarrak jartzen zuena. Sentimentu hutsa. Eta tartekatuaz (honi ez nion hainbeste zentzu aurkitu) bideoak. Bideo arraroak, estatikoak. leku edo zeraren bat enfokatzen zutenak beste barik. Txalo zaparrada bat baino gehiago jaso zuten tarteetan, baina amaierakoa izan zen sendoena, luzeena. Kuriosoa, landua, dramatikoa, polita.
Eguneko emanaldi guztiak amaitu ziren. Jada Kukubiltxokoen bakarrizketa soilik zen geratzen. Suizidioaren inguruko bakarrizketa. Bakarrizketa gordina, batzuetan nahiko gogorra. Protagonistak suizidatu nahi zuen, bere maitearekin zeruan (istripu batean hila hau) elkartzeko. Hamaika saiakera egiten zituen eta guztietan beldurtuta amore ematen zuen, ez zuen nahikoa ausardiarik. Baina bukaeran ordea, bere buruaz beste egitea lortu zuen tiro batez. Aurreikusitako amaiera. Honekin bukatu zen Literaturia, azoka benetan duina, Larrabetzu euskal kulturaren zentro bilakatu zuena asteburu batez. Ea halako asteburu gehiago izaten diren.
Hori bai gaztetxetik atera eta Bilborako azken autobusa hartu nuen, hurrengo egunean azterketa. Ezin nuen faltatu.