Literatura aldizkariak Sautrelan
Gezurra badirudi ere, izan zen garai bat non bazterretan literatura aldizkariak loratzen ziren, lili-loreak bezala. Margolarien atelierra nola, literatur aldizkariak idazle askoren tailerrak izan dira. Ze idazlearen bizitzan dena ez baita nobela, dena ez baita lan mardul. Garai batean idazleak aldizkarietan idazten hasten ziren, eta handik ematen zuten liburugintzara salto.
Koldo Izagirre eta Bernardo Atxaga, adibidez, Ustelan hasi ziren, Mikel Antza eta Xabier Montoia, berriz, Susan, eta abar. 50 urte besterik ez ditu euskal aldizkarien munduak, urte gutxi, eta horrek erakusten du geure literatura zein gaztea den, askotan bestelako irudia ematen duen arren.
Eta aldizkarietan lehenengoetakoa, hain justu, Igela aldizkaria izan zen, otaintxu 50 urte bete dituena. Jon Mirandek eta Txomin Peillenek sortu zuten aldizkaria Parisen, eta eskandalua eragin zuen, antiklerikala eta heterodoxoa baitzen. Han jorratzen ziren, hala nola, doktrinen kontrako testuak, sexuari buruzkoak, edota politikari buruzkoak. 6 ale baino ez zituzten atera, baina literatura berri baterako hazia izan ziren, askok deskubritu baitzuten euskaraz gai erlijiosoak ez zirenak ere jorratu zitezkeela.
Igande honetako Sautrelak toki berezia egingo dio Igelari, eta baita ere gaur egun martxan jarraitzen duten beste hiru aldizkariri: Maiatzi, Hitzen Uberani, eta Hegatsi.
Gonbidatu hauek izango ditugu: Txomin Peillen, Igor Estankona, Itxaro Borda, eta Oier Guillan.
Gaur bertan, arratsaldeko 15:15tik aurrera, ETB1en.
Atsegin handiz ikusi dut gaurko Sautrela. Paradisuan sartzeko saioari oharra egin nahi diot: hitzen ostean jartzen duzuen musika. Azken bolada luze honetan irratian eta telebistan nagusitu da joera hori eta ez zait egokia iruditzen. Txomin Peillen edo Itxaro Bordaren atzean-azpian-gainean musika ederra sartzeak hitzak zapuztu egiten dituela iruditzen zait. Hitza eta isiltasuna zoragarriak dira bere sinpletasunean. Musika hutsa zoragarria den bezala.
Aitor Etxarte