Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa

Liburu Gaztea Book Trailer LehiaketaIrailaren 19an, ostiralarekin amaituko da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako Ikastetxeen Kategorian parte hartzeko izen-emate epea. Ikasturte honetan ere parte hartzaileek proposatutako liburu bat irakurri, launakako taldetan bildu eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2015eko martxoaren 13a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea eta hau da horretarako azken astea.

Iaz lehiaketak markak hautsi zituen: 20 ikastetxek hartu zuten parte, guztira, 1650 ikasle baino gehiago ibili ziren liburuak irakurri eta book trailerrak egiten. Ikastetxeen kategorian 275 book trailer lehiatu ziren, Norbanakoenean 22. Eta bozketan ia mila lagunek eman zuen botoa gsutuko zuen book trailerrak irabaz zezan.

2014-2015ean berrikuntzak

Lehiaketaren hirugarren edizioa izango den honetan, book trailer lehiaketaren izaerari eutsiko diogu, baina zenbait aldaketa izango dira.

Aldaketarik garrantzitsuena epai-mahaiarena da. Alegia, ikasturte honetatik aurrera lau adituk osatutako epai-mahaiak hautatuko ditu book trailerrik onenak Ikastetxeen kategorian eta Norbanakoenean.

Hala ere, orain arte bezala, publiko zabalak ere botoa emateko aukera izango du, PUBLIKOAREN SARIAren irabazlea hautatzeko. Botoa ematen dutenen artean, gainera, e-reader bat zozkatuko da, orain arte bezala.

Hona hemen, sariak: 

– IKASTETXEKA:

DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

– NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

– PUBLIKOAREN SARIA:

Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian: e-reader bat

– BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean dituzue liburu bakoitzaren unitate didaktikoekin batera.

2013an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gaztea batzordeak hautatuko liburuen zerrenda mailaz maila:

DBH-1(12-13 urte): Zuhaitzak landatzen zituen gizona. Jean Giono. Itzultzailea: Mikel Vilches. Ilustratzailea: Mikel Mendibil. Denonartean, 2013

DBH-2 (13-14 urte): Etsai gordea. Jokin de Pedro Perez. Elkar, 2013

DBH-3 (14-15 urte): Maitasun sua. Aitor Arana. Ibaizabal, 2013

DBH-4 (15-16 urte): Gezurrezko natura hila. Marinella Terzi. Itzultzailea: J.A. Sarasola. Ibaizabal, 2013

Hortaz, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko zaio irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik. Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena.

Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa

book trailer, gazteak, irakurketa, literatura

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude