Libanoko errealitateak, Zinegoak 2023ko sarien protagonistak

Libanoko errealitateak, Zinegoak 2023ko sarien protagonistak –

Sirens dokumentalak (Rita Baghdadi) irabazi du 2023 Zinegoak Sari Nagusia, EITBren babesarekin. Warsha film laburrak (Dania Bdeir) Publikoaren Saria eta Senior Epaimahaiaren Saria irabazi du. Palmareseko saridun gehienak emakumeak dira.

Hurrengo egunetan Filmin plataforman sail ofizialeko hainbat lan ikusteko aukera egongo da, Angelez Cruz ohorezko saridunaren atzerabegirako batekin batera.

Libanoko errealitateak, Zinegoak 2023ko sarien protagonistakBilboko LGTBIQ+ zine eta arte eszenikoen jaialdiak edizio honetako sariak banatu ditu gaur. Film luze eta laburrik sarituenen kasuan Libanoko errealitateak izan dira protagonista nagusiak. Era berean, Zinegoakeko palmaresean nabaria da emakumeen presentzia, 9 saritik 6tan irabazleak emakumeak direlako.

EITB taldearen babesa duen Zinegoak Sari Nagusia (4000 euro) Sirens dokumentalarentzat izan da, Rita Baghdadi zuzendariarena. Epaimahaiaren ustez, “panorama konplexua kontatzen du, non gatazka politiko, sozial eta kulturala gorputzaren praktikekin lotzen den, aldaketa eragile gisa, gorputza desio, sormen, erresistentzia eta eraldaketa sozialerako leku gisa eratuz: erregimena erori ostean sortu diren disidentzien ispilu”. Sirens ere izan da DOK kategoriako saridun nagusia, baina bertako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juliaca Carik zuzendutako Uyra, a retomada de floresta lanari, “ikuspegi dekolonialetik filmatzen duen testuinguruarekiko kosmobisio iragazkorra erakusteagatik”.

FIK sailari dagokionez, Julia Muraten Regra 34 filmak irabazi du, “pelikula ausarta da, desioak mugak apurtzen dituelako eta gorputzak kokatuak eta politikoak direlako. Gainera, estetikoki lotuta dago narratiba zinematografiko berriekin”. Eta KRAK sailean, narratiba berriekin lotuta, Theo Montoyaren Anhell69 lanak jaso du saria, “zinematografia-elegia boteretsu eta liriko baten bidez Medellingo queer gazteek jasaten duten indarkeria agerian uzten duelako”.

Publikoaren saria, 1000 eurokoa, Dania Bdeir-en Warsha film laburrarentzat izan da, azken astean zinemaldiko aretoetara joan direnek euren botoekin emandakoa. Lan honek Senior Epaimahaiaren saria ere irabazi du, “aurrez aurre dauden bi munduren gainean eraikita dagoelako: mundu zapaltzaile eta ilun batetik, zailtasunez eta arriskuz beteriko bide baten ondoren, bere barne askatasuna bizitzera igarotzen delako”.

Gazte epaimahaiak, bestalde, Isa Luengo eta Sofia Esteve Santojaren Perpetua felicidad film laburra saritu du, “islatzen duen istorioagatik eta naturaltasunagatik”. Paco Ruizen Desviación Típica lanarentzat izan da euren aipamen berezia.

Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak Tünde Skovranen Who I Am Not film luzea saritu du, “oraindik oso ikusezina den sexu arteko disidentziaren bi bide desberdin eskaintzen dituelako. Pertsona intersexualen bizitzak zeharkatzen dituzten egiturazko indarkeriak erakusteaz gain, filmak loturak eta laguntza eta zaintza sareak ere erakusten ditu”. Sariak 1.500 euroko balioa du eta Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzako eta Aniztasuneko Zuzendaritza Nagusiak finantzatzen du. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Uyra: a retomada da floresta lanari, “estetika eder eta barearekin erakutsi duelako trans identitate ez-binarioaren eta periferiako gorputz-lurraldearen defentsaren arteko elkargunea”.

Lesbianismoaren eta Generoaren sariari dagokionez (1.500 euroko balioa du eta Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babesten du), saria Casa Susanna lanarentzat da, Sébastien Lifshitz-ena (Zinegoak 2021eko ohorezko saria). Arrazoiak honakoak: “Etxearen eta protagonisten historia dokumentatzeagatik, haien testigantzak kontu handiz eta errespetuz agertuz, eta garai hartako erreferentziarik ezean, komunitatean besarkatzen dira”. Horrez gain, aipamen berezia egin nahi izan diote Tünde Skovrango zuzendariaren Who I Am Not filmari, “identitate intersexualetara hurbiltzeagatik, Hegoafrikako bi protagonistaren istorioa antzeztuz eta nagusi den binarismoa agerian utziz eta kolokan jarriz”.

Interpretazioaren profesionalek Fikziozko Film Luzeetan Protagonistaren Interpretazio Onenaren saria ere eman diote Sol Mirandari (Regra 34), “unibertso oso desberdinak maisuki lantzeagatik”. Eta Antzezpen Sekundariorik Onena Mutt filmeko Alejandro Goicentzat, “bere begirada samur eta egiazkoarekin hunkitzeagatik”.

ZG/PRO WIP saria Egoitz Arbiol Albeniz eta Ibai Fresnedoren Armairutik plazara proiektuarentzat izan da, Hiruki Larroxa Kooperatibak ekoitzia. Saria Music Library & SFXek ematen du, eta saria AudioNetwork eta AltMusic ekoizpen katalogoetarako sarbidea duen tarifa laua da.

Behin 20. edizioa amaituta, sail ofizialeko film batzuk Filmin plataforman goza daitezke uztailaren 5era arte: Casa Susanna, Los agitadores, Regra 34, De noche los gatos son pardos… Horrez gain, beste hainbat lan ere ikusi ahal izango dira: Ángeles Cruz ohorezko sariari buruzko atzera begirakoa, 20. urteurrenari buruzko ziklo berezia, euskarazko O.S. zikloa, etab.

(Itxiera Gala osoa ikusteko hemen)

Libanoko errealitateak, Zinegoak 2023ko sarien protagonistak