Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia Agoitzen, arte-abangoardia ikuspegi inklusibo batetik

Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia Agoitzen, arte-abangoardia ikuspegi inklusibo batetik –

Lengoaia Eszeniko Berrien (LEB) Nazioarteko Jaialdiak arte-abangoardia ikuspegi inklusibo batetik hurbilduko du, Nafarroako Pirinioen atarian.

LEBek eta Continta Me Tienes argitaletxeak Testu Eszenikoen Saria deitu dute Agoitzen, abenduaren 1etik 9ra bitartean, eginen den lehen jaialdiaren barnean. 

LEB – Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdiak Agoitzen (Nafarroa) ospatuko du lehen jaialdia, Pirinioen atarian, 2023ko abenduaren 1etik 9ra bitartean, xedea izanik abangoardia eszenikoa landa-ingurunera hurbiltzea, pertsona guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubide unibertsalaren oinarrizko premisari jarraiki. 

Bederatzi egunez, LEBek (Lengoaia Eszeniko Berriak) sormen-arriskuak nagusi duen programazioa hartuko du. Hogei bat ikuskizun, konpainia profesionalen bitartekotza- eta laguntza-jarduerak, dibulgazio-erakusketa bat, ikasleentzako bisita gidatuak, masterclasseak, mahai-inguruak edo Testu Eszenikoen lehen Saria izanen ditu.

Asier Andueza zuzendari eta sustatzailearen hitzetan, “nazioarteko eta estatuko esperimentazio eszenikoaren errealitatea landa-eremura hurbildu nahi dugu, eremu hori lehen mailako kultura-epizentroa izan dadin, arte-bikaintasun ukaezina duten konpainiak eta lanak tarteko. LEB tokikoa gaindituko duen eta bertaratutakoei abangoardiako esperientzia bat ematen dien gertakari bihurtzea nahi dugu, betiere inklusiotik lan eginez eta ikuslea parte-hartzaile aktibo bihurtuz, horrela konpainien eta publikoaren arteko zuzeneko elkarrizketa, begirada berriak eta publiko berriak sortzeko.

Iriartea Pilez Elkarteak sustatutako proiektua Nafarroako Gobernuak laguntzen du diruz, eta, horrez gain, Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Fundazioaren InnovaCultural Programaren, Agoizko Udalaren eta Agoizko Kultur Etxearen babesa du.Lankidetzan dihardu, halaber, Jaialdiarekin, Arte Eszenikoen Akademiarekin (AEA), Eszena Zuzendarien Elkartearekin (EZE), Antzerki Egileen Elkartearekin (AEE), Nafarroako Eszena Enpresari Elkartearekin (NEEE) eta Continta me Tienes argitaletxearekin (CTMT).

.

Testu Eszenikoen Sariketa

Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia Agoitzen, arte-abangoardia ikuspegi inklusibo batetik LEBek eta Continta Me Tienes argitaletxeak, AEE-Antzerki Egileen Elkartearen laguntzarekin, Testu Eszenikoen lehen Sariketarako deialdia egin dute: testu dramatikoak, predramatikoak eta/edo postdramatikoak. Sari-banaketa jaialdian bertan eginen da.

Poetika, sorkuntza eta dramaturgia berriak, eta abangoardiako formatuak eta Lengoaia Eszeniko Berriak sustatu nahi dituen saria da.

Epaimahaiak positiboki baloratuko du parte hartzen duten testuek oinarri izanen dituzten gaiak, ikuspegiak, tratamenduak, diskurtsoak, gogoeta eta jarrera kritikoak LEB jaialdiaren oinarri diren printzipioak jasotzea. LEB jaialdiak feminista, queer, inklusibo, integratzaile, elkartasunezko, irisgarri eta nazioartekotzat jotzen du bere burua.

Edozein adinetako eta edozein lekutako egileek, konpainiek eta/edo kolektiboek parte hartu ahal izanen dute. Lanek gaztelaniaz idatzita egon beharko dute eta jatorrizkoak izan beharko dute. Lanek argitaragabeak izan beharko dute, eta 6.000 eta 12.000 hitz bitarteko luzera izanen dute. Testuak telematikoki aurkeztuko dira, lebfestival.com orrialdean prestatutako formularioaren bidez.

Testuak aurkezteko epea abuztuaren 6an amaituko da. LEB jaialdian emanen da epaiaren berri.

Epaimahaia LEB jaialdiaren ordezkari batek, Continta Me Tienes argitaletxearen ordezkari batek eta AEE-Antzerki Egileen Elkartearen ordezkari batek osatuko dute. Horiez gain, antzerki- eta literatura-arloan izen handia duten bi lagunek osatuko dute epaimahaia. 

Testu irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eskudirutan, eta Continta Me Tienes argitaletxearen Escénicas bilduman emanen da argitara. Horrez gain, IRIARTEA PILEZ elkarteak (LEB jaialdia sustatzen duen erakundea) testu irabazlea taularatuko du LEB jaialdiaren bigarren edizioan.  

Sariaren oinarri guztiak esteka honetatik deskarga daitezke 

Lengoaia Eszeniko Berrien Nazioarteko Jaialdia Agoitzen, arte-abangoardia ikuspegi inklusibo batetik