Lehen gaualdi arrakastatsua, laino grisen azpitik

Lehen gaualdi arrakastatsua, laino grisen azpitik –

Ongi etorri Amikuzera.

EHZ festibalak bere ateak zabaldu ditu ostiral huntan eta bere lehen edizioarentzat Arberatzek harrera goxo bat egin du Amikuzera hurbildu diren festibalariei.

Lehen gaualdi arrakastatsua, laino grisen azpitikBroken Brothers Brass Band txarangak festibalaren 28. edizioko lehen doinuak bota zituen Arberatzeko plazan, akanpalekua oihal etxez betetzen hasten zen bitartean. Euskabaret taldeak programazioaren segida hartu zuen eta «lotsarik gabe» plaza mila kolorez apaindu. Kontzertua bukatu ondotik, eszenatik jautsi eta publikoa batu zitzaien harrotasunez pentzera arte desfilatzeko.

Janus Lesterek lehen notak bota zituen pentzeko Arberatze oholtzan eta Sei Segak ederki segida hartu ondoko eszenan. Azken momentuko arazo pertsonal batzuengatik, Auhen taldeak lekua utzi behar zion N2OGU hip hop kolektiboari. Tshegue taldearen kontzertua gaualdiaren momentu azkarra izan zen: kantaria publikoaren erdira jautsi zen eta festibalariekin batera dantzatu zuen. Meule taldeak bukaera eman zion gaualdi arrakastatsu hari.

.

Euritan jeiki

Lehen gaualdia laino grisen pean iragan bada, Euskal Herria Zuzeneako festibalariak oihal etxe eta autoak bustirik iratzarri ziren larunbatean. Euri tanta batzu erori arren, eguneko programazio osoa mantendua izan da Arberatzeko plazan. Dantza afrikarren doinuekin hasi zen giroa berotzen, eta ondotik Irantzu Idoate, Maialen Akizu eta Haira Haizpurua bertsulariek plaza errimaz apaindu dute.

Bestalde, hausnartzeko eta ideien trukatzeko tartea izan dute festibalariek: laborarien protestak, Frantziako immigrazio legeak, poliziaren zaintza teknologia berriak etab. Palestinako oihartzunak ere entzungai izan dira, Eider Beobide eta Xalba Ramirez-ek eman poesia irakurketa musikatuaren bidez.

.

Hemendik aniztasunaz irauli, kultura erein!

Hamar urte pasa dira EHZak «Aniztasunaz irauli, kultura erein» lemapean antolatu zuen ediziotik. Eta 2014ko urte hartan, halaxe zioten festibaleko militanteek: «gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da: ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio duenik». Hamar urte berantago, testuinguru politiko ilun eta nahasi huntan, hitz horiek oihartzun haundiagoa dute oraindik.

Sortu denetik, EHZak hainbat balore eta ideia defenditzen ditu eta bere heinean praktikarat eramaiten: kultur aniztasuna, euskara, feminismoa, ekologia, antikapitalismoa, elkartasuna, justizia soziala. Aurten ere, ehunka gazte militanteek Euskal Herria Zuzenean eraikitzen dugu, auzolanean eta elkartasunez, jendarte eredu alternatibo baten hedatzeko asmoz.

Eskuin muturraren munduaren ikuskera arrazista, matxista, autoritarioa eta zapaltzailea normalizatu egin den heinean, Euskal Herritik, EHZtik, Hemendik, eskuin muturraren ideien kontra borrokatzeko engaiatzen gira, kulturgintzatik, euskaratik, bai eta ere gure arteko harremanak sendotuz eta indartuz.

Lehen gaualdi arrakastatsua, laino grisen azpitik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude