Lehen Antzerkizale Eguna ospatuko da larunbatean, Villabonan

Antzerkia euskarara hurbildu eta euskarazko antzerkia «ikusgarri» egitea du Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak, eta uda honetan sortu eta ekainean Bilboko Kafe Antzokian aurkezpen festa egin eta uztailean Esperientzixak gogoeta saioak burutu ostean larunbatean egingo dute lehen ekitaldi nagusia, Aurreneko Antzerkizale eguna. Pailazoak, herri bazkaria, antzerki pieza txikien emanaldia, sari-emate ekitaldia, Edurne Agirrezabalaren Sarean zintzilikatua obraren emanaldia eta DJ gauak osatuko dute eguna.

Aurrera egin ahal izateko, nondik gatozen begiratu nahi izan du hasteko EHAZEk, eta bere proiektua ezerezetik sortu ez denez, hastapenetara, 60ko hamarkadara jo du, eta orduko antzerkiaren sustatzaile nagusietako bat Jarrai antzerki taldea eta bertako zuzendari izan zen Iñaki Beobide zela ikusirik, hari emango diote larunbatean I. Antzerkizale Eguenko saria, Villabonako Gurea antzokian egingo den ekitaldian. 

Euskarazko antzerkiaren etorkizunaren alde lan egiten duen elkartea izanik, aurrera begira jarri du bere ahalegina EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak. Ordea, badaki bere proiektua ez dela «ezerezetik» sortu, eta, horregatik, atzera begiratu du lehen Antzerkizale saria nori eman erabakitzeko. 1960ko hamarkadako euskal antzerkiaren sustatzaile nagusietako bati orduko lana aitortzea erabaki du. Iñaki Beobidek (Zumaia, Gipuzkoa, 1934) jasoko du I. Antzerkizale saria. Hilaren 27an Villabonan (Gipuzkoa) egingo den I. Antzerkizale Eguneko ekitaldian emango diote saria.

Garai hartan Jarrai antzerki taldean ibili ziren Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Axel Egaña, Rikardo Ugarte, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga eta Mikel Forkada, eta hamar urtetan hogei antzezlan taularatu zituzten.

Idoia Gereñu Antzerkizale elkarteko idazkariak eta Josu Camara elkarteko lehendakariak aurkeztu zuten Villabonan egingo den eguna, eta hau da egitaraua:

11:00: Antzerkizale Egunaren hasiera, Villbonako Errebote plazan.

11:30: Kalejira eta pregoia Porrotx eta Marimototsen eskutik. Ondoren, Poxpolo eta Konpainia.

13:15: Kale animazioa antzerkiarekin: Alproja, Kukuka…

14:30: Herri bazkaria.

16:30: Haurrentzako txokolatada eta buruhandiak.

17:30: Antzerki pieza motzen emanaldia: Ixabel Agirresarobe eta Mikel Laskurain, Hiru Alanbrikak, Battitta Lau Ttitta eta Abarka.

20:00: Ekitaldi nagusia Gurea antzokian. Iñaki Beobideri saria emango diote. Ondoren,  Edurne Agirrezabalaren Sarean zintzilikatua obra eskainiko dute.

23:30: Dantzaldia gaztetxea, DJ Bullekin. 

EHAZEren aurkezpen eguneko festa

Irudia | EHAZEren aurkezpen eguneko festa | antzerkizale | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.