Lauburua ez da esbastika
Lauburua ez da esbastika –
2019ko urtarrilaren 11n Joseba Aurkenerenak artikulu bat argitaratu zuen ZuZeu kazeta honetan, “Lauburua edo euskal esbastika” izenekoa. Bada, Josebaren beste idazlanak ezagututa (tartean argitaratu berri duen “Euskal Herria beti!” liburua) eta euskal kulturaren alde etengabe agertzen duen jarrera ikusita, seguru nago borondate onez jarritako izenburua dela eta ez lauburuak duen izaera ordezkatzaileari balioa kentzeko edo zikintzeko asmoz.
Wikipediaren arabera, Esbastika ezkerrera edo eskuinera begira egon daiteke; Eurasiako kulturetan forma geometrikoa duen ikono erlijioso zaharra da eta Indiako erlijioetan espiritualtasuna eta jainkotasunaren sinbolo legez erabiltzen da. Mendebaldeko kulturan ere, babesaren eta patu onaren sinboloa izan zen 1930eko hamarkada arte. Urte haietan “Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialistak” (“Nationalsozialistische Deutsche Arbeiter Partei” alemanez, NSDAP laburtua eta “Partido Nacional Socialista Obrero Alemán” espainieraz) bereganatu zuen esbastika euren burua ordezkatzeko, aria arrazaren oinordekotzat jotzen baitzuten euren burua. Jakina, horren ondorioz Mendebaldeko gizartearen ukoa eta mespretxua jaso zituen sinboloak.
Baina jarrai dezagun goian aipatutako artikuluarekin. “Beste garaietan abertzaletasunaren ikurtzat hartzen genuen” dio Josebak. Bada, gaur ere, jende askok gure nazioaren ikurtzat jotzen dugu, abertzaleok gehien bat baina ez abertzaleok bakarrik. “Bat-batean Bigarren Gerla Handiari buruzko komikiekin topo egin genuenean, samindura eta tristura handiz, gure lauburuak senide gaizto bat zuela ikusi genuen” dio gure lagunak. “Ezin genuen ulertu, gure idealen ikurra, gure izaera eta askatasunaren sinboloa alemaniar nazien eskuetan eta banderetan. Nola eta zergatik?” Bada, galdera horri erantzuna ematea da idatzi honen xedea.
Lehenengo eta behin esbastika ez da gure ikurra. Eta jarraitzeko, galdera horren jatorria gure artean dagoen ezkerkeria eta umekeria politikoan dago. Garai hartan, Kremlin-eko bost puntako izarra sinbolo nagusitzat hartzen zuen sobiet erregimenak egindako krimen latzak ez ziren oztopo eta ez dira oztopo gaur egun ere, gurean izar hori toki guztietan paratzeko. Sobiet erregimenak egindako krimenak ikaragarriak izan ziren: 1944ko maiatzaren 18an Stalinek 200.000 tartariar deportatu zituen Krimeatik eta horietatik %22 hil ziren deportazioan, beranduago Sobiet Batasunak berak onartu zuenez. Krimeako Grigorenko jeneralak, geroago psikiatriko batean atxilotuta izan zutenak, eta Krimeako beste lider abertzale batzuek genozidiotzat izendatu zuten hildako kopurua, eta %46koa zela adierazi zuten. Tartariarren %71 Krimeatik kanpo bizi ziren 1973an. Tartean herri baten zapalketa eta krimen horiek zirela, hemengo ezker muturreko mugimenduak ez-ikusiarena egiten zion egoera horri. Datu horiek Txillardegik idatzitako “Proyecto de Manifiesto Vasco”-tik atera ditut, azalean lauburua duenetik; eta datu gehiago ere badira. Utz dezagun gaia horrela.
.
Eguzki sinbolo
Badago Josebaren artikuluan aipatu nahi dudan beste alderdi bat. Ni ez naiz aditua sinbologian, baina antropologia beti gustatu izan zait eta, hor, literatura antropologikoan berak izendatzen dituen esbastikak ez dira horrela izendatzen: sinbolo horien guztien izen generikoa ez da esbastika, sinbolo-multzo horretan agertzen diren ikurrak eguzki-sinbolotzat jotzen dira orokorrean. Eta ez da gauza bera hiru buru edukitzea, Bretainiako “Triskelak” kasu, edo lau buru edukitzea, gureak kasu honetan. Eta batez ere: ez dira gauza bera guretzat buru hitzak duen esangura, gorputz osoa biltzen duelako edo beso hitzak duena: gogoan izan Herri bezala “geure buruaz beste” egiten ari garela batzuetan. Eta beste aldetik ez da gauza bera lau buru edukitzea edo lau beso edo adar edukitzea, esbastikak kasu. Hala, lauburua eguzki-sinbolo bat dateke, gure hilarrietan maiz agertzen dena, eta indiarrek edo nazional sozialista alemanek erabiltzen zutena (dutena) beste eguzki-sinbolo bat dateke.
Sinbolo horiek guztiek berezko izena (eta hizkuntza), berezko esangura eta berezko testuinguru kultural eta geopolitikoa zuten (dute) eta indiarrek ez diote uko egingo euren sinboloari Alemaniako nazional sozialistek erabili (erabiltzen) zutelako (dutelako). Bai, Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialista zen esbastika erabili zuena. Sozialistak ziren, eta hemen beste ñabardura bat egin nahi dut: hemen “nazi” laburdura erabiltzen dugu normalean eta laburdura hori ez da inuzentea: horrela ezkertiar inperialistek zaku berean sartzen gaituzte geure geurea den nazioa defendatzen dugunok eta beste nazioak okupatzen, ustiatzen eta suntsitzen zituen erregimen nazional sozialista alemana, sobiet batasunaren krimenak eta herrien zapalketak “ahaztuz”.
Krimeako tartaroaek lehengo Zarinaren alde egin zuten ta gero Hitlerren alde. Ez ziren denak deportatuak izan, Krimeakoak soilik, ta bai, %25a edo hil zen trenen kondizio txarragatik, bainan ez da inongo genozidiorik egon, gutxiago nahita eginda. Ta deportazio hoiek tragedia handiago 1 ekidin zuten. Asia zentralera eraman, beraien kulturarekin antzekotasun gehiago zutelako. Genozidioa zer den argi dago, ta horrek ez du genozidioa izateko ezer betetzen.
Gure buruak ez ditugu nazionalistatzat ia denak garenean, egunero nazionalista kolono, faxista ta inperialistek, nazionalismoa txarra dela diotelako. Ta zein da nazionismoaren esanahietako bat? Herri baten parte sentitzen dena. Ez gehiago ta ez gutxiago. Ta ados, ez diogu gureari uko egin behar. Bainan egiten diogu.
Zure artikulua irakurri berri dut eta baita bertan nire artikuluari egiten dizkiozun aipamenak ere, hori dela eta, erantzun moduko hau idazteari lotu natzaio. Zure gogoetak eta iritziak arras interesgarriak iruditu zaizkidan arren, ez datoz bat nik uste dudanarekin, eta horregatik segidan nire iritzia adierazten ahaleginduko naiz.
Esbastika hitza sanskritotik omen dator, eta orokorrean erabili izan da, munduko bazter aunitzetan (Europan, Asian, Ameriketan…) gurutze birakariari deitzeko. Gurutze birakari honek itxura ugari eduki dezake, karratua zein biribildua izan daiteke eta hiru, lau, zortzi… buru ukan ditzake. Izen generiko horren barruan sartzen ahal dira budismoarekin loturikoak, Ameriketako kultura zaharretan erabiltzen dituztenak, Bretainiako hiruburu edo triskelak, Euskal Herriko lauburuak… eta baita nazional-sozialismoak ikur gisa hartu zuena ere.
Jatorri zahar-zaharrekoa da, agian gizateria bera bezain zaharra, Europako herri eta kultura aurre-indoeuroparrek jadanik erabiltzen zutena.
Badirudi eguzkiaren gurtzearekin loturik dela. Gurutze birakari honek bi mugimendu ditu: ezkerbirakaria eta eskuinbirakaria. Zein den bat eta zein bestea erraiteko badira teoria ezberdinak, eta orain ez datoz gure kontura, horregatik bazterrean utziko ditut.
Esbastika eguzki-ikurra da mundu zabalean. Europako kultura zaharretan eguzkia ziklikoa zela pentsatzen zuten, urtero sortu eta hiltzen zena. Neguko solztizioaren inguruan eguzki zaharra hiltzen zela eta ondoren eguzki berri bat jaiotzen zela uste zuten. Euskaldunok oraindik Eguberri hitza erabiltzen dugu egun hori adierazteko, hau da eguzki berria sortzen den eguna. Sineste zahar horien arabera, indarrik gabeko eguzkia, hau da, hiltzera zihoana, heriotzarekin eta patu txarrarekin lotzen zuten, eta eguzki jaioberria, indarrez bete-betean zena, bizitzaren ikurtzat hartzen zuten.
Gizateria ez da gaurkoa, eta sinesteak, erritoak eta horien inguruko usteak aldatu izan dira, tokian tokiko, eta mendez mende. Hori dela, esbastikari esanahi ezberdinak emendatu dizkiote hainbat lurretan, Indian, Txinan, Panama aldeko indioen artean… eta abar. Naziek hartu eta erabili izana ez du ikur hau deabrutzen, naziak sortu zirenerako munduko bazter askotan erabiltzen baitzuten.
Euskaldunok ere era askotako esbastikak erabili ditugula, erran beharra daukagu. Karratuak eta biribilduak, ezkerbirakariak eta eskuinbirakariak… gure hilarri, haltzari eta etxeetako murruetan egindakoak dira nire hitzen lekukorik onena. Abertzaletasunak ikur identitario gisa erabili zuen, esbastika karratua zein biribildua, eta Emakume Abertzale Batzaren ikurrinetan karratua zerabiltela garbi ikus dezakegu argazki zaharrei begiratuz gero. Nazien zorigaiztoko erabilerak esbastika karratuaren ahanztura eta lauburu biribilduaren erabilera zabala ekarri zuen. Polikan euskaldunok erabili izan dugu hainbat garaitan. EAJ-koek hasiera batean karratua erabili zuten, gero biribildua hartu bazuten ere, eta EAE-ko abertzale ezkertiarrek euren banderatan ezarri zuten. Gaur, ez dut uste ikur politikotzat har dezakegunik, baina bai identitario gisa, denok lauburua euskalduntasunarekin lotzen baitugu.
Laburbilduz, ene uste apalez, lauburua esbastika mota bat da, eguzki-ikurra, garai zaharretatik datorkiguna, eta gaurko euskaldunon identitate ikurretako bat, ikurrina eta gero, agian indar gehien duenetako bat. Haatik, Joxe Inazio, badakizu euskal atsotitz zaharrak dioena: “Zenbat buru, hainbat aburu”. Adeitasunez, eta zure iritzia plazaratzeagatik eta nirearekin alderatzeagatik eskerrak emanez, agurtzen zaitut.
Egia esan, nik ez dakit nondik datorren lauburua, eta ez dakit ere zenbat tokitan erabiltzen den; ez dakit ezkerra begira edo eskuina begira egoteak zer esan nahi duen ere. Baina badakit sinbolo bat dela eta sinboloek objektu semiotikoak ordezkatzen dituztela. Esaterako, sekula ikusi ez duen pertsonarentzat, lauburuak ez du inolako esangurarik eta orduan pertsona horrek interpretatuko du lauburua bere gogoan duen aurreiritzi, erreferentzi edo ideien multzoaren arabera. Esaterako, kasu praktikoa: euskal militante baten monolitoan lauburu bat jarri dutela esaten badigute, denok ulertzen dugu omenaldi bat egin nahi izan diotela eta lauburuaren bitartez Euskal Herriarekiko kidetza, maitasuna, konpromisoa edo, besterik gabe, Euskal Herriaren alde eramandako borroka gogoratu nahi izan dutela. Hau da, guk inolako zalantzarik gabe euskal errepresentaziotzat jotzen dugu, aldez aurretik horrelako kasuak ikusi ditugulako. Beraz, bere esanahia politiko eta kulturala da, indartsuagoa batez ere testuinguru liskartsuetan. Aldiz, monolito hori apurtu eta toki berean esbastika margotu dutela esaten badigute, ekintza hori egin dutenak lauburuak ordezkatzen duenaren kontra daudela ulertzen dugu, ikuspegi kultural eta politikoa, oso zaila baita bi alderdi horiek bereiztea. Hemen ere gogoan dugu aldez aurretik ikusitakoa. Agian lauburuak jadanik ez du nazioa ordezkatzen batzuentzat; baina gure burua ukatuta eta azpiratua sentitzen dugun jende askok pentsatzen dugu baietz.
Sinboloak ezinbestekoak dira gizarteak eta giza-taldeak identifikatzeko eta komunitate bat ordezkatzen duen sinboloak nekez ordezkatu ahal izango du aurrekoaren negazioa den beste komunitatea. Hala, gure jendearen aurrean eta baita kanpoko jendearen aurrean gure burua agertzeko Euskal Herriarekin lotzen diren sinbolo guztiak, klasikoak eta berriak, grafikoak, akustikoak eta bestelakoak erabili behar ditugula uste dugu. Eta ahal bada gardenak eta errurik gabeak izan, besteen batailetan izan direnetatik aparte. Eta sinbolo horiei behar duten “tornuia” edo ohorea emango diegu.
Kontatzen duzun monolitoaren historia horrekin guztiz ados. Lauburua euskaldunon ikurtzat hartzen dugu, bai guk eta baita gure etsaiek ere, eta zorigaitzez esbastika karratua loturik gelditu da betiko nazional-sozialismoarekin. Hau gertatu izana, penagarria da ikur hori mendeetan zehar erabili duten herrientzat. Euskaldunok ere, gaur, nekez erabiltzen dugu gure sinbologian. Donibane Lohizuneko zinema zaharrean, Karrika Handian (Ganbeta ere deitua) badira bi esbastika karratu eder. Egin zituztenean euskaltasuna adierazteko ipini zituzten, nazien kontua oraindik gertatu gabe zelarik. Soldadu alemaniarrak Donibanera etortzean, hor ibili ziren ikur horien ondoan argazkiak ateratzen. Historiaren kontu ttikiak.
Sugaar. Trenaren kondizio txarren detalle tonto hori…. krimeako tartariarren %25a trenean hil eta hala ere justifikatu. Txetxeniar, ingus, alemaniar, poloniar, kalmukiar eta beste asko ere deportatu zituzen askotan hildako portzentai izugarriekin, baina beti aurkituko da justifikazioren bat. Hori bai, bila eta bila aritu naiz erdialdeko asiako errusiarren garai hortako deportazien bila baina ez dut aurkitu…..
“1944ko maiatzaren 18an Stalinek 200.000 tartariar deportatu zituen Krimeatik eta horietatik %22 hil ziren deportazioan”.
Datu hori egiazkoa bide da. Izan ere, gerra hotzean, autore antikomunistek inperio sovietikoaren heriotza-zifrak absurduraino puztu zituzten. Tartariar haien deportazioa, ordea, egiatan gertatu zen.
Hala ere, ez legoke soberan zehaztea pertsona haiek ez zituztela deportatu tartariarrak zirelako, baizik eta gerra zibilean zurien alde eta 2MGn Hitleren alde jarri zirelako.
“Bai, Alemaniako Langileen Alderdi Nazional Sozialista zen esbastika erabili zuena. Sozialistak ziren, eta hemen beste ñabardura bat egin nahi dut: hemen “nazi” laburdura erabiltzen dugu normalean eta laburdura hori ez da inuzentea”.
Hemen, mundu osoan bezala, nazi laburdura darabilgu, baita naziek berek ere.
Baldin naziak sozialistak baldin baziren, zergatik eta alderdiaren izena Alemaniar Langile Alderdi Nazional-Sozialista zelako, horrek esan nahi du alderdi haren oinordekoak, egungo Alemaniako Alderdi Nazional-Demokratakoak, demokrata petoak direla? Hausnar dezagun.
Juxtu infantilismo ezkertzalea salatu ondoren, eskuin sasiliberalaren gezurrik merke eta agerikoenari heltzea ere…
Naziek haien burua sozialista izendatzea maniobra demagogiko hutsa izan zen, izan ere, langile klaseek sozialdemokratei eta komunitei ematen zieten botoa, eta hitzak bazuen nolabaiteko ospe ona.
Oso sozialista bitxiak, dena den: 1933ko hauteskundeetarako, alderdiari 3 milioi markoko laguntza eman zioten Alemaniako industrialek.
Estatu Batuetako Kennedy familia, William Randolph Hearst eta Henry Ford bezalako aberatsak ere hagitz eskuzabalak izan ziren Hitler eta Mussolinirekin. Izan ere, Hugo Bossek diseinaturiko uniforme eder horiek ez baitziren noski debalde josten…
https://bitacoradeoctubre.wordpress.com/2018/07/11/nazismo-y-capitalismo/
Sozialista peto-petoak, bai.
Los nazis llevaron a cabo una campaña de privatizaciones. La Alemania nazi se convertía así, tras la Italia fascista, en el primer país de la historia moderna en privatizar empresas estatales (Bel, 2010). Es más, el termino privatización, surge en 1936 del alemán reprivatisierung, tras la masiva campaña de reprivatizaciones llevada a cabo por los nazis (Bel, 2010).
El 12 de febrero de 1933, el secretario de Estado de la Hacienda Pública de Hitler, anunció oficialmente:
“La política de nacionalización llevada a cabo en los últimos años será detenida. Las empresas estatales serán transformadas nuevamente en empresas privadas.”
Amonamantangorri, s’il-te-plaît, peux-tu traduire le text d’avant à la langue basque?
Pour ces cas, le traducteur Google est un excellent outil.
Euskaldunok hizkuntzak badakizkigu, batez ere Iparraldekoek.
Amonamantangorri, euskaldunok hizkuntzok badakizkigu, noski baietz, baina ZuZeu bezalako webguneetara hurbiltzen bagara ZuZeu euskaraz delako izan ohi da.
ZuZeu-k darabilen gai asko erdal webguneetan ere aurki dezakegu, maiz luzera eta sakontasun handiagoarekin landuak. Hala ere, webgune landu haiek erdaraz izanik, euskal hiztun asko asegabe uzten gaituzte eta horregatik hurbiltzen gara ZuZeu bezalako euskarazko webguneetara (erdarazko ozeano zabalean euskarazko urtanta urriak direnak).
Euskararen bila ZuZeu-ra etorririk, erdarazko purrustada luzea aurkitzea amorragarria da. Euskarazko webgunean euskara bilatu eta erdara aukitu. Hau izorramendua!