Laster datozen euskal(?) filmak

Laster datozen euskal filmak

ZINEA.eus gunetik ekarria…

Euskaraz, Euskal Herrian edota euskal zuzendariek errodatutako filmak biltzen dituen zerrenda bat osatu dugu oraingoan. 2015eko bigarren sehilekoan (edo pixka bat beranduago) ikusi ahal izango ditugun film luze eta dokumentalak jaso ditugu bertan; denak ez dira ageri, baina ahal beste ekartzen ahalegindu gara. Has gaitezen!

Laster datozen filmak
Amama

Asier Altuna (Aupa Etxebeste -2005-, Urte Berri On Amona -2011- eta Bertsolari -2011-, besteak beste) zinegile bergararraren proiektu berria udazkenean estreinatuko da. ETB, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, eta tartean, Iraia Elias, Kandido Uranga, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Nagore Aranburu eta Amparo Badiolak hartu dute parte.

Filmak baserrian bizi den egungo familia baten errealitatea islatuko du, natura, tradizioa, modernitatea, belaunaldien arteko gatazkak, eta bizitza/heriotza aztertuz. Txintxua Films produkzio etxeak ekoitzi du, eta 90 minutu inguruko iraupena izango du.

Laster datozen euskal filmak - Amama

Un otoño sin Berlín

Lara Izagirre (KEA -2012-, Next Stop, Greenland -2013-, eta Sormenaren bide ezkutuak -2013-) zinegile zornotzarraren lehen film luzea izango da Un otoño sin Berlín. Izagirrek berak sortu eta kudeatutako Gariza Films ekoizpen etxeak osatutako lanean Irene Escolar, Tamar Novas eta Ramón Barea aktoreak aritu dira lanean, besteak beste.

Filmak June neska gazte ameslaria izango du protagonista, eta Diegorekin, gizarteratzeko arazoak dituen idazle gaztearekin, duen harremana landuko du. Hainbat urtez elkarrengandik aldenduta egon dira, baina haien arteko maitasun istorioa berpizten ahaleginduko dira.

Lana udazkenean estreinatzeko asmoa erakutsi zuen iaz Izagirrek.

Laster datozen euskal filmak - un-otono-sin-berlin

Walls

Txalap.art ekoizpen etxe nafarraren eta Arena Comunicación Audiovisualen proiektu berria ere urte amaieran estreinatuko da (baldin eta aurreikuspenak betetzen badira). Pablo Ibarburu eta Migueltxo Molinaren (Nömadak TX -2006- eta Pura Vida -2012-, besteak beste) dokumentalak bi herrialderen arteko muga ezartzen duten lau murruren inguruan dihardu: Mexiko eta AEBak, Espainia eta Maroko, India eta Bangladesh, eta Hego Afrika eta Zimbabwe. Horma horiek gurutzatzen ahalegintzen diren lagunen errealitateak pantailaratuko ditu lanak.

Hala nola, Media, ICAA, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Etxepare Institutuaren laguntza, eta VEO eta Discovery Max telebista kateen parte hartzea ditu dokumentalak, eta 90 minutuko iraupena izango du.

walls

El contenido del silencio

Helena Taberna (Yoyes -2000-, La buena nueva -2008- eta Nagore -2010-, tartean) zinegile nafarra, ostera, Kanariar Uharteetan zein Euskal Herrian izan zen iragan martxo eta apirilean El contenido del silencio filma errodatzen. Daniel Grao, Goya Toledo, Joxean Bengoetxea, Ingrid Garcia-Jonsson, Ciro Miró, Maiken Beitia eta Juana Acosta aktoreak izan zituen lagun Lucía Etxebarriaren eleberri homonimoan oinarritutako lana errodatzeko.

Filmak Kanariar Uharteetako sekta batean gertatutakoa kontatuko digu. Gabriel fiskala bertara joango da sekta horretan sartuta dagoen Cordelia arrebari gertatu zaiona ikertu asmoz.

Lamia eta Zentropa Berlin produkzio etxeek ekoitzitako lanak ETBren eta TVEren partaidetza izango du, eta 100 minutuko iraupena.

El-contenido-del-silencio

Ocho apellidos catalanes

Ocho apellidos vascos -2014- arrakastatsuaren bigarren zatia azaroaren 20an estreinatuko dutela jakinarazi zuten orain gutxi Atresmedia, Lazonafilms eta Kowalski Films ekoizpen etxeek. Ocho apellidos catalanes izango du izena, Emilio Martínez-Lázarok (El otro lado de la cama -2002-, Las trece rosas -2007- eta Ocho apellidos vascos, besteak beste) gidatuko du, eta lehenengo ataleko protagonistekin batera, Berto Romero, Rosa María Sardá eta Belén Cuesta, besteak beste, ariko dira.

Errodajea maiatzean abiatu eta uztailean amaitu zuten, eta Euskal Herrian, Empordàn, Gironan, Madrilen eta Sevillan izan ziren.

Rafak Andaluzia utzi beharko du bigarrenez Amaiaren bila joateko, oraingoan, baina, Kataluniara. Lehenekoa bezalaxe, bigarren ataleko gidoia ere Borja Cobeaga eta Diego San Josék osatu dute.

Ocho-apellidos-catalanes

Chillida: lo profundo es el aire

Marmoka Films eta Explora Films ekoizplen etxeek elkarlanean Eduardo Chillida eskultoreari buruzko Chillida: lo Profundo es el Aire dokumentala aurkeztuko dute. TVE, ETB, Media eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du proiektuak, eta Juan Barrero (La Jungla Interior -2013-) da zuzendaria.

Errodajea maiatzaren 14an abiatu eta ekainaren 17an bukatu zuten, eta besteak beste, Donostia, Paris, Madril, Kolonia (Alemania), Gijon (Espainia), Frankfurt (Alemania), Cuenca (Espainia), Saint-Paul-de-Vence (Frantzia) eta Gasteizen aurki daitezkeen Chillidaren lanak aztertuko dituzte. Horrez gain, eskultorearen sendiak ere hartuko du parte lanean.

Oraindik ez dute aditzera eman lanaren estreinaldia noiz izango den. Beharbada, 2016ra arte luzatuko da.

Chillida

Lejos del mar

Mikelen heriotza -1984- eta Días contados -1994- filmen ostean, Imanol Uribe (Segoviako ihesa -1981-, El rey pasmado -1991- eta El viaje de Carol -2002-, tartean) zinegile eta gidoigile euskaldunak Lejos del mar lana estreinatuko du udazkenean. Maestranza Films produkzio etxe sevillarraren eta Suroeste Films ekoizpen etxe txiletarraren bidez, Almeriako parajeetan errodatu zuen lana iragan urte amaieran, eta besteak beste, Eduard Fernández eta Elena Anaya aktoreek hartu dute parte.

Lanak Parot doktrinari esker espetxetik aterako den ETAko kide baten itzulera izango du aztergai. Almeriara egingo du bidaia, kartzelan ezagutu zuen lagun batengana, eta bertan Marina ezagutuko du, bere biktimetako baten alaba; harekin maiteminduko da.

Lejos del mar

Fiord

Astronauta Films ekoizpen etxe bizkaitar/madrildarraren eta Saga Films ekoizpen etxe islandiarraren arteko koprodukzioak XI. mendeko Euskal Herrira eramango gaitu Pablo Malo-ren (Frío sol de invierno -2004- eta Lasa eta Zabala -2014-, besteak beste) gidaritzapean. Yon Gonzalez aktore bergararra izango da Norvegiako bikingo-klan arerioen artean biziraungo duen euskalduna.

Lanak Europa Media Creativaren laguntza jaso zuen iaz, baina ez dituzte proiektuari buruzko xehetasun gehiago aditzera eman.

Fiord

La próxima piel

2011n Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuratu zuen Isaki Lacuesta (Los pasos dobles -2011- eta Murieron por encima de sus posibilidades -2014-, hala nola) familia euskalduna duen zinegile katalanak La próxima piel filma errodatu zuen iazko azaroan Huescako Pirinioetan, eta estreinaldiaren data zehatza aditzera eman ez badu ere, urtea amaitu aurretik izatea espero da.

Emma Suárez, Sergi López, Bruno Todeschini eta Álex Monner aktoreek hainbat urtez desagertuta egon ostean sorterrira itzuliko den gaztearen eta haren sendiaren istorioa pantailaratuko dute. Corte y Confección de Películas, Sentido Films, Bord Cadre Films eta La Termita Producciones ekoizpen etxeek bultzatutako lanak ICAAren, TV3en eta Kultur Enpresa Kataluniarren Institutuaren laguntza du.

La próxima piel

zinea.eus

ZINEA.eus gunetik ekarritako albistea

http://zinea.eu/2015/07/16/2015eko-uzta-zati-bat/

Laster datozen euskal filmak

filmak, zinea

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

Zer duzu buruan “Laster datozen euskal(?) filmak”-ri buruz

  • Alde batera utzita ia denak gaztelania hutsean pentsatuak, garatuak eta errodatuak izan direla… Zuzendari batek familia euskalduna izateagatik euskal filmen artean sartu behar dugu??

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude