Lander Garrok, liburuak nondik datozen
Gogoan dut.
Geure istorioak nondik datozen galdetzen digutenean, ezin erantzun geratzen gara askotan. Beti, egia esateko. Izan ere, nondik datoz geure liburuetan azaltzen diren kontu, istorio, tonu eta manerak?
Psikoanalisten gisa, halako eta horrelako gauza bat hartu eta hariari tira egin diezaiokegu. Georges Perecek eta Joseba Sarrionandiak egindako ariketa hura bezala (Je m’en souviens izenekoa frantziarrak eta Akordatzen iurretarrak) izan liteke benetako sorlekura bidaiatzeko tren egokia: akordatzen saiatu, eta akorduok idatzi, galbaherik pasatu gabe, edertu gabe, literatura egiteko asmorik gabe.
Hasi: “Gogoan dut”, eta segi beldurrik gabe, akorduak eurak izan daitezen zuri zeure barruaz hitz egiten dizutenak. “Gogoan dut Magnumek ahoa zimurtzen zuela dudaren bat izaten zuenean, halako moduz non bibotea txikitu egiten baitzitzaion”; “Gogoan dut gure etxe aurrean lanak egiten zituztela hodi handi batzuk lurperatzeko, eta zulo handi hartan jolasean ibiltzen nintzela nire ama bakailaotik noiz itzuliko zain, eta tripan korapiloa sentitzen nuela, negar egiteko gogo etengabea”; “Gogoan dut Verano azul telediarioaren ondoren botatzen zutela, eta telediarioa osorik ikusi behar izaten genuela, eta isil, aitarentzat monduko gauzarik serioena baitzen, eta 30 minutu irauten zituela”; “Gogoan dut Verano azulen Bea izeneko neska bat agertzen zela, oso herabea eta ederra, eta Natxo izeneko mutil beltzaran batez maiteminduta zegoela, eta ni beti nengoela jeloskor, neu Beaz maiteminduta nengoelako”; “Gogoan dut gure baratzean pikondo bat zegoela, baina enborra besterik ez zela; ez beso ez hanka, eta ez zuen sekula pikurik ematen”; “Gogoan dut gure bizilagun Eusebiok katuei karabinaz tiro egiten ziela baratzean ibiltzeagatik”; “Gogoan dut Indiana Jones nire aita izan zedin nahi nuela”; “Gogoan dut neure amonak, bixitan joaten gintzaizkionean, esaten zuela: “Ba al zatozte paga bila?”, eta gero txokolate beltza ematen zigula”; “Gogoan dut ateraldiak egiteko amak lau motxila gorri oparitu zizkigula, munduko ederrenak”; “Gogoan dut nire bizilagunak, Saritak, beti euskaraz egiten zuela, eta beti zegoela ongi orraztuta, printzesa bat bezala”; “Gogoan dut Saritaz maitemindu nintzela, eta bere senarrak galtza motzak janzten zituela, eta puruak erretzen zituela”, “gogoan dut behin inurri gorri batek kosk egin zidala, eta lagun talde bat zetorrela etxe aurreko maldan behera, helduak denak, nigana hurbildu zirela eta, inurriarena kontatu nienean, barrez alde egin zutela”; “Gogoan dut behin nire amak txita bat erosi zigula, eta gero etxeko sukaldean zapaldu eta akabatu egin zuela nahi gabe, eta gero zakarretara bota zuela”; “Gogoan dut Simon and Garfunkelen disko bat geneukala etxean, eta han agertzen zirela bi abeslariak, hesi baten aurrean eserita, ibai baten aldamenean, eta neuk pentsatzen nuela ibai horretan marrazoak egongo zirela seguruen”….
Ez dakit ohartzen zareten: denon akorduek dirudite kutxa beretik irtendakoak, baina guztiak dira ezberdinak. Geure liburuak bezala.
Lander Garro. CC-by-sa Hitzen Uberan.
(Argazkia eta hitzak)
“Gogoan dut” sailari beste titulu bat gehitzearren, I remember, 70ekoa, Joe Brainard artista estatubatuarrak idatzia. Hala hasten du oroitzapen zerrenda: “Gogoan dut gurasoen tiraderak nahastea gustuko nuela, kondoirik ote zuten (Peacock markakoak)”.
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu, Oier Aranzabal. Oier Aranzabal said: RT @zuzeu: Lander Garrok, liburuak nondik datozen: https://zuzeu.eus/?p=19906 […]