Kritika Zinematografikoa: “Un métier sérieux”
Kritika Zinematografikoa: “Un métier sérieux” –
Zuzendaria: Thomas Lilti
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
Thomas Liltiren (Frantzia,1976) ibilbidea atipikoa da. Izan ere, medikua da ikasketez, eta familia-mediku gisa jardun du urte luzez, zuzendari eta gidoilari gisa ere ibilbidea jorratu duen bitartean. Izan ere, Quelques heures en hiver (1999), Après l’enfance (2002) eta Roue libre (2003) film laburrak zuzenduz eman zituen lehen urratsak ikus-entzunezkoaren munduan, eta 2008an egin zuen jauzi film luzeen esparrura, Montrealgo zinema-jaialdian aurkeztutako Les yeux bandés filmarekin.
Sei urteren bueltan aurkeztu zuen bigarrena, Hippocrate (2014), non ospitale giro betean diharduen mediku gazte baten istorioa jaso zuen. Lan honek ekarri zizkion arrakasta komertzialari eta kritikaren aintzatespenari esker, Liltik espazio propioa bereganatu zuen, frantses zinemagintzatik harago, nazioarteko erakusleihoan ere. Hala, medikuntza izan da ordutik idatzi dituen film guztien –Médecin de campagne (2016), Première Année (2018)- hari eroalea, harik eta Un métier sérieux lana aurkeztu duen arte.
Komedia arinez blaituriko giza gogoeta sakonak dira nagusi bertan, irakasleei buruzko trama koral, dibertigarri, hezitzaile eta hunkigarri baten bidez. Ikasturte berri bat hasi da. Benjamin bekarik gabeko doktorego-ikaslea da eta, etorkizun iluna ikusten duenez, Parisko institutu batean irakasle-lanpostu bat onartzea besterik ez du. Egokitu dioten ikasgaiaren ingurua jakintza handirik ez, eta nerabeak kudeatzen inongo esperientziarik gabe, baliabide-falta kronikoa duen hezkuntza-sistema bateko irakasle-lana ezagutuko du.
Zuzendaria estilo oso naturalista eta hurbiletik probetxua ateratzen dakien autore gisa azaldu da beti, bere interesa pertsona arruntei eragiten dieten gai txikietan, haien arazoetan, irriketan, zalantzetan eta eguneroko eta laneko borroketan kokatuz. Oraingoan ere, ez du hutsik egin: alde batetik, hezitzaileen rola aztertu du, bere argi eta bere ilun; eta, bestetik, irakasleen arteko arteko harremanak zein lanarekiko duten lotura.
Emaitza, film xume gisara nabarmenduko da, sinpletasunean erori gabe, adimentsua irakasleekiko duen ikuspegi errealistari eta gizatiarrari esker. Izan ere, loriatu beharrean, beren egunerokoaren konplexutasuna erakusten du euren alderdi intimoak, zalantzak eta elkarren artean eraikitzen duten laguntza-sarea azaleratzen dituenean. Beste ezeren gainetik, kideen konpromisoan aurkituko baitu protagonistak bere bokazio erreala birplanteatzeko heldulekua.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Un métier sérieux”