Kritika Zinematografikoa: “Tardes de soledad”
Kritika Zinematografikoa: “Tardes de soledad” –
Zuzendaria: Albert Serra
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia – Frantzia – Portugal
-Kultura, artea, basakeria-
Argiak itzaltzearekin batera eztanda egingo digu buruak. Zezen baten hilketa. Beste bat, gero berriro, eta horrela bi ordu luzez. Albert Serra ez da bereziki zinemagile diskretoa, polemika maite du, horren bila ez badabil ere. TARDES DE SOLEDAD filmarekin lehiatu zen iragan irailean Donostia Zinemaldian, eta Urrezko Maskorra irabazita, kostata, zinemagile kataluniarraren obra deseroso eta ‘desatsegina’ iritsi da zinema areto komertzialetara. Aurretik, ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko Beautiful Docs sailean erakutsi dute baita.
Tauromakia ez da gai erraz bat. Serrak berau jorratzeko bidea ezta. Bere gainerako filmekin erabat sinergian dago eszenaratzeari dagokionez, zalantzarik ez, zinemaren baliabideen gaineko hausnarketa linguistikoa planteatuko baitu. Zezenak, toreroak, odola, performance-a, biolentzia… kataluniarrarentzako aitzakia dira, gustatu ala ez. Inoiz ikusi gabekoa erakutsiko du sortzaileak, barru-barrutik; erromantizazioa saihestea ia ezinezkoa egingo zaio, baina ez ditu zezenketak goratuko.
Kamera baliatuz, giza-begiak ikusten ez duena bilatu du Serrak; zinema tresna egokia du horretarako. Aurreikusitako gidoi itxirik gabe, filmaketa orduak pilatu, eta muntaketa gelan eman die forma atmosfera, erritual, begirada gurutzatu eta toreroen arteko sinergiari. Andrés Roca Rey eta haren kuadrilla ezagutuko ditugu, mundu ‘fantastiko’ batean murgilduta, eta unean sortutako zorizko momentuak, inpultsoak, posibilitateak dira bihotza.
Adierazkortasunaren edertasunean jarri du fokua sortzaileak. Zinemaren zerbitzura, eta ez tauromakiarenera. Zezenketetan ezkutatutako mikrofonoekin, eta gerora eraikitako soinu-paisaia batere errealistarekin, kamera mugimendu eta angelu bortitzekin praktika errepikakorra guztiz abstraktu bihurtuko du…
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Tardes de soledad”