Kritika Zinematografikoa: “Suzume”

Kritika Zinematografikoa: “Suzume” –
Kritika Zinematografikoa: "Suzume"

Zuzendaria: Makoto Shinkai
Urtea: 2022
Herrialdea: Japonia

-Ate atzeko zeru koloretsua-Kritika Zinematografikoa: "Suzume"

Suzumeren bitartez Makoto Shinkai anime japoniarreko maisuak irudimenaren ate koloretsuak irekitzeko proposamen ederra helaraziko digu, maila bisualean, lirikoan zein adieraren alorrean planteamendu interesgarriak eginez. Akaso aipa liteke beste erreferentzia batzuen itzalak azaltzen direla (Shinkai beraren Your Name ikusgarriarekin osatzen den ispilu jokoaren azterketa zirraragarria litzateke), Suzume ez dela gehiegi saiatzen pelikula erabat berritzaile izaten, baina zergatik da akatsa norberaren zigilua era argian ikus dadila?

Suzume nerabe gaztea da, alaia eta maitekorra, bere izebarekin bizi dena, umezurtza baita. Gazte misteriotsu batekin gurutzatu ondoren urmaela baten erdian den atea ireki eta gure munduarekiko paraleloan den azpi-errealitate baten dimentsio berria zabalduko da. Pelikula Japonia guztian ireki diren ateak ixteko erlojupeko abentura izango da. Azalpen xehe honetan jada hainbat elementu badira abentura zineman ohiko direnak:  zauriak dituen erdiko pertsonaia, ezkutuko mundua, (barne eta kanpo) bidaia katastrofea ekiditeko, maitasun istorioaren lehen hazia. Horrela esanda, lurralde komun estandarizatu hauek ez dira interesgarriegiak, baina alorrok hornitzeko eretan hainbat puntu goren badira: ametsaren bitartez gauzatzen den barne zauriaren agerpena, gogoratu eta ahazten denaren joko erakargarria planteatuz; bi errealitateen bidegurutze den atearen elementua, horren bizi eta aberatsa, munstro beldurgarrienak eta izar ederrenak gordetzeko gai dena; beste maila batean ezartzen den maitasuna, fisikotik alde egiten duena, kideetako bat aulki bat (!) izango baita pelikulan zehar. Bidaiaren esentziari dagokionean, egia da  errepikakor samarra suertatzen dela Japoniako mapan gora eta behera ibiltzea, road movie existentzialistaren soinekoa nekagarri gerta daiteke momentu batzuetan. Nahiz eta pertsonaiaren apurkako bilakaeraren ardatzak ematen dizkigun, tokian tokiko pertsona hauekin ematen diren erlazioak pelikularen aspekturik ahulena dira.

Izan ere, kontaketa irudi boteretsuak eta oinarri humanista sakoneko gaiak plazaratzeko oinarria dela esan genezake. Bisualki pelikulak edertasun une zoragarriak ditu. Atea ireki eta zeru urdin, more eta arrosa azaltzen den bakoitzean irudia nahi beste luza liteke pantailan, pertsonaiak bezala bere misterio eta liluran galtzea erraza baita. Jolas-parke bateko atearen inguruan ematen den sekuentziak, eta bere barrenetan iradokitzen diren mamu eta itzalen agerpenak ere tratamendu bikaina izango du.

Eta gaien mailari dagokionean, iragan eta memoriaren inguruko hausnarketa ederra da, patuak eragin dezakeen saminaren ingurukoa, eta gainbehera doan munduaren irakurketa garratza ere mahaigaineratuko zaigu, gizakiok arreta elementu hutsaletan ezartzen dugulako (mundu digitala izan liteke? Egia esan, pertsonaiak bere telefonoetara itsatsita bizi dira), berez planeta mugitzen duten aspektuetan baino: naturaren izatasun berde zein gardena, eta pertsonon arteko erlazio emozionalak. Zentzu honetan, era ederra du Shinkaik enpatiaren alorra garatzeko, izan ere, pelikulan zehar ikusten ditugun eszenak errepikatu egingo dira, baina irudi berdinak izan beharrean beste pertsonaien begietatik ikusiko ditugu eszenok, plano subjektiboa modu lirikoan baliatuz.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Suzume"

Kritika Zinematografikoa: “Suzume”

Euskal pantailaren gunea