Kritika Zinematografikoa: “Roter Himmel”

Kritika Zinematografikoa: “Roter Himmel” –
Kritika Zinematografikoa: "Roter Himmel"

Zuzendaria: Christian Petzold
Urtea: 2023
Herrialdea: Alemania

Kritika Zinematografikoa: "Roter Himmel"Suak gorriz margotutako zeru tragikoa

Bada zinemagile europarren belaunaldi bat -XXI. mende hasieraren bueltan bere ibilbidea hasi zuena- zinema politikoa baino zinema modu politikoan egiten duena. 60ko hamarkadako olatu berrien oinordetza jaso, eta ikusi-entzunezko formei lehentasuna emanez emozioz betetako istorioak kontatzen dituzten erresistenteak. Ez dira asko hitzak alboratu eta materia filmikoaren indarrean sinesten duten sortzaileak. François Ozon, Alice Rohrwacher, Oskar Alegria, Louis Patiño… eta beste gutxi batzuk. Horien artean ere sartu dezakegu Christian Petzold.

Zinemagile alemaniarrak maitasuna ardatz duten dramak zuzendu izan ohi ditu, askotan, bere herrialdeko (eta kontinente zaharreko) iraganaren eta orainaren arteko lotura soziopolitikoak eginez, eta mezu pozoitsuak jaurtiz. Ez da, ordea, Petzold idealista bat, ezta didaktismoaren tranpan eroriko den autore pedante bat ere; bere filmek asko dute esateko, hausnarketa sotilez beteta daude, baina ez dezagun espero pertsonaien ahoetatik entzutea. Begiak ireki eta irudiek eta soinuek helarazitakoa interpretatzen ikasi behar dugu.

Halaxe beharko du Roter Himmel bere lan berrieneko Leon (Thomas Schubert) protagonistak ere; inguratzen duen mundutik kanpo bizi da, eskua artean duen eleberriarekin muturtuta, bere baitan harrapatuta. Arte eskolara sartzeko argazki-katalogoa osatu nahi duen Felix (Langston Uibel) lagunarekin Itsaso Baltikoaren ondoan honen amak duen etxera erretiratuko da, lasai idazteko asmoz. Baina ez daude bakarrik, doktoretza-tesia garatzen ari den Nadja (Paul Beer) literatura-ikaslea eta bere maitalea (Enno Trebs) ere ezustean bertan baitira; halako batean Leonen editorea (Matthias Brandt) ere azalduko da. Bero itogarria egiten du, basoa lehor dago, haizea dabil, eta suteak mehatxu dira.

Inolako artifizio ikusgarri eta efektistarik erabili gabe, Petzoldek narratiboki zein estetikoki iluntzen joango den filma ondu du, geruza ugari dituena: krisi klimatikoaren oihartzun eta eraginpean, Eric Rohmerren istorio udatiarrekin ari da jolasean zenbaitetan, baina batez ere, François Ozonek egin bezala, sorkuntza prozesuari buruzko ironia metalinguistikoa planteatuko du. Atzera begirako idazketa literarioa baliatuz kontatuko digu zinemagile alemaniarrak isiluneak eta ausentziak ardatz dituen istorioa.

Roter Himmel-en sentimenduak eta emozioak ez dira hitzetan babestuko, baizik eta begiradetan, keinuetan. Are, Leon protagonistaren egozentrismoa, honen editorearen gaitz mutua, Nadja misteriotsuaren bizipoza… paisaian integratuta daude.  Felix lagunaren argazkietan, pertsonaia guztiak gogaitzen dituzten eulien hegaldietan, helikopteroen  zarata burrunbatsuan, itsasoaren distira sorgintzailean, errauts-euri kritikoan. Eta nola ez, suak gorriz margotutako zeru tragikoan. Isolatuta eta itsu bizi gara bakarra dugun mundu honetan, eta errealitatearen gordintasunaz jabetzea ezinbesteko dugula ohartarazi nahi digu Petzoldek. Nola begiratu asmatzea da gakoa, eta zinema, arte-sorkuntza, bada horretarako tresna egokia.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Roter Himmel"

Kritika Zinematografikoa: “Roter Himmel”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude