Kritika Zinematografikoa: “Past Lives”
Kritika Zinematografikoa: “Past Lives” –
Zuzendaria: Celine Song
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
-Besarkadek eragindako bihotzerre nostalgikoa-
Urtero dago kritikarien zein ikus-entzuleen arreta eta miresmena bereganatzen duen ekoizpen ‘indie‘ arrakastatsu bat, ezeren erakusgarri ez bada ere, sariketa-denboraldiari begira indarra hartzen duena; sorpresa ematera deitua dagoena. Aurten ere hala izaten ari da, nola ez. Laudorioen zurrunbiloan harrapatuta, denon ahotan dago jatorri hego korearra duen Celine Song zinema zuzendari eta dramaturgo kanadarraren PAST LIVES. Baina, zergatik harritzen edo erakartzen gaituzte gisa honetako film txikiek? Beharbada, espektakularizazioa lehenesten duten ekoizpenen menpe bizi garen heinean arnasa hartzeko beharra sentitzen dugulako; estimuluen bonbardaketa etengabeak eta gehiegikeria estetiko-narratiboek akitu egiten gaituzte, emozioen galera eragiteraino.
Zinema eta bizitza elkarren osagarri direla aldarrikatzen duten sortzaileek argi dute istorioek ez dutela errealitatean fundamenturik aurkitu beharrik, beronen interpretazioa ikus-entzunezko lengoaiarekin estalitako fartsa bat dela baizik. Horregatik, besaulkian eroso gaudelarik, segituan konturatuko gara proiektoreak erakusten digun unibertsotik aldentzen gaituen begiradatik ari garela kontakizunak jasotzen. Baina zinema-egile sena duten artisau gutxi batzuek badakite fikzioaren berezko izaera tranpatia saihesten, eta lortzen dute pantaila/harresia hautsi eta zuzenean gure bihotzetara zuzentzea, zinema eta bizitza parekide bihurtzea. Songek, adibidez, nahikoa izan du bere opera primako protagonisten arteko besarkada bat gure begiak negar-makoez bustitzeko.
Ez-maitasun baten istorioarekin egin du debuta, bere bizipen propioetan oinarritutakoa. Hiru alditan girotuta -flashback erara kontatuta-, denboran zehar luzatuko da PAST LIVES, baina maitasun gaiak erdigunean dituzten pelikuletan sarri erakusten diren harreman toxiko eta mingarriak ekidinez, haurrak zirenean elkarrenganako sentimendu afektibo sendoak zituzten Na Young/Nora eta Hae Sung izango dira pertsonaia nagusiak. Lehena, familiarekin Kanadara toki-aldatu ostean, AEBetan finkatuko da; bigarrenak Seulen bizitzen jarraituko du. Elkarren berri izateko nahia piztuko zaie banandu eta zenbait urtetara, eta New Yorken hitzartuko dira. Hala, bi kultura, giro eta bizimodu aurrez aurre jarriko ditu Songek, pertsonaien identitateak ere birdefinituz.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Past Lives”