Kritika zinematografikoa: “Oppenheimer”
Kritika zinematografikoa: “Oppenheimer” –
Zuzendaria: Christopher Nolan
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
-Mundu berri bati atea irekitzeak dakarren zama-
Bazirudien Tenet izango zela 2020ko urte mugarrian zinemagintza mundiala Covid-19 birusarengandik salbatuko zuena, baina Christopher Nolanen filmak narrazio korapilatsu bezain ulergaitza zekarren, eta bai, denok ikusi bagenuen ere (ikustera joan behar den pelikula horietakoa bilakatu zen), gaur inor gutxi gogoratzen da misio profetikoa egotzi zioten lanaz. Pandemia bukatutzat eman du Munduko Osasun Erakundeak (MOE), eta kostata biziraun du industriak: Hollywood estu eta larri dago (egun aktoreak eta gidoigileak greban ditu), baina ezagutu dugu bere makinaria indartsuak oraindik ere funtzionatzen duela. Greta Gerwigen Barbie-rekin batera estreinarazi dute Oppenheimer, Nolanen esperientzia berriena, eta Barbieheimer kanpaina dela batetik, proiektuaren inguruan mantendu duten sekretismoa bestetik, fenomenoa errepikatu egin da.
Esperientzia diot, hala saldu dutelako, IMAX formatuan (70mm-tan) errodatuta dagoela azpimarratuz. Soinua eta irudia hartzeko teknologia zinematografiko garatuena da, ikusgarritasuna oinarri, filma espektakulu bisual sarkorra izatea ziurtatzen duena. Arazoa baina, jatorrizko formatuan non pantailaratu ez dagoela gurean, ezta bizilagunen lurraldean ere. Oztopoak oztopo, ezin uka daitekeena da Oppenheimer-ek zinema arnasten duela, sakon. Birikietaraino zuzenean. J. Robert Oppenheimer (Cillian Murphy) fisikariaren bizitzan oinarritutako filma da, bonba atomikoaren garatzaile gisa izan zuen eginkizunean fokatutakoa. Manhattan proiektua aurrera eramatearekin batera sortu zitzaizkion kontraesanak, eta interes nazionalen biktima nola bihurtu zen erakutsiko digu Nolanek.
Heroi, traidore ala martiria da Oppenheimer? Galdera horri bueltaka, errelatoek duten garrantzia interesatua jarriko zaigu mahai-gainean. Fisikari eta doktorearen figuraz baliatuta, eta haren barne-gatazketan sakonduz (jardunbide profesionala ala kontzientzia gizatiarra), Bigarren Mundu Gerraren ostean estatubatuarrek aldarrikatu zuten salbatzaile-izaera faltsua desgaitu du Nolanek. Bonba atomikoaren beharraz eta funtzioaz zalantzati, Gerra Hotza ezaugarritu zuen lehia-armamentistikoa eta gaur egun oraindik ere bizi-bizi dagoen mehatxu nuklearra aurreikusi zuen fisikariarekin identifikatzen da errealizadore (jaiotzez) britainiarra. Malabarismo formalei iskin egin gabe, hitz-ean ardaztutako lana eraiki du. Fisikariaren ikuspuntu koloretsua, eta antagonista lukeen Luois Strauss politiko, enpresa-gizon eta AEBetako Itsas-Armadako ofizialaren zuri-beltzeko begirada lotzen dituen haria da. Muntaia bizi, armoniatsu eta operistikoa bidelagun (Terrence Malick edota Pablo Larrain poetikoenarengandik ez oso urruti), enkontru-desenkontruak, Los Alamosko Laborategi Nazionaleko ikerketa urteak, epaiketa eta kargu-hartzeak ehuntzen ditu hitza-k, drama historikoaren eta thriller politikoaren artean balantzaka dabilen film mamitsuan.
Atzo, gaur zein bihar gertatu, kontaketak ez du ia atsedenik hartuko hiru orduz, historiak ere bere bidea egiten jarraitzen baitu, nahiz eta ezinbestean atzera begiratu. Bederen, bake-une bakarra oparituko digu Nolanek. Bonbardaketa bisualaren unerik gorenean su-eten emozionala etorriko da. Filmeko pasarterik ederrena izanik, istorioko egintzarik krudelena ere bada; bonba nuklearraren lehen-proba errodatzeko moduak errealizadorearen tesiarekin egiten du bat: isiltasuna da nagusi, eztandaren ikusgarritasunak itsututa eta mutu baitaude behin betiko arma hilkorraren diseinatzaileak. Horien aurpegiei itsatsita kamera erruki izango zaie. Prometeo modernoak –American Prometheus: The Triumph And Tragedy of J. Robert Oppenheimer (Kai Bird eta Martin J. Sherwin, 2005) liburuan oinarrituta dago filma- mundu berri bati ateak ireki berri dizkio, eta haiek bezala gu ere, etorkizunetik, datorrenaren jakitun gara.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika zinematografikoa: “Oppenheimer”