Kritika Zinematografikoa: “No Bears”

Kritika Zinematografikoa: “No Bears” –
Kritika Zinematografikoa: "No Bears"

Zuzendaria: Jafar Panahi
Urtea: 2022
Herrialdea: Iran

Kritika Zinematografikoa: "No Bears"-Labirinto amaigabea-

Egiaren eta gezurraren arteko mugak ezartzea zaila dela sobera jakina da. Erabatekoak ez diren egitateak faltsutasunez beteta egon litezke, fantasiarik handienek egiarik sendoena izan dezakete bere bihotzaren sakonenean. Hausnarketa hau artearen eremura eramanda… pinturak, eskulturak edo arkitekturak ‘faltsutasuna’ izan dezakete bere baitan? Literaturak bai, jakina, baina barneratua dugu kontatzen den oro idazten duenaren subjektibitatepean sortzen dela. Baina zinea? Ez al da kamera  gertatzen denaren lekuko ixil eta zintzoa, ‘ikusi’ duenaren aztarna eztabaidaezina da zine irudiak helarazten diguna. Bai… ezta?

Jafar Panahi-ren pelikula bakoitzean pelikula asko bizi direla sentitzea ezinbesteko da. Ibilbide pertsonal gutxi daude filmografia batetara lotuagoak, izan ere, Panahi zuzendari iraniarrak bere herrialdeko gobernuarekin arazo larriak izan ditu, hainbat kartzela zigor ditu Panahik gobernuaren aurkako konspirazio kargua egotzita. Honek fisikoki baldintzatu izan du azken hamarkadan bere jarduna (oztopo guztien gainetik zuzentzen jarraitzeko asmo tinkoa izan du), eta are interesgarriagoa dena, bere diskurtso filmikoa sortzeko sustraia izan da, disidentzia horren bitartez estilo ariketa eginez.

No bears bere azken pelikulan (Veneziako jaialdian epaimahaiaren sari berezia jaso zuen) Panahi bera izango da pelikularen erdigune. Ez Panahi aktore bezala, Panahi bera pertsonaia gisa, Turkia eta Iranen arteko mugaren arteko herrixkatxo batean dela. Bertatik pelikula bat zuzentzen ari da, telematikoki, Teheran-en dagoen talde tekniko eta artistikoari zuzeneko aginduak emanez. Hala zuzentzen omen du bere egoera legalek behartuta, beraz pelikularen abiapuntua dokumentalera egokitzen dela esan genezake. Are gehiago, lehen irudiak kale baten bizitza ‘erreala’ harrapatzen ari direla esan genezake: panoramika batek kale saltzaileak, musikariak, edo taberna bateko terraza erakutsiko digute. Plano sekuentzia den horretan, terraza honetako zerbitzaria aldendu egingo da eta iritsiko den gizonarekin hitz egingo du herrialdea uzteko pasaporte faltsu batzuen inguruan. Eztabaida izango dute, baina ezustean oihu bat entzungo da, eszena mozteko beharra adieraziko duena, nolabait magia, errealitate ilusio hori, zapuztuz. Kamerak atzera egingo du, baina ez Teherango kale argi horretan, gela gris batetan baizik, ikusi dugun lehen eszena hori Panahi zuzendariaren monitorea zela adieraziz. Filmaren konplexutasunaren lehen hazia da, dokumental itxura duen fikzioaren grabaketaren dokumentala (!). Efektu bereziak tarteko egon gabe ere irudiak manipulagarriak izan litezkeenaren lehenengo oharra da pelikularen hitzaurre hau.

Berez bi dira ildo narratiboak, biak ere errealitatearen eta errealitate hau errepresentatzearen (hemen goiko lerroetan planteatutakoaren gakoetako bat) arteko tentsio horren ardatzean bertan idatziak. Iran utzi nahi duen bikote horren odisea, hasieran eztabaidan ikusi ditugun emakume eta gizona (berez hala egin nahi duten pertsonak dira, eta filmea eraiki nahi da horren inguruan) eta Panahiren bizipenak herrixka txiki horretan. Izan ere, zuzendariak arazoak izango ditu, bere etengabeko bilaketa bisualetan, maitasun istorio debekatu bat argitara aterako duelako, adostutako ezkontzen arau zurrunak kolokan jartzen dituena. Kasu hontan ere irudien ‘egiazkotasuna’ ren argudioa baliatuko da komunitate horrek egingo dituen epai moraletan.

Berez herrixkako gertaerek eratuko dute pelikularen bizkarrezurra, tartean Irango gizarte errepresiboaren marrazte gordina egingo duelako (maitasuna lehenesten ez duen gizartea, emakumeak bai fisikoki bai erabaki guztietatik baztertzen dituena, etengabeko kontrol soziala ezartzen duena…), baina pelikularen arima Panahik (pertsonaiak) telematikoki zuzentzen duen pelikula hortako irudietan legoke.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "No Bears"

Kritika Zinematografikoa: “No Bears”

Euskal pantailaren gunea