Kritika Zinematografikoa: “Negu hurbilak”
Kritika Zinematografikoa: “Negu hurbilak” –
Zuzendaria: Negu Kolektiboa
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria
-Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan-
2011ko urriaren 21ean jakinarazi zuen ETAk borroka armatua etengo zuela, eta urte luzez iraun zuen jardunaren zuloak ageriko egiteko asmoz, euskal zinemagintzak isildutako -edo isilarazi nahi izan dituzten- hainbat auzi mahai-gainean jartzeari ekin zion. Asier eta Biok (Aitor eta Amaia Merino, 2013) lanak abiatu zuten Euskal Herriko iragan hurbilarekin aurrez aurreko hartu-emana, eta gerora etorri dira bateko zein besteko proposamenak. Horiek, baina fikzioa zein dokumentala helduleku, historia-lerroak batu ditu, bizi izan duten garaiaz eta testuinguruaz aritu baitira hizketan kontu eske dabiltzan euskal zinemagileak. Orain, aldiz, belaunaldi berri bat agertu da, Negu Kolektiboa, talde armatuaren desegiteak haur harrapatu dituena, eta ondorioz, entzundako edo irakurritakoetatik jasotakoa soilik ezagutzen duena.
Euskal Herriko eta Herrialde katalanetako zinemagile gazte hauek ondu duten Negu hurbilak opera prima urgentzia pertsonaletik heldu da, eta aitzindaria da hainbat aspektutan. Belaunaldi aldaketak dakarren ikusmira berriaz gain, filmaren lehen pantailaratzea ere ezohikoa izan da. Donostia Zinemaldia izan dute euskal ekoizpenek erakusleiho, nagusiki – Asier eta Biok, Lasa eta Zabala (Pablo Malo, 2014), Mudar la piel (Ana Schulz eta Cristóbal Fernández, 2018), Caminho Longe (Josu Martinez, 2020), Bolante baten historia (Iñaki Alforja eta Iban Toledo, 2021), Maixabel (Iciar Bollaín, 2022)-, eta kasu partikularrak kenduta –918 gau (Arantza Santesteban, 2022), DOC Lisboa jaialdian-, apenas izan da mundu mailako estreinaldirik atzerrian. Negu hurbilak filma 76. Locarnoko Nazioarteko Zinema Jaialdian erakutsi dute aurrenekoz, Cineasti del Presente sailean epaimahaiaren aipamen berezia lortuz gainera.
Hitzez baino, irudiz eta soinuz kontatutako istorioa da, eszenaratze hotza, iluna eta isila ardatz duena. ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzearekin batera, muga zeharkatu nahi duen emakume bat du protagonista, anonimoa, babesean hartuko duten herritarrak bezala. Zubietan, nafar Pirinioetan, girotuta, pasako dira egunak, hilabeteak, eta bizilagunek jarraituko dute beren ohiko lanetan, egur-lantegian, ardiekin mendian. Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko labirinto ito honetan, sentimenduak lainopean daude ezkutatua, hala, giza afekzioa erakusteko planteamendu formal arrotzari eusten dio filmak, esatekoak diren hitzak ukatuz, eta pertsonaien psikologiaren hedapen bisuala potentzializatuz. Kameraren mugimendu geldo eta zirkularrak indartu egingo du ez-toki horren izaera fantasmagorikoa, mugaz bestaldeko salbazioa utopiko bilakatuz.
Eta apurka-apurka, iheslariaren larritasuna areagotzearekin batera, hutsaltasun formalerako bidea hartuko du filmak, planoei bizitasuna ukatuz, horien barruko elementuak desagerraraziz, eta denbora hilak luzatuz. Askapenerako linboan harrapatuta, inguruak irentsi egingo du protagonista, mamu bihurtzeraino, eta behin itxaropen oro galduta soilik izango ahaztuta duen errealitate sozialarekin bakeak egiteko aukera. Ihesaldi generoaren deseraikitze onkologikoan sinetsiz, Negu Kolektiboko errealizadoreek tirorik, jazarpenik eta akziorik gabeko filma sortu dute. Epika gaitzetsiz, narrazioaren alderdi dramatiko arketipikoak ezabatu dituzte bertako (anti)heroiak -eta beren bidez, euskal gizarteak- bizi izan duen bakardade-mina eta zama iradokitzeko.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Negu hurbilak”