Kritika Zinematografikoa: “Master Gardener”
Kritika Zinematografikoa: “Master Gardener” –
Zuzendaria: Paul Schrader
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
Pelikularen hastapen kredituetan jada soma dezakegu lorea dela Master gardener honetako iparrorratz sinboliko nagusiena. Filmaren sinatzaileak pantailaren erdi batean aurkezten dira, eta beste ondoan, lore koloretsuak lerrokatzen dira, kolore eta forma anitzetakoak. Lore hauek pantailaratzean, edonola, bi gauza nabarmendu litezke: lehenik eta behin, denek antzeko mugimendua egiten dute, irekitzen ari dira, normalean izaten duten irudi estatikoa baztertuz; eta honekin lotuta, oso azkar gertatzen da mugimendu hau, era eder, baina aldi berean, desnaturalizatu eta artifizialean, nolabait denboraren manipulazioa agerian geratuko balitz bezala. Bi aspektu hauek, mundura irekitzea (loreek bere ugalketarako -maitasunerako?- irekitzen omen dute bere ‘gorputz’ koloretsua) eta denboraren bilakaera pelikula honen gaietako batzuk izango dira.
Filmaren ardatza Narvel pertsonaia da, Joel Edgertonek haragitua. Iheskor eta misteriotsua, AEBetako hegoaldean den etxe handi batetako lorategien ardura dauka, hiruzpalau langile bere ardurapean daudela.. Gauero bere gela sinple eta ilunean, loreen inguruko datu bilketa egiten du, eta ezaugarri eta berezitasunen inguruan idazten du eskuz (pertsonaia kartzela itxurako gela soil batean idazten, Schraderen pelikulen ikurra da), era zurrun eta metodikoan. Etxe horretako jabearekin (Sigourney Weaver) duen erlazioa izango da lehen terminoan, pelikularen motore, zehazki emakume nagusi honek eskatzen dion mesede/agindua: bere ahizparen biloba, Quintessa Swindellen pertsonaia (‘mestizoa’, esplizituko nabarmenduko den bezala, eta arazo zehaztu gabeak izan dituen gaztea) har dezan lorategiko ikasle gisa. Honek irekiko dituen ateak (iragan zein etorkizunera) izango dira filmaren ardatza.
Filmaren inguruan adierazi behar den lehen elementua pelikula aski ezaguna dela da. Schrader-en gai eta obsesio berdintsuak daude denaren muinean, eta are gehiago First Reformed eta The Card Counter-ekin osatzen da erredentzioaren edo barne askapenaren inguruko trilogia tematikoa. Kontatze moldeei dagokionean ere, antzeko bideak baliatzen ditu zuzendari estatubatuar beteranoak: klasizismoaren eremuan ezarria, slow cinema eredura egokitzen diren tresna asko aurkituko ditugu, filmaren lehen erdian batez ere. Egoera bakoitzaren, elkarrizketa, botanika eskola edo gela bakardadean ematen den eszena bakoitza dotoreziaz eraikiko da, baina mantxoa izango da bere garatzea. Ez da, pentsa litekeenaren aurka, tentsioa indartzeko tresna. Kredituetako loreetan gertatzen zena alderantzikatuz, bizitza izoztuaren adierazpena da, erruak jipoitutako gizonaren egoeraren ikurra.
Horrela, lorategi inguruetatik atera gabe, loreekiko maitasun eta begirunea izango da ardatza, hauen inguruan ematen diren pertsonaien bilakaera narratiboak sotilak diren bitartean. Osatzen joango da, edonola, Narvelen etxeko jabearen eta bere iloba gaztearen arteko hiruki sinboliko adierazkorra. Hala, kode moralak lehen terminoan ezarriko dituen joan etorriko bidaia plazaratuko du pelikulak, bigarren zatian ematen den thriller eztanda (apala) prestatuz. Halaber, gizarte mailako azterketak egiteko ere baliatuko ditu zuzendariak bere pertsonaiak. Esklabutza espliziturik ez, baina diruaren botereak markatutako botere eta klase harremanak bortitz eta estrukturalak dira. Honekin batera, gorroto eta biolentziaren inguruko hausnarketa dauka bere baitan filmak.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Master Gardener”