Kritika zinematografikoa: ‘Lurralde Hotzak’

– Kritika zinematografikoa: ‘Lurralde Hotzak’ –

 

Zuzendaria: Iratxe Fresneda
Urtea: 
2018
Herrialdea: Euskal Herria

-Ilusionismoan sinisten jarraitzea nahiago dutenentzat-

Etxetik urrunegi aldendu ezin garen honetan, bidaiatzeko gonbita ezin hobea jaso dugu Argia aldizkariko ikus-entzunezko gordailuari esker. Bada, Iratxe Fresnedaren eskutik, haren begietatik, nora eta lurralde hotzenetara bidaia egiteko aukera profitatzea erabaki dut nik aste honetan.

Aragoiko hauts horizta eta paramo idorretatik, Finlandiako paisaia izoztuen itxurazko gelditasunera. Gero eta Iparralderago, orduan eta sakonago. Lurralde Hotzak (2018) ezagunaren eta ezustekoaren artean jolasean dabilen ez-fikziozko roadmovie berezia da, munduaren mugimendua, bizitza bera, enkoadrearen angelu zorroztuetan harrapatzeko grinaz sortzen dena. Erleen dantza, hildakoak, memoria, naturaren handitasuna, turistaren begiaren neurrira berreraikia izan den Berlin, Lars von Trier kuttunaren Danimarka… horiek denek, baita gehiagok ere, haien tokia izango dute irudien, zinemagintzaren eta bizitzaren inguruan hausnartzen duen obra mardulean.

Narratzailearen off ahots lausengarriak aurkeztuta presente egongo da Theo Angelopoulos, Victor Erice edo Abbas Kiarostami bezalakoen oihartzuna. Baina ez horiek bakarrik. Fresnedaren lenteak Eulalia Abaitua, Dorothea Lange edo Begoña Vicario bezalakoak ere erakartzen ditu, sorginkeria hutsa dirudien munduaren eta kameraren arteko ezkontza xarmant honetan.

“Garrantzitsuena ez da irudiek erakusten dutena, ezkutatzen dutena baizik” diosku off ahotsak. Geroago, leiho batean ikusi dezakegu islatua zinemagilearen silueta, hala moduzko autorretratua, haizeak edozein istantean ezaba dezakeen itzal bat kasik.

 

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika zinematografikoa: ‘Lurralde Hotzak’

Kritika zinematografikoa: ‘Lurralde Hotzak’

Euskal pantailaren gunea