Kritika Zinematografikoa: “Le Retour”
Kritika Zinematografikoa: “Le Retour” –
Zuzendaria: Catherine Corsini
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
-Begiradek ezkutatutako aitortza isilak-
Istorio udatiarren ardatz tematikoak izan ohi dira lehen maitasun eta sexu esperientziak, identitatearen bilaketa, festak etab. Horiek guztiak beregain ditu Catherine Corsini zinemagile frantziarraren lan berrienak, baina are sakonago begiratu nahi du: kultur aniztasunaren defentsa egin, eta gizartean errotuta dagoen arrazismo eta klasizismoa salatu.
Emakumeak erdigunean dituen film beroa da LE RETOUR. Ez soilik Korsika, bere paisaia paradisiakoak, herrixka xarmangarriak, inbidiazko hondartzak edota errepide bakartiak erretratatuko dizkigulako, baizik eta protagonisten hartu-emanek, jarrerek eta ekintzek hala erakutsiko digutelako. Eta freskatzeko, gertu izango dute itsasoa, askatasunaren metafora bisuala, non pasioak eta intimitateak lotsagabetu egingo diren.
Bere aurreko lan arrakastatsuan -Txaleko Horien krisian girotutako La fracture (2021)- egin bezala, oraingoan ere ikuspuntu ezberdinak uztartuz ehunduko du Corsinik kontakizuna. Kale borroka haietan zauritutakoak artatzekoa ardura zuen Aïssatou Diallo Sagna aktorea Parisko familia dirudun baten haurrak zainduko dituen ama alargun batean bilakatuko da hemen, Khédidja. Mediterraeno bete-betean dagoen uhartera bueltatuko da bere bi alaba nerabeekin -Jessica (Suzy Bemba) eta Farah (Esther Gohourou)-, bertatik alde egin eta 15 urtera; iraganeko oroitzapen, mamu eta beldurrak berpiztuko zaizkie.
Bada, La fracture-k zuen komedia kutsutik urrunduko da LE RETOUR, eta era berean, zinemagilearen maisulantzat har dezakegun La belle saison (2015) drama erromantikoarengandik hurbilago sentituko dugu; azken honetan bezala, jorratiko ditu besteak beste, queer harremanak, dinamika familiarrak, landa eremuaren nagusitasuna. Itzulera mingarri baten kontakizuna izanik, badirudi Khédidjaren begiradek ezkutatutako aitortza isilek sostengatuko dutela filma, eta hala gertatuko den aldiro ikus-entzuleok biziki sentituko dugu emakumearen erresilientzia, dolua, eta bihotzez ulertuko ditugu noizbait hartutako erabakien zergatiak. Zoritxarrez, ez da Corsinik jarraituko duen bidea izango, eta magia puskatu egingo da, ez du korapilo narratiboa nahi bezala askatzen asmatuko.
Gehiegizko azalpenetan babestuko da, eta ez die interpretazioei tokirik utziko. Bada, François Ozonen –Été 85 (2020)- zaletasun transgresorearen aurpegi didaktikoena aurkeztuko digu Corsinik, herrikideak ere zuzendu izan dituen ipuin udatiarrekin nolabait alderatzerik balego. Hitzari erabat lotuta, pertsonaiengan atzeman daitekeen tentsioa -soziala, belaunaldien artekoa eta sexuala- erabat deuseztatuko da hemen, melodrama traketsek baliatu ohi dituzten irtenbideak baliatuz. Beharbada, eta ameskerietan ibiltzea litzateke hau, interesgarriago zekiokeen Corsiniri istorioa luzatu, azpitramak sakondu eta LE RETOUR, adibidez, The Durrells (Simon Nye, 2016) edota We Are Who We Are (Luca Guadagnino, 2020) gisako telesail bihurtu izan balu.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Le Retour”