Kritika Zinematografikoa: “La infiltrada”

Kritika Zinematografikoa: “La infiltrada” –
Kritika Zinematografikoa: "La infiltrada"

Zuzendaria: Arantxa Echevarria
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia

Kritika Zinematografikoa: "La infiltrada"Itxurosoa bezain engainagarria-

Joan gaitezen zuzenean harira. Zertara dator uneko aktore mainstream-ak erabili behar hori? Harrigarria egin zitzaigun Imanol Arias gaztea etakide bat interpretatzen ikustea –Mikelen heriotza (Imanol Uribe, 1984)-, edota berriki, Luis Tosarrek Juan María Jaureguiren hiltzailea eta Blanca Portillok haren emazte Maixabel Lasa –Maixabel (Iciar Bollain, 2021)- haragitzea. Bada, Arantxa Echevarria zinemagile bilbotarraren LA INFILTRADA film berrienean Tosarrek berak errepikatuko du aktore-taldean, Diego Anido, Víctor Clavijo, baina batez ere, Carolina Yusterekin. Zortzi urtez ETAn barneratuta egon zen Polizia Nazionaleko agenteari aurpegia eta gorputza eskaini dizkio Yustek, Aranzazu Berradre Marín ezizenez batailatutakoari.

Generoko filmen kanonari buelta emanda emakume bat jarri du Echevarriak erdigunean, eta aurten bertan estreinatutako Andrea Jaurrietaren Nina-rekin gertatu bezala, horien errepresentazio zinematografikoen berrirakurketa eginez, thriller feministak egiteko beharraz hitz egingo digu, egiterik badagoela aldarrikatuz. Infiltratutako emakumezko agentearen buruhausteei -etakideekin bizikidetza, kasua uzteko tentazioak, gainezka egitearen beldurra, erailketak, presio psikologikoa…- eman die bide Echevarriak, eta hauxe du, bederen, filmak aldarri eta txalogarri.

Film poliziako bat da, erritmo narratibo bizia duena. Tentsioa uneoro, intriga, eta batez ere, pertsonaia nagusiaren barne-gatazka ditu motore. Beroaldi bete-betean iruditu dakiguke zinemagile bilbotarraren pelikulak harrapatuko gaituela; kontakizun epiko bat dakar, istorio existentzial bat, zirraragarria ikus-entzulearentzako. Hala izan zitekeen, baldin eta gertuko dituen Maixabel edota Patria eta La linea invisible telesailekin gertatu bezala, ageriko zuzentasun narratibo eta politikoarekin konformatuko bagina.

Izan ere, guztiz deskontestualizatutako istorioko protagonista da Yuste, garaiko (90eko hamarkada) egoera soziopolitikoari, gizarteko hausturei eta erronkei sakontasunik ez baitie Echevarriak emango. Arrotza, laua eta, nolabait, hotza irudituko zaigu zinemagile bilbotarrak erretratatutako Euskal Herria, eta batez ere, Donostia. Funtsean, itxurosoa bezain engainagarria da LA INFILTRADA, eta ez dio aparteko ekarpenik egingo Euskal Gatazka lez ezagun den gaiari, ikusgarritasun komertziala ez bada.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

.

Kritika Zinematografikoa: "La infiltrada"

Kritika Zinematografikoa: “La infiltrada”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude