Kritika Zinematografikoa: “La guitarra flamenca de Yerai Cortés”
Kritika Zinematografikoa: “La guitarra flamenca de Yerai Cortés” –
Zuzendaria: Antón Álvarez
Urtea: 2024
Herrialdea: Espainia
“Tanganaren lehen filma” deitzen diote guzti horien zirraraz inguratuta heldu naiz aretora. Nik, ordea, nahiago dut pentsatu Antón Alvarezen debuta ikustera natorrela, ziurtzat jotzen baitut pertsona eta pertsonaia banandu behar direla dioen egitate hori. Hala, pentsa dezaket Puchito, Yerai Cortesen eskutik, flamenkora hurbiltzen hasi zeneko istorioa ezagutzera natorrela. Are, zuzendariak berak indartuko dit uste hau filmaren lehen minutuetan.
Baina, tituluak ez du gezurrik esaten: filmeko zuzendari, gidari eta subjektu aktibo izan arren, Antón ez da protagonista. Are, filma ez da protagonista erreala izan zitekeen Yerai Cortés gitarra-jolearen erretratua ere ez. Istorio hau ezinbestean kontatu beharreko familia-sekretu bati buruzkoa da. Min baten errelatoa, zauri batena, errarena, jendearena eta, noski, horiek guztiak zeharkatzen dituen musikarena .
Haren hitzetan, ezustean deskubritu zuen zuzendariak musikari gaztea. Gitarrarekin duen talentuak eta Espainiar Estatuko paisaia flamenkoaren barruan bereganatzen ari den posizioak (tradizionalek zein modernoek gurtua) erakarrita hurbildu zen da harengana, eta berehala deskubritu zuen sortzen dituen doinu eder horiek dituela intimitate mingarriena azaleratzeko bide.
Yerairen familiaren eta gertukoen ekarpen musikatu eta testigantzen bidez jasoko dugu ikusleok protagonista oinaztatzen duten bi errealitate, bi mundu, bi egoteko modu kontrajarrien berri. Batetik, ijito mundua (bazterra, artea, familia, isiltasuna, ohorea, maitasuna, liskarra, droga, polizia, heriotza), etxekoa, erroetan daramana; eta, bestetik, hiriak eskaini diona: eszena musikala eta baita jendarte zein erreferente berriak. Tradizioa eta modernitatea, parez pare, eta trantsizio bidaia bat: deseraikitze bat, berreraikitze baten alde.
Eta horrela, hitzartze zein bizipenetatik tiraka, ezagutuko dugu Tania, filmeko bigarren protagonista -egiaz, benetakoa-, 24 urterekin medikuen akats baten ondorioz hildako senitartekoa. Eta, hain zuzen, hari eskainitakoak izango dira filmeko doinurik ederrenak eta zintzoenak, behinola isildutakoak kantatzeko grinaz sorturikoak.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “La guitarra flamenca de Yerai Cortés”