Kritika zinematografikoa: ‘Inventory’
Zuzendaria: Darko Sinko
Urtea: 2021
Herrialdea: Eslovenia
Atala: ZUZENDARI BERRIAK
-Meta-fikziozko joko interesgarria-
Zer egingo zenuke, egun arrunt batean, etxeko idazmahaian irakurtzen zabiltzala, ezerezetik eta arrazoirik gabe, leihoz kanpoko norbaitek tiro egingo balizu? Zer egingo zenuke, nork tirokatu zaituen eta zergatik jakiterik ez bazenu? Poliziari hilketaren arrazoiak argitzen laguntzeko zantzurik ez balego, eta ikerketa hasi bezain laster bertan behera utzi beharko balute? Horixe gertatzen zaio Boris Robic-i Darko Sinko esloveniarraren filmean, Zinemaldiko New Directors sailean lehiatu den Inventoryko protagonistari. Lasai-lasai etxean irakurtzen ari dela izango du bizi duen eguneroko lasaitasuna eta sinpletasuna azpikoz gora jarriko dituen eraso ulertezina. Pozik bizi da Boris, unibertsitateko maisu-laguntzaile Ekonomia fakultatean, ezkonbizitza zoriontsuan, Esloveniako hiriren bateko erdi-goi mailako auzunean… Baina malezia umoristikoz betetako Sinkoren gidoiak bere lekutik aterako du pertsonaia, eta guztiz galduta utziko du, mesfidantza eta paranoia zurrunbiloan sartuta.
Meta-fikziozko joko interesgarriarekin, Robicen alderantzizko deus ex machina moduko horrek jartzen du martxan filma: gauzak konponduko dituen mirari batekin gabe, bizitzaren zentzugabekeriaren ikur ezin hobea den tiro kaotikoarekin esku hartzen du gidoian. Aki Kaurismakiren Europa hotzaren parodia-estilotik edaten du Sinkoren umoreak, eta Coen anaien protagonisten patetismo barregarria ere burura dator Dejan Spasicek aurpegiera tristearekin (A simple maneko protagonistak bezala, bizitzaren zentzugabekeriak pizten digun neurotizismo hori ezin hobeto transmititzen du aktoreak). Aipatzekoa da, horrez gain, ez dela ohikoa New Directors saileko istorioa (zinemagile gazte garaikideek aurrera ateratzen dituzten proiektuak, alegia) euren gazte-giroko testuinguruetatik aldentzea. Zuzendari esloveniarra ordea, adin-ertaineko krisialdira hurbiltzen da enpatia handiarekin; jada bizitza errealizatuta izan behar omen duten horien antsietate eta zentzugabetasun atake ulergaitzetara gerturatzen da, eta, bide batez, Europako erdi-mailako klaseen bizi-estilo kaskarra auzitan jartzen du.
(…)
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
INVENTORY