Kritika Zinematografikoa: “Inside Out 2”

Kritika Zinematografikoa: “Inside Out 2” –
Kritika Zinematografikoa: "Inside Out 2"

Zuzendaria: Kelsey Mann
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB

Kritika Zinematografikoa: "Inside Out 2"-Egizue tokia, berriak datoz eta-

Inoiz helduko ez zela zirudien uda horrekin pentsatzeari uzteko plazebo baten erara, Inside Out (2015) gogoangarriaren jarraipena ekarri digu harekin ekaineko solstizioak. Eta noski, laino-azpian bizi garen anfibiook zinez eskertu dugu alternatiba. Ezustekorik ez: espero genezakeen guztia eta gehiago aurkituko dugu Kelsey Mannek bere egin duen proposamenean.

Riley nerabezarora hurbiltzen hasia da, eta gaztearen sentimenduak kudeatzen dituen kuartel nagusiak bat-bateko aldaketei aurre egin beharko die: emozio berrien iritsiera. Kudeaketa eta lankidetza bikainari esker oreka bilatzea lortu duten emozio beteranoak (Poza, Tristura, Haserrea, Beldurra eta Nazka) galduta sentituko dira Antsietatearen agerpenarekin. Eta badirudi ez datorrela bakarrik…

Baliteke lehen atalaren originaltasuna galdu izana -sekuela izaki, ulergarria ere izan daiteke-, baina gora egiten du sentimentalismoan. Haurtzarotik nerabezarora iragaten ari den protagonistaren emozioen eta sentimenduen lagun,  bidaia adimentsu, dibertigarri eta hunkigarri batean eramango gaitu filmak, eta aise gaindituko du bere aurrekariak ezarritako erronka. Izan ere, film arrakastatsu baten jarraipena diren beste lan batzuk jatorrizkoak birsortzen saiatzen diren tokian, istorioaren hondora jo du zuzendariak, lehen atalaren tonua, egitura eta animazio-estiloa berrituz erabat.

Eta saiakera gozatzea besterik ez dugu. Nerabeak, oraindik iritsi ez direnak eta inoiz nerabeak izan ginenak, eraiste-bola dibertigarri eta sakon bat bezala kolpatuko gaitu denok. Eta hortxe, akaso, filmaren berezitasuna: gure egingo ditugula Riley protagonistaren emozioak. Norbere ñabardurak, ikuspegi berri batetik ikusaraziko dizkigu filmak: gure burua ezagutuko dugu, egindako akatsak onartu eta pertsona bilakatzen gaituzten argi-ilunak identifikatuko ditugu. Eta emaitza:  kontzeptu potolo guzti horiekin egindako malabarismo-saio maitagarria.

Ahaztu gabe, itzulera arrakastatsua suposatzen du lanak Pixar estudioarentzat ere, bere unerik onenetan bezala, bereizgarri duen dohaina berreskuratu baitu: haurren eta helduen begirada uztartzen duen puntu zehatza eta gozoa aurkitzea.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Inside Out 2"

Kritika Zinematografikoa: “Inside Out 2”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude