Kritika Zinematografikoa: “Il Sol Dell´avvenire”

Kritika Zinematografikoa: “Il Sol Dell´avvenire”-
Kritika Zinematografikoa: "Il Sol Dell´avvenire"

Zuzendaria: Nanni Moretti
Urtea: 2023
Herrialdea: Italia

Kritika Zinematografikoa: "Il Sol Dell´avvenire"-Pasioz bizi duen zinemari eskainitako agur gutuna-

Nanni Morettik bere zinema areto propioa ireki zuen duela urte dezente Erroman. 1930eko hamarkadan eraikia, Cinema Teatro Nuovo zuen jatorrizko izena, baina denbora luzez abandonaturik egon ostean, zinemagile italiarrak berregituratu, eta pantaila handiaren zein ikustaldi kolektiboen aldeko zinemazale erromantikoei oparia egin zien. Morettik zirkuitu komertzialetan tokirik ez duten eta hausnartzera garamatzaten “film askeen” aterpe bilakatu du Cinema Nuovo Sacher izenekoa, eta noski, Netflixeko ekoizpenek jai dute bertan. Hala gogoraraziko digu aurkeztu berri duen Il sol dell’avvenire filmean, talde multinazionalari mezu pozoitsua bidaliz.

Caro diario (1993) eta Aprile (1998) autofikzio umoretsu eta musikatuen ildoari jarraipena emanez, eta horietan amestutako “gozogile troskista” bati buruzko pelikula egitearen ideia nolabait egia bihurtuz, oraingoan ere Morettik berak haragitutako Giovanni zinema zuzendaria izango da protagonista nagusia; ez ispilu lukeen alter ego-a, baizik eta propio bera. Esku artean duen eta 50eko hamarkadan girotutako film komunista (Erromako barruti bateko PCIko ordezkaria eta L’Unità egunkariko arduradun nagusia gidari dituena) finantzatzeko arazo larriak ditu, eta Netflix ate-joka etorriko zaionean zer egin adostu beharko du.

Giovanni/Nanni errodatzen ari den filma baliatuta, streaming plataformen diktadurapean film bat ekoizteak dakartzan zailtasunak azaleratuko dizkigu Morettik lehen pertsonan. Autore-zinemaren ikur eta defendatzaile izanik, axolagabetasun osoz enpresariak affanculo bidaltzeko ardura unibertsala hartuko du, duintasuna aldarri. Nazioarteko merkatura zabaltzeko Netflixeko arduradunek ezarriko dizkioten baldintzak ukatzea ez da soilik protagonistaren erabaki irmoa, errealizadoreak berak zazpigarren artearekiko duen konpromiso ideologiko eta politikoa baizik.

Zinemaz bizi baino, zinema bizi duen artista erromantiko eta ironikoenaren filmografia osoa borobiltzen duen harribitxia da Il sol dell’avvenire, etengabeko erreferentzia artistikoz jositakoa; bere ondare zinematografikoaren birformulazio existentzialista. Batetik, aipatutako Caro diario-n eta Aprile-n erabilitako Vespa motoa zaharkituta dagoela irudituko zaio, eta 70 urterekin mundu berri honetara egokitzeko zailtasunik ez duela erakutsiz, patinete elektrikoan Erromako auzoak zeharkatuko ditu. Bestetik, Palombella rossa (1989) edota Il caimano (2006) lan satirikoei keinu narratibo eta bisualak ere eginez, horietan jorratutako hausnarketa politiko eta sozialak berrartuko ditu Morettik, Italiako aldedi ezkertiarren amets utopikoa zein gainbehera ezbaian jarriz: PCIren jarrera estalinismoaren aurreran.

Autofikzioez gaindi, fikziozkoak (zentzu zorrotzenean) diren Morettiren dramen itzala ere nabari da Il sol dell’avvenire-n. Familiarteko harremanak eta loturak sentiberatasunez eta intimotasunez jorratu izan ditu, betez ere, La stanza del figlio (2001), Mia madre (2015) eta Tre piani (2021) lanetan. Eta oraingoan, Margherita Buy aktorearekin (berriz ere) parez pare, banatzear dagoen bikotearen desamodio-korapiloa askatu beharko du protagonistak. Emaztea zinemagile gazte baten akziozko film bat ari da ekoizten aurrenekoz, eta Morettik, berezkoa duen izaera egolatrak eta berekoiak bultzatuta, eten egingo du filmaketa, heriotzaren eta biolentziaren errepresentazioari buruzko irakurketa gizatiarra partekatuz -artea da edo entretenimendua? etika edo estetika?-; lan-injerentziak larriagotu egingo du bikotearen krisia, bizitzan dena komedia ez dela ohartaraziz.

Finean, elkar gurutzatzen diren hiru geruzek ehunduko dute Il sol dell’avvenire: politikoa (Giovanni errodatzen ari den pelikula komunista), artistikoa (filmaren beraren ekoizpen zailtasunak eta zinemagintzaren etorkizun iluna) eta sentimentala (krisi familiarra). Baina, lehen instantzian iradokitako panorama ezkorraren atzean, esperantza izan dezagun erregutuko digu Morettik, italiar kantautoreen (Luigi Tenco, Fabrizio De André, Nemi edota Franco Battiato zendu berriarenak tarteko) zein Aretha Franklinen doinu eta errimek pantaila handia musikaz biziberritu bitartean alaitasunez dantzatzera gu gonbidatuz. Are gehiago, etengabe omenduko duen Federico Felliniri ohore eginez, bat-batean denbora gelditu egingo da: lagun, lankide eta urte guzti hauetako proiektuetan aldamenean izan dituenak gerturatuko zaizkio zinemagileari. Erromaren bihotzen, Koliseoa eta Altare della Patria monumentu beldurgarria elkartzen dituen Via dei Fori Imperiali etorbide luzean, Nanni Morettik troupe guztiarekin agurtuko du pasioz bizi duen zinemari eskaini dion maitasun gutuna.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Creatura"

Kritika Zinematografikoa: “Il Sol Dell´avvenire”

Euskal pantailaren gunea