Kritika Zinematografikoa: “Hit Man”

Kritika Zinematografikoa: “Hit Man” –
Kritika Zinematografikoa: "Hit Man"

Zuzendaria: Richard Linklater
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB

Kritika Zinematografikoa: "Hit Man"Antzeztera kondenatuta gaude, kontakizun hutsa-

Nor garen zehaztea, eta garen hori erakustea konfliktiboa izan daiteke. Identitatea eraikuntza soziala dela onartu dugu dagoeneko, inguruak bilakatzen gaituela ‘gu’, alegia; baina izan genitzake hamaika aurpegi, milaka bizitza. Beraz, posible al da gu geu zintzoki biluztea? Edota hurkoa benetan nor den jakitea? Ezaguna egingo zaizue dilema, azkenaldian mundu osoko zinemagileek behin eta berriz berrartu baitute beren sorkuntzetan. Denek dute erreferente bera, gaur egungo zinemazale askorentzat aspergarria, beste garai batekoa, intelektualegia den Eric Rohmer; lerrok idazten dituenarentzat, aldiz, inspiratzaile, maisu eta ezinbesteko figura.

Inork ez du hark bezain sotil bizitzaren oinarrizko premisan sakondu. Berau antzezpen hutsa dela gogoraraziz eraiki zuen bere filmografia osoa, eta pertsonak bertako interprete garelakoan, itxurakerietan dabiltzan pertsonaia herrikoiak oparitu zizkigun.

Luze jo du frantziarraren itzalak, bai zinemagintza europarrean baita anglosaxoian ere. Jarraitzaile sutsua du esaterako Richard Linklater, bere pelikula independente eta entzutetsuenetan –The Before trilogy… trilogia kasu: Before Sunrise (1995), Before Sunset (2004), Before Midnight (2013)- ohore egin izan diona. Trazu komertzialarekin bada ere, estreinatu berri duen HIT MAN-en ere hala izango da. Aldizkari batean izan zuen Gary Johnson New Orleanseko hiltzaile profesional bilatuenaren berri, eta Glen Powell aktore eta lagun minarekin batera pantaila handira ekartzeko erronkari heldu zion. Powellek berak interpretatu du filosofia irakasle eta poliziaren kolaboratzaile izan zen hura; etengabeko itxura-aldaketak jasango ditu eta pertsona(ia) berrien azalean jarriko da, zer eta, sikario izateko kontratatzen duten bezeroak harrapatu eta atxilotzeko.

Bitxia da Linklaterren ibilbidea, normaltasunez uztartu baititu ekoizpen txiki eta pertsonalagoak entretenimenduzko zein ihesbidekoekin; bere lan berriena, hain zuzen ere, bi ikuskera edo zinema ereduon artean dabil dantzat. Aski argi nabari da publiko orokorrari begira ehundutako narratiba eramangarri eta sarkorra duela filmak, genero poliziakoaren kodeak jarraituko baititu, baina zinemagile estatubatuarrak estutu egingo ditu ikus-entzuleak, bertako pertsonaia nagusiak bezala, pelikulak berak ere izan nahi duenari buruzko hausnarketa metafilmikoa dakarrelako.

Komedia korapilatsua dirudi batzuetan, noir eta thriller-en zertzeladak agerikoak dira, eta maitasun kontuetan ere sakonduko du jatorri puertorricarra duen Adria Arjona aktoreak haragitutako Maddy Masters agertuko denean: halakoetan gertatu ohi denez, maitemindu egingo dira, eta emakumea ezagutzean protokoloa hautsiko du Gary Johnsonek. Bereziki iradokitzaileak eta jostariak izango dira elkarrekin dituzten konbertsazio eta hartu-emanak, eszenan elkartuko dituenean lehertutako sinergiak zein konplizitateak goia joko baitute. Ez soilik itxurakerietan kateatuko direlako, baizik eta bataren zein bestearen keinuek, begiradek eta gorputz-mugimenduek askatutako erotismoak (hau ere kamerak propio eraikitakoa) are gehiago kondenatuko dituelako beren barrenetan piztutako eztabaida identitarioaz jabetzera.

Hiltzaileei buruzko eta film poliziakoen deseraikitze kontzeptuala da HIT MAN, beste norbait/zerbait izatearen ametsa (edo adorea?) mahai-gainean jarriko duena; baina batez ere, ezintasunaz hitz egingo digu Linklaterrek. Gainerako edota kanpo-faktoreen menpe egonik, nor garen/zer garen definitzeko eta benetan ezagutzeko erronkaz. Rohmerren (beti Rohmer) ondarea berrartuz, antzeztera behartuta gaude bizilegez, eszenan jarri ohi dugu gure bizitza uneoro, kontakizun hutsa gara.

.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Hit Man"

Kritika Zinematografikoa: “Hit Man”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude