Kritika Zinematografikoa: “Evil Does Not Exist”

Kritika Zinematografikoa: “Evil Does Not Exist” –
Kritika Zinematografikoa: "Evil Does Not Exist"

Zuzendaria: Ryûsuke Hamaguchi
Urtea: 2023
Herrialdea: Japonia

Kritika Zinematografikoa: "Evil Does Not Exist"-Zaindu dezagun natura, zaindu gaitezen gu-

Lehendik datorkigun gaitza bada ere, badirudi Covid birusaren pandemiak larriagotu egin digula bidaiatzeko, esperientzia berriak bizitzeko beharrizana. Bulkadaka funtzionatu ohi du gizakiak, eta kontrolatzen zailak badira ere, neurriak garaiz hartu ezean hondamendia dugu zain. Turismoaren gorakada mundu osoko hiri eta paraje ederrenak masifikatzen ari da, eta horiek hasi dira berezko identitatea eta xarma galtzen. Agintari eta enpresarien diru-goseak akabatu ditu, bertako biztanleei entzungor eginez ezarritako politikak, eraikitako hotelak eta arduragabetasun lotsagabea direla medio.

Venezia, Paris, Bartzelona, Donostia… gertuko adibideak ditugu, beraz, ondoriook ezagutzen ditugunoi ez zaigu gehiegi kostatuko Ryûsuke Hamaguchiren lan berrieneko protagonistekin identifikatzea: Tokiotik gertu dagoen herrixka bateko bizilagunek -Takumi eta bere alaba Hana horien artean- euren lurretan glamping bat (kanpin xarmagarri bat) jarri nahi dutela jakingo dute, eta enpresako ordezkariekin batzartuko dira horien argibideak entzun eta dituzten kezka zein zalantzak argitzeko. Baso, laku eta animalia basatiz inguratutako eremu garbia izanik, ekosistemaren oreka kolokan dago.

Naturaren aldeko aldarri gizatiar eta bakezalea dakar zuzendari japoniarraren EVIL DOES NOT EXIST filmak, hain zuzen ere, naturaren erritmoei, soinuei eta aldizkakotasunari men egiten diena, sarri gizakionekin bat ez datozenak. Zuhaitzak zeru eternalean nola galtzen diren erakutsiz murgilduko gaitu Hamaguchik pelikulan; kamerak aurrera egingo du, travelling luze eta pausatuak gidatuta, eta Eiko Ishibashi musika konposatzailearen harizko orkestraren doinuek lagunduta lortuko dugu ingurune (oraindik) kutsatu gabearekin konektatzea. Zinemagileak behin eta berriz baliatuko duen trantsizioa da, ikus-entzulearen atxikimendua eskuratu nahian.

Ekonomiaz errodatutako pasarteok ehunduko dute filma, inolako nabarmenkeria estetiko zein narratiborik gabe.  Gainera, landa-eremuaren eta hiriaren arteko konfliktoak ez du kutsu biolentorik, eta hitzaren izaera arrazionalari egingo zaio gorazarre. Elkarrizketa orori, eta batez ere, herrixkako bizilagunek glamping enpresako arduradunekin duten bilerari etekina ezin hobeto atera dio japoniarrak, EVIL DOES NOT EXIST-ek proposatuko duen joan-etorriko bidaia moralaren inflexio-puntua izaki.

Pertsonon arteko komunikazioaz, harremanez eta existentziaz hausnartzen maisua da Hamaguchi, eta halaxe erakutsi du aurretik zuzendu dituen Passion (2008), Happy Hour (2015) eta Asako I & II (2018) filmetan. Zer esanik ez hiru mugimenduk osatutako sinfonia den Guzen to sozo (2021) eta Cannesen zein Oscarretan saritua izan zen Drive My Car (2021) harribitxietan. Bere azken lana, mezu naturazale indartsua duen EVIL DOES NOT EXIST, non eta Venezian aurkeztu du, Epaimahaiaren Sari Nagusia lortuz (Donostia Zinemaldiko Perlak sailean ere lehiatu zen, eta Lurra-Greenpeace saria eman zioten). Gizakion handinahia izan du bertan hizketagai, bakarra dugun mundu honetan irauteko asmoa badugu errespetuz jokatu eta galbidean dauden ingurunea, paisaiak, herri eta hiriak zein bertako jendea zaindu ditzagun ohartaraziz. Bestela, gureak egin du.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Evil Does Not Exist"

Kritika Zinematografikoa: “Evil Does Not Exist”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude