Kritika Zinematografikoa: “Emilia Perez”
Kritika Zinematografikoa: “Emilia Perez” –
Zuzendaria: Jacques Audiard
Urtea: 2024
Herrialdea: Frantzia
-Indarkeriari iskin egitearen ilusio faltsua-
Mexikon urte luzez aritu zen Luis Buñuel aragoiarrak herrialdea pairatzen ari zen pobrezia, utzikeria eta miseria erakutsi zituen bere filmografia emankorreko gailurretako bat den Los olvidados (1950) drama sozialean. Kale gorrian etorkizunik gabe bizirauten ari diren haurren ikuspuntutik errodatuta, ihesbide fantastikoz ardaztutako obra oparitu zigun, zorrotza bezain gordina. Bada, mende erdi baino gehiago igaro da, eta Mexiko guztion ahotan dago berriz ere.
Bai, hor daude Alejandro González Iñarrituren 21 Gramos (2003) edota Alfonso Cuarón Roma (2018) lan entzutetsuak, besteak beste. Baina urruntasun kulturalak ahalbidetu dion hoztasunetik heldu dio Jacques Audiard zuzendari frantziarrak bertako gizartea erretratatzeko erronkari, zer eta, horren beroa duen estilo zinematografikoa bidelagun. Un prophète (2009) maisulanaren bizitasuna eta Les Olympiades, Paris 13e (2021) sentiberaren umiltasuna uztartuz, EMILIA PÉREZ musikal elektrikoa ekarri digu, Cannesko Nazioarteko Zinemaldian -Epaimahaiaren Sari Berezia, Emakumezko Aktore Onena- eta EFA Europar Zinemaren Sarietan -Film Europar Onena, Zuzendari Onena, Gidoi Onena, Emakumezko Aktore Onena- arrakastatsu izan dena.
Bere identitatea pitzatuta eta zaurituta duen herrialdearen erradiografia mingarria ondu du Audiardek. Mexikok ezin dio indarkeriari iskin egin, eta bortizkeria dute bizilagunek patu. Droga-kartelen menpe dago agintaritza sozio-politikoa, eta bizitzan aurrera egin nahi duenak eskuak odolez zikindu beharko ditu, nahi eta nahi ez. Testuinguru honetan, bufete handi bateko abokatua den Rita (Zoe Saldaña) aurkeztuko digu lehenik zinemagileak, gutxietsita dagoena, eta bere jardunbideak eztabaida moralak eragiten dizkiona. Manitas izeneko mafioso boteretsu baten deia jasoko du, dagoeneko emakume bilakatzeko prozesua abian duena eta berau osatu nahi duena, negozio zikinetatik erretiratu eta birjaiotzeko.
Bada, trans kolektiboari ikusgarritasuna emateko balio badio ere, Audiardek Mexiko beraren metafora eta sinbolo gisa erabiliko du Manitas/Emilia Pérezen figura. Karla Sofía Gascon laudatuak interpretatuta, erredentzio istorio tragiko honetako protagonistak askatasunaren ilusio faltsuari jarriko dio arima. Maitasuna bilatu bai, baina azkenerako hondoa jotzera kondenatuta dagoen gizartearen biktima da.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Emilia Perez”