Kritika Zinematografikoa: “Complètement Cramé”
Kritika Zinematografikoa: “Complètement Cramé” –
Zuzendaria: Gilles Legardinier
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
-Blake jauna, zure zerbitzura-
Gilles Legardinier zuzendariaren beraren izen bereko eleberri arrakastatsuan oinarritutako filma da, eta John Malkovich aktore karismatikoa du protagonista. A priori, pista guztiek proposamen interesgarri baten aurrean gaudela pentsarazten digute; edo, sikiera, aukera berri bat dela Malkovich pertsonaia zorrotz, hautsi eta ilunekin lotzen jarraitzen dugunontzat. Izan, badituelako bestelakoak; bere ibilbide luzean era guztietako rolak jorratu baititu estatubatuarrak, are, azkenaldian inoizko adeitsuenak ere.
Hain zuzen ere, beste ezeren gainetik pertsona adeitsu eta atsegina da Andrew Blake filmeko protagonista. Negozio-gizon arrakastatsua, nekatzen hasia da bere tokia eskaintzen ez dion munduarekin. Egunerokoa atzean uztea eskatzen dion bulkada bati jarraituta, Frantziara ihes egingo du, bere emaztea ezagutu zuen château ederrera. Etxaldera iristen denean, ordea, etxezainarekin nahastuko dute, eta hark, zergatik ez, postua bere gain hartzea erabakiko du.
Eta testuingurua aldatzearekin batera, bizitza aldatuko da ere. Horrela, kutsu triste nabaria duen hasiera hori, non bakardadea eta emaztea hil ondoko abaildura nagusi diren, aldarte itxaropentsua duen errelato soil baina, era berean, eder batean bilakatuko da. Umoreari eutsita, amesten dugun “bizitza eder hori” denon eskura dagoela gogoraraziko digu filmak. Posible da, ihes egiten digula uste dugun arren, gure bizitzako uneren batean iritsiko da; akaso, norabidea aldatzea erabakitzen dugunean.
Zuzendari gisa egin duen lehen lana izan arren, Gilles Legardinierrek trebetasun handiz darabil bere argumentua. Kontatu nahi duena ez ezik, badaki ere nola kontatu nahi duen. Eta aise lortu du. Proposamen interesgarri baten aurrean egon gintezkeela aipatu dut arestian, eta horixe, besterik ez.
Complètement Cramé ez da inondik inora film handi bat, eta hori da, hain zuzen ere, komedia zoroa, eztabaida soziala edo aurrez ikus daitekeen erromantze bat bilatzen duen orok lepora diezaioken bekatua. Abuztu arratsalde baterako denbora-pasa baino ezer gutxi gehiago eskainiko digun feel-good movie balekoa da, eta kitto. Beno, gehiago behar baduzu, hunkigarria ere bai.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Complètement Cramé”