Kritika Zinematografikoa: “Bâtiment 5”
Kritika Zinematografikoa: “Bâtiment 5” –
Zuzendaria: Ladj Ly
Urtea: 2023
Herrialdea: Frantzia
-Politikarien ikuspegi erromantikoa; herritarren patu etsia-
Ezagun da Billy Wilderrek nola aurkeztu zigun The Apartment (1960) filmeko protagonista. New York hiria zerutik erakutsi zigun, pixkanaka-pixkanaka bertako eraikin batek atentzioa eman eta idazmakinetan burua sartuta duten bulegarien artean bat bakarra bereizi arte: Jack Lemmonek interpretatutako C. C. Baxter langile goibel eta alienatua da bera, gerora jakingo dugun bezala, enpresako nagusietako bati bere etxe propioko giltzak utziko dizkiona maitalearekin lasai asko gaua pasa dezan.
Lehen instantzian Hollywoodeko komedien erregearen maisulanarekin ageriko loturarik ez badu ere, Ladj Ly frantziarraren lan berriena modu bertsuan hasiko da: hiriaren plano zabalak apartamendu-bloke erraldoi batean aurkituko du interes-puntua, eta irudia ixten joan ahala, leihoetako batean azalduko zaigu Haby (Anta Diaw), jatorri afrikarreko emakume gaztea. Kasu honetan baina, ez dio karitatez bere bizilekua inori eskainiko; berau uztera behartuko dute agintariek.
Frantziako asanblearako bozak ospatzen ari diren bitartean iritsi da BÂTIMENT 5 filma zinema aretoetara, eta Europan bezala, eskuin muturraren -eta politika arrazista, faxista eta neoliberalen- gorakada mehatxu izatetik errealitate izatera pasatu den honetan, aldarrikapen sozialez peto etorri zaigu berriz Ly. Les Misérables (2019) opera prima arrakastatsu eta entzutetsuaren tonua berrartuz, herrialdeko balore historikoei egindako kritika zorrotza dakarkigu, aniztasun kulturalaz harro omen dagoen eta urte luzez askatasunaren sinbolotzat izan duten estatuaren kontraesanak azaleraziz: Montvillers fikziozko hiriko alkatea bat-batean hil egingo da, eta Pierre mediku idealista gaztea (Alexis Manenti) hautatuko dute hura ordezkatzeko. Langile-klaseko auzune bat birgaitu nahiko du, horretarako, bertako bizilagunak kanporatuz. Emazteak ohartaraziko dionez, “hiriaren ikuspegi erromantikoa” dauka, sekula hurbildu ere ez baita egin etorkinez betetako zonalde horretara.
Kalea izan du zinemagileak zinema-plato, izan ere, bere lehen film luzean bezala, bizitoki duen Clichy-Montfermeil barruti paristarrean errodatu du. Maliko etorkinak izandakoen semea izaki, bere azalean sufritu ditu kontatutakoak Lyk, eta Les Misérables-en bezala, periferiako auzokideak izan ditu aktore. Horiei eman die oraingoan ere ahotsa, baztertuak, marjinatuak, izorratuak eta ahaztuak izan diren bigarren mailako herritarrei hain zuzen ere, eta bere zinemaren erreferentzia zuzena den La Haine (Mathieu Kassovitz, 1995) lana beste behin omenduz, hauek “le monde est à nous” oihukatuko dute isilpean. Bizilagunena da auzoa, eta beldurrik ez dute izango, behar izanez gero, bertako etorkizuna unilateralki erabaki nahi dutenei su emateko.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Bâtiment 5”