Kritika Zinematografikoa: “Anora”
Kritika Zinematografikoa: “Anora” –
Zuzendaria: Sean Baker
Urtea: 2024
Herrialdea: AEB
Tangerine (2015) lanarekin egin zen Sean Baker nazioartean ezagun, eta ostean etorri dira pastel koloreko estetikaz blaitutako The Florida Project (2017) eta Red Rocket (2021) arrakastatsuak. Horietan, zuzendariaren lehen film ez horren entzutetsuenetan bezala –Startet (2012), kasu-, giza gorputzaren erabilera sexuala diruarekin (ekonomiarekin) erabat harremandu du, modu transbertsalean bere filmografia osoa harilkatu duen motibo narratiboa izanik. Bada, Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabaztetik datorren ANORAk Brooklyngo emakumezko sexu-langile baten istorioa kontatuko digu baita.
Familia errusiar aberats eta oligarka bateko semea den Ivan (Vanya, senideentzat) ezagutu eta hark etxera gonbidatuko duenean, zur eta lur geratuko da Anora protagonista. Atarian zutik geldi, dantzaleku ilun eta bizimodu itogarritik askatuko duen mutikoarekin erreinu maitagarrian barneratzear dela ezin sinistuta dago. Leiho handi, espazio zabal eta argitsua duen jauregia, baina, ez da dirudien bezain idiliko eta perfektua. Bakerrek hasiera-hasieratik ohartaraziko gaitu txanpon orok bezala, pertsonok, jendarteak, itxurek badutela aurpegi ezkutu bat. Hain zuzen ere, erreplika itzuliko dion beirate erraldoi eta beldurgarri baten aurrean kokatuko du zinemagile estatubatuarrak striperra aipatutako pasarte mugarrian, eta orduantxe hasiko da bera propio Ani izendura ere aldarrikatzen.
Utopikoa den amets amerikarrari buruzko begirada propioa du Bakerrek, haren filmetan bada gizatasunaren aldeko apustu sendo bat. Argi du zein den kontatu nahi duen istorioa, eta noren aldamenean egon nahi duen. Mikey Madison aktorearen gorputza sexualizatu eta objektualizatu ordez, gizarte maskulino, sexista, diruzale eta ustelari aurre egitean kikiltzen ez den emakumearen ausardian jarriko du azpimarra. Mundu krudel eta garratz honetan bizirauteko beharrak bultzatu du Anora/Ani bizimodu ‘ez eredugarria’ eramatera, baina zinemagilearen begiradak oraindik ere esperantzarik badagoela gogoraraziko digu.
Ivan/Vanyarekin ezkontzean, honen gurasoak gertatutakoaz jabetu eta harremana eten nahiko dute. Aitaren morroiak etxera joango zaizkionean alde egingo du, koldar, eta emakumea haiekin geldituko da etxean; aurre egingo die, fisikoki zein dialektikoki. Badirudi filma ihes egindako mutikoaren bilaketa-prozesuan murgilduko dela, baina aitzakia hutsa izango da Bakerrentzat bere apustu sentibera eta baikorrean sakontzeko. Konplizitate istorio isil bat kozinatuko da su-geldoan, begirada eta keinu umilek piztutakoa; ez Ivan/Vanyarekin, noski.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Anora”